euskaraespañol

ZUZENBIDE KONPARATUAREN ARLOKO IKERTZAILEA ETA EKIALDE ERTAINEKO NAZIOARTEKO IKASKETA-KONTSEILUAREN (ICMES) ZUZENDARITZA-BATZORDEKO KIDEA DA WASHINGTON DC-N

Gloria Morán: «Neoebanjelikoak AEBko politikan sartzeko Troiako zaldia izan zen Trump»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/16

Irudia
Gloria Morán. Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

Gloria Morán Espainiako Eliza Zuzenbideko katedraduna izan da A Coruñako Unibertsitatean, eta Erromako Unibertsitate Pontifikal Gregorianoak Zuzenbide Kanonikoa ikasteko onartu zuen lehen emakumea izan zen (1980). Gaur egun, Washington DCn bizi da, eta Estatu Batuetako erlijioaren manipulazio politikoaren inguruko ikerlanetan ari da han.

Astelehenean, mintegi bat eman zuen UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatean, AEBn estatuaren eta erlijioen arteko bereizketaren gainbeherari eta neoebanjelismoa AEBko egitura instituzionaletan sartzeari buruzkoa: ‘El declive de la separación Estado/Confesiones en Estados Unidos. La penetración del neo-evangelismo en las estructuras institucionales de Estados Unidos’. Moránek ohartarazi zuen neoebanjelismoa gero eta pisu handiagoa ari dela hartzen Alderdi Errepublikanoaren politika kontserbadore estatubatuarrean.

AEBko herritarren laurdena inguru osatzen dute ebanjelikoek, ebanjelioaren irakurketa zorrotza egitea gomendatzen duen protestantismoaren adar bat. 2016ko AEBko hauteskundeetan, hein batean, haiei esker lortu zuen Donald Trumpek presidentetza?

Bi une historiko oso desberdin hartu behar dira kontuan Estatu Batuetako ebanjelismoaren historian. Alde batetik, ebanjelismoa XIX. mendean sustraitu zen ebanjelismo ingelesaren eraginetik, eta haren ezaugarri nagusia proselitismo masiboa izan zen —zeinari Estatu Batuetako ernatze espiritual handiak esaten baitzaio—, eta XX. mendera arteko gizarte-justiziaren aldeko borroka eragin zuen batik bat: lehenik, esklabotzaren mugimendu abolizionista izan zen, eta, gero, Martin Luther King artzain bataiatzailea buru izan zuen mugimendu antisegregazionista.

«1970eko hamarkadatik aurrera, kontserbadurismoaren alde eta moral kristau tradizionalaren alde egin zuen ebanjelismoak»

Dena aldatu zen 70eko eta 80ko hamarkadetatik aurrera: hippy mugimenduaren garaia izan zen hura, sexua, drogak eta rock-and-rolla esloganen garaia; eta 1973an, Roe v. Wade-ren kasuaren ondoren, abortuaren legezko onarpena etorri zen.  Orduan jo zuen ebanjelismoak kontserbadurismoa defendatzera eta moral kristau tradizionala defendatzera, zeina Gehiengo Moralean biltzen baita. Une hartatik aurrera, born-again izenekoen neoebanjelismoa (berpizkundea) garatu zen, eta hasierako buruzagi nagusia Billy Graham izan zen, gurutzada kristau izenekoak eragin zituena. Garai hartan, gainera, telepredikatzaileek jendea erakartzen zuten, eta eliza erraldoietan milaka fededun biltzen ziren. Predikatzaileek bi nozio teologiko defendatzen zituzten: oparotasunaren teologia (Jainkoak fedea duenari ematen dion ondasuna da aberastasuna) eta end of times delakoaren teologia, zeinetan ebanjelismo sionista errotzen baita (sinesmen honetan oinarritzen da: Mesiasen bigarren etorrera juduak Lurralde Santura itzuli ondoren gertatuko da). Horregatik, Israelgo Estatuaren aldekoak dira, eta Estatu horren sorrera eragin zuen ideologia sionistaren alde daude. Zalantzarik gabe, neoebanjeliko horiek oso fakzio indartsua dira Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoan (ingelesez: The Grand Old Party, GOP), eta Donald Trumpen boto-emaileen zati handi bat osatzen dute.

«Israelgo Estatuaren aldekoak dira, eta Estatu horren sorrera eragin zuen ideologia sionistaren alde daude»

Laburbilduz, neoebanjeliko estatubatuar berri horiek, alde batetik, kristauen kontserbadurismo morala defendatzen dute, eta “nazio kristaua gara” leloa darabilte; eta, bestetik, Israelgo Estatuaren alde egiten dute baldintzarik gabe. Haien ustez, Estatu Batuen kanpo-politikak derrigor defendatu behar ditu Israelgo Estatuaren interesak.

2016an, Trumpek ikusi zuen politikan jokatzeko abagune paregabea zela neoebanjelismoa.

Hain zuzen, ebanjelismo kontserbadore hori guztia bildu zuen, abortua, homosexualen arteko ezkontza eta abar arautzen dituen eredu liberalaren aurka dagoena, eta, horretarako, agenda politiko ultrakontserbadore zehatza prestatu zuten. Neoebanjelikoak AEBko politikan sartzeko Troiako zaldia izan zen Trump.

Gaur egun, presidentetzarako 2020ko hauteskundeetan Trumpek porrot egin ondoren, boterea eta eragina galdu dute neoebanjelikoek?

Ez dut uste, indar handia baitute Alderdi Errepublikanoan eta, bereziki, AEBko Kongresuan eta Senatuan. Era berean, kontserbadurismoak gehiengoa du gaur egungo Auzitegi Gorenean. Auzitegi horretako epaileak oso kontserbadoreak dira, eta errealismo juridiko finkatuaren interpretazioen ordezkoei eusten diete, Antonin Scalia magistratuak landutako tesiaren bidez (originalismoa deritzo). Hau da, haientzat Estatu Batuetako Konstituzioa ez da gauza bizi bat, gizartearekin eboluzionatzen duen zerbait, baizik eta Konstituzioaren sortzaileen ikuspegitik interpretatzen dute, “zein zen fundatzaile haien jatorrizko asmoa” galdetzen dute. Fundatzaile haien erlijio-ezagutza kristau protestantea zen egiazki. Interpretazio alternatibo horrek Estatu Batuetako bizitza sozial, politiko eta juridikoaren elementu oso garrantzitsuak alda ditzake.

«Kapitolioari egindako erasoa ezin da ulertu Estatu Batuetako gizartean gertatzen ari diren aldaketak kontuan izan gabe»

Erlijio-adierazpen horiek harro erakusten dute diskurtso kontserbadore eta ultraeskuindarra, joera autoritariokoa. Eta feminismoa, LGTBI mugimendua eta beste mugimendu batzuen alternatiba antagoniko gisa kokatzen dira... Demokraziarako edo gizarte irekietarako mehatxu gisa har daitezke?

Ohartarazpen bat da. Joan den urtarrilaren 6an Estatu Batuetako Kapitolioari egindako erasoa, Donald Trumpen (orduan Estatu Batuetako jarduneko presidentea zenaren) jarraitzaileak Kongresuaren egoitzan oldarka sartu zireneko erasoa, ezin da ulertu Estatu Batuetako gizartean gertatzen ari diren aldaketak kontuan hartu gabe. Orduan ikusi zen bezalaxe, oso kontserbadore direnak erradikalizatzen ari dira.

Estatu Batuetatik kanpo, mugimendu neoebanjeliko hori garrantzitsua da beste herrialderen batean?

Haren eragina handitu egin da lehengo sobietar eremuko herrialdeetan; orduan, estatu ateoak ziren, eta gaur egun proselitismo izugarria jasaten dute. Hala, adibidez, neoebanjelikoek eragin handi samarra dute Errusiako duman.

Eta Latinoamerikan?

Hor bada beste elementu gehigarri bat: 70eko hamarkadan, indartsu errotu zen pentekostalismoa, eta haren postulatu teologikoak desberdinak dira.

«Espainiako katolizismoaren indarrak ez du zerikusirik AEBko neoebanjelikoen indarrarekin»

Espainian VOX alderdia dago, eta agendan neoebanjelikoen antzeko gaiak daramatza.

Ez ditu Estatu Batuetan dituen konnotazioak; oso herrialde desberdinak dira. Oso gizarte sekularizatua du Espainiak. Hemen pentsaezina da Kongresuan kristautasun neoebanjelikoko ikastaroak egiteko aukera, Estatu Batuetan gertatzen den bezala. Ez, ezta? Espainiako katolizismoaren indarrak ez du zerikusirik AEBko neoebanjelikoen indarrarekin

Gaiz aldatuz, sarritan gonbidatu zaituzte Vatikanora Joan Paulo II.a, Benedikto XVI.a eta Frantzisko aita santuekin bilerak egitera eta audientzietara. Konta badaiteke, zer gai landu dituzu haiekin?

Legelari kanonista gisa, aholkularitza informala egin dut, eta Vatikanoko zenbait bilera eta sinposiotan parte hartu dut. Pederastia landu izan dugu, besteak beste; eta pederastiak AEBko legerian dituen ondorio juridikoak. Adibidez: Estatu Batuetan elizak beren fededunen dohaintzen bidez finantzatzen dira soilik; han, estatuak ez ditu zeharka finantzatzen, hemen gertatzen den bezala (zergadunak, bere borondatez, Eliza Katolikoari errenta-aitorpenean eslei diezaiokeen portzentaje finkoarekin, adibidez). Horregatik ebaluatu dugu ea fededun katolikoen dohaintzak erabil daitezkeen pederastiagatik prozesatutako apaizen defentsa ordaintzeko eta biktimei kalte-ordainak ordaintzeko. Zenbateraino bideratu daitezke haien dohaintzak gastu horiei aurre egiteko?

 

Morán irakaslearen ikerketa-artikulu asko ikus daitezke hemen:

https://www.researchgate.net/profile/Gloria_Moran/amp