euskaraespañol

Gipuzkoako Ingurumen diputatuak Eibarreko instalazioak bisitatu ditu

Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradua ezagutzera joan da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/11

Gipuzkoako Ingurumen diputatua Eibarreko instalazioetan. Argazkia: GFA
Gipuzkoako Ingurumen diputatua Eibarreko instalazioetan. Argazkia: GFA

José Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua, Mónica Pedreira Ingurumen zuzendariarekin, Jon Iraola Eibarko alkatearekin eta Xabier Ostolaza Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariarekin batera, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko atalera joan da Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradua ezagutzera. Instalazioak bisitatu dituzte Patxi Alkorta, eskolako koordinatzaile izendatu berriarekin, eta Oihana Aristondo, orain arte koordinatzaile izan denarekin batera.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko atalean Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradua eskaintzen da. Gradu honetan industria ingeniaritzaren oinarrizko ezagutzaz gain energia berriztagarrien teknologia espezifikoei buruzko ezagutza sendoak eskuratzen dituzte ikasleak. Horretarako, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko atalak hainbat laborategi espezializatu ditu non ikasleek ezagutza desberdinak jasotzeko eta praktikara eraman litzatekeen. Hauetako batzuk, hidraulikoa, eolikoa (lurrekoa eta itsasokoa), eguzkikoa (fotovoltaikoa, termikoa, termoelektrikoa), geotermikoa, itsasokoa, bioenergia, ibilgailu elektrikoak, etab dira. Horrez gainera, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko neurriak irakasten dira, baita haien aplikazioak ere garraioan, eraikuntzan eta, oro har, industrian.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak gogorarazi duenez, “trantsizio energetikoa da Gipuzkoak gizarte gisa duen erronketako bat, bai Klima Aldaketari aurre egiteko, bai Gipuzkoako 60.000 etxe baino gehiagori eragiten dien kalteberatasun energetikoari aurre egiteko”. Gainera, gaineratu du energia berriztagarrietan oinarritutako eta erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea ardatz dituen energia-eredu baterako trantsizioa dela ekonomia deskarbonizatu bat lortzeko giltzarria.

Ingurumen Departamentua Gipuzkoa 2050 Energia Jasangarritasunerako Estrategiaren inguruan lanean dabil. Estrategia hori aurten foru dekretu gisa onartuko da, eta helburu hauek ditu: 2030ean berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa %40 murriztea; energia fosilak ordezkatzea, energia berriztagarrien kuota %80koa izan dadin, eta Gipuzkoako autokonsumo-kuota pixkanaka handitzea. Foru diputatuak gogorarazi du testuinguru horretan Administrazioaren rola  funtsezkoa izan behar duela, lurraldeko eragileei pizgarriak, lankidetza eta laguntza emanez, bai udalei, enpresei, unibertsitateei, ikerketa-zentroei eta herritarrei, energia-trantsizioa bizkortzeko eta energia-eredu berri bat eraikitzeko.

Ekonomia Zirkularreko Ikasgela

José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak azpimarratu duenez, “goi-mailako hezkuntza oso garrantzitsua da energia-sistema eraldatzeko. Orain prestatzen ari diren ikasleek, biharko egunean, gizartean eragina izango duten erabakiak hartuko dituzte, eta energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien kontzeptuak beren prestakuntzan sartuko dituzte. Hori ezinbestekoa da praktika horiek beren etorkizuneko profesionaletan bultzatu ahal izateko”. Gainera, formakuntzaren balioa nabarmendu nahi izan du, eta Ekonomiaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko proiektuetan kontuan hartu beharreko funtsezko elementuetako bat dela nabarmendu du, Gobernuak Next Generation-en bidez Europako funtsak erakarri nahi dituen eta ekonomia suspertzeko den plana.

Bestalde, Ingurumen Departamentuak urteak daramatza Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolarekin lankidetzan, batez ere Ekonomia Zirkularraren esparruan. Alde batetik, Eskolan Ekonomia Zirkularreko Ikasgela bat bultzatu da ikasleak zirkularitate- eta birziklatze-irizpideen kontzeptuetan prestatzeko, eta bestetik, eta lankidetza-hitzarmenen birtez, mikroplastikoekin lotutako proiektuak kuantifikatzeko, ikertzeko eta garatzeko proiektuetan ere lankidetzan gabiltza.