euskaraespañol

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak Rikardo Arregi saria jaso du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/26

Irudia
Ezkerretik eskuinera, Jose Mari Iriondo, Nekane Balluerka errektorea eta Simón Peña, fakultateko dekanoa (Nagore Iraola. UPV/EHU)

Hogeita hamargarren urtebetetzea ospatuz eman dira ezagutzera, eta banatu, 2018ko Rikardo Arregi Kazetaritza sariak, ’30 urte – 10 mugarri’ lelopean. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak saria jaso du, “azken bost hamarkadetan euskarazko kazetaritzan mugarri izateagatik”. Epaimahaiak arrazoi ugariren artean ageri dira honakoak: “euskal kazetari profesionalik gabe ez legoke euskarazko kazetaritza modernorik. Euskarazko kazetaritza unibertsitatean sartu zuen, eta geroztik globalizazioaren erronkei eta euskal gizartearen komunikazio beharrei erantzuteko gai diren profesionalak prestatzen jarraitzen du”.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerkak saria jasotzerakoan adierazi du: “gaur egungo Euskal Herria gizarte irekia dela esan dezakegu, eta errealitate horrek, hein batean bederen, zerikusia du UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin, izan ere, 40 urte luze hauetan ehunka kazetari trebatu ditu, hedabideetan, prentsa kabineteetan, publizitate agentzietan, argitaletxeetan… lanean aritu direnak eta dihardutenak, eta horietako askok euskara dute lan hizkuntza. Gure Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateaz arro gaude, bere ekarpena ezinbestekoa izan delako eta delako euskal kazetaritzaren munduan”.

Simon Peña, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoak aldiz, eskertu egin du fakultatearen historian zehar euskarazko ikasketak bultzatu zituzten irakasle eta ikasleen ekimena. “Sari honek ibilbide luze bati begirada bat emateko aukera ematen digu, eta hor ikusten ditugu hasiera batean bolondreski, eta gerora euskarazko taldetan euskal kazetaritzaren belaunaldi oso bat trebatu duten irakasle eta lankideak”. Halaber, azpimarratu du fakultatearentzat oso pozgarria dela ere aurreko deialdietan saritu diren ikasle ohi guztiekin bat egitea.

Andoainen, Bastero Kulturgunean izan da sariak emateko ekitaldia gaur, ilunabarrean, eta UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin batera saria jaso dute honako erakundeak: Anaitasuna, Zeruko Argiatik ARGIAra, Ttipi-Ttapa, EITB, Elhuyar aldizkaria, Euskaldunon Egunkaria, Euskal Irratiak de Iparraldeko federazioa, Eibar.org eta Goiena.

Rikarko Arregi Kazetaritza Saria Andoaingo Udalak sortu zuen duela hogeita hamar urte, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Sari dekano honen helburua da euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea.