euskaraespañol

Gaurko irudia

UPV/EHUko Gobernu Kontseilua 2020ko kontuen alde agertu da

Unibertsitateak, bestalde, berritu egin ditu irakaskuntza birtualerako zailtasunak dituzten ikasleentzako laguntzak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/20

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, gaur, Bizkaia Aretoan, egindako bileran, 2020ko ekitaldiko kontuen aldeko iritzia eman du, eta kontuak Gizarte Kontseiluari aurkeztuko dizkio, onar ditzan. Euskal unibertsitate publikoaren 2020ko aurrekontua 428,22 milioi eurokoa izan zen. Gaur aurkeztutako kontuetan, ekitaldia 3,415 milioi euroko defizitarekin amaitu dela ikusi da, hau da, ekitaldi horretarako onartu zen aurrekontuaren % 0,8.  Unibertsitateko iturrien arabera, defizit hori COVID-19 koronabirusak diru sarreretan izan duen eragin handiagatik izan da; izan ere, 16 milioi euro murriztu dira. 

Likidatutako gastuak 440,6 milioi euro dira (azken defizita % 0,8ra murriztu izana erabilitako soberakinen eta aparteko ekarpenen ondorio izan da). Unibertsitateak eskerrak eman dizkie unibertsitateko kideei 2020ko ekitaldian egindako ahaleginagatik, austeritate eta efizientzia politikak aplikatu behar izan baitira gastuetan egungo osasun eta ekonomia egoerak eraginda.

2020ko ekitaldiko likidazioaren aurkezpen horri dagokionez, Juan José Unzilla Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko errektoreordeak honako hau adierazi du: "% 0,8ko defizit honek badu azalpenik; izan ere, jasaten ari garen salbuespen egoeraren ondorioz, unibertsitateak kanpo zerbitzu gutxiago ematen ditu –jarduera, oro har, murriztu egin da–, eta tasen bidez eskuratutako diru sarrerak ere murriztu egin dira, ikasle kopurua handi samarra izan den arren, kreditu gutxiago matrikulatu baitira.  Bestalde, UPV/EHUk irakaskuntza presentzialaren aldeko apustuari eutsi dio, eta, beraz, osasun segurtasuna oinarri, hedapen zabala egin behar izan dugu irakaskuntza birtualaren arloan: plataforma telematikoak sustatu edo taldeak bikoiztu egin behar izan ditugu. Horrek ahalegin ekonomiko handia eragin zuen, bai eta giza baliabideena ere.  Horrela, bada, eskerrak eman behar dizkiogu, alde batetik, Eusko Jaurlaritzari, egin dugun inbertsio teknologikoari aurre egiteko eman digun finantza laguntzagatik, eta, bestetik, bereziki, unibertsitateko kideei –irakasle eta ikertzaileei, administrazio eta zerbitzuetako langileei eta ikasleei–, aurreko ekitaldian irakaskuntza kalitate estandarrei eutsiz eman ahal izateko egin duten lan handiagatik. "

Ikasleentzako laguntzak, irakaskuntzaren jarraipen telematikoa egiteko

Bestalde, irakaskuntzaren jarraipen telematikoa egin ahal izateko, UPV/EHUk ikasleei laguntzak emateko deialdia egingo du datorren ikasturterako.  Aurreko ikasturtean gertatu zen bezala, eta irizpide nagusia presentzialtasuna bada ere, euskal unibertsitate publikoak nabarmen handitu du bere jarduera ez-presentziala COVID-19aren pandemiak eraginda. Unibertsitateak laguntza horiek sortu ditu graduko edo graduondoko ikasketetan matrikulatutako ikasle bakar batek ere ez ditzan murriztuta ikusi ikasteko aukerak bat-batean sortutako arrazoi ekonomikoengatik.

Laguntza horien bidez, hain zuzen ere, ikasleei maileguan uzten zaizkie ordenagailu eramangarriak edo Interneterako konexiorako USB gailuak. Laguntzak indarrean egongo dira COVID-19aren pandemiak irauten duen bitartean; erantzukizun adierazpena onartzea eskatuko zaie ikasleei, eta deialdiaren oinarriak bete ezean, zigorra ezarriko zaie.

Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren errektoreordearen iritziz, "Zorionez, gure ikasleen artean ez dira asko laguntza osagarri hori behar dutenak, baina oso esanguratsua iruditzen zait, Euskal Herriko Unibertsitatearen irakaskuntza gidatzen duten printzipioen ondorio argia delako: inork ez du zailtasunik izan behar, arrazoi ekonomikoengatik, goi-mailako ikasketak egiteko, edo, ikasketa horiek jada hasi badituzte, ikasten jarraitzeko kanpotik datozen arrazoiengatik, adibidez, pandemiagatik, baldintzatuta egon gabe. Irakaskuntza bitarteko birtualen bidez betetzeko zailtasunak dituzten ikasleek unibertsitatearen laguntza izango dute beti. Horregatik, orain berrituko dugun deialdi hau 2021/2022 ikasturte osoan eta gaur egungo osasun krisiak dirauen bitartean egongo da zabalik”.