euskaraespañol

Eguneko irudia

Goranzko bilakaera doktorego-tesien defentsan

UPV/EHU Espainiako lehenengo sei unibertsitateen artean dago sailkapen horretan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/18

Otsailaren 17an ospatu zen 2019 eta 2020ko doktore berriak izendatzeko ekitaldia. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak doktore berrien inbestidura egingo du bihar, Elena Larrauri irakaslea Honoris Causa doktore izendatzeko inbestidura ekitaldi solemnean. Joan den ikasturtean 462 tesi defendatu ziren UPV/EHUn, eta kopurua handitzen ari da urtez urte. Campusak horietako birekin hitz egin du bere esperientzia konta diezaguten.

Euskal Herriko Unibertsitateko Doktorego Eskolak 66 doktorego programa ditu, jakintza adar guztiak bilduta, eta aspalditik 4.000 doktoregai inguru matrikulatzen dira urtero horietan. Ikasle gehien biltzen dituen jakintza adarra Gizarte eta Lege Zientziak dira, eta atzetik doaz Zientziak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura eta Artea eta Giza Zientziak. Azken urteetan, nahiko uniforme ari da mantentzen banaketa hori.

Sexuaren araberako banaketari dagokionez, matrikulatutako emakumeen kopurua gizonena baino zertxobait handiagoa da. Banaketa orekatu hori ematen da Zientzietan, Gizarte eta Lege Zientzietan eta Arte eta Giza Zientzietan. Hala ere, gizonak dira nagusi Ingeniaritzan eta Arkitekturan, alde handiarekin gainera, eta aldiz emakumeak Osasun Zientzietan.

“2018az geroztik, goranzko joera izan du urtero defendatutako doktorego tesien kopuruak, 2020tik 400 baino gehiago izan direlarik. Zehazki, 2022an 462 doktorego tesi defendatu ziren, UPV/EHU seigarren postuan jarriz Espainiako unibertsitateen artean. Ikasle kopurua 4.000 ingurukoa dela kontuan hartuta, ondoriozta daiteke urtean matrikula bakoitzeko 0,12 tesi defendatzen direla, hau da, Espainiako unibertsitate guztien ratio bera. Etorkizunean ratio hori nabarmen hobetuko dela uste dugu”, dio Gotzone Barandika Argoitiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Doktorego Eskolako zuzendariak.

Jakintza adarrei erreparatuz gero, Zientzietan defendatzen dira tesi gehien, eta ondoren Gizarte eta Lege Zientzietan. Ingeniaritza eta Arkitekturan eta Osasun Zientzietan doktorego tesien antzeko kopurua defendatzen ari da azken urteetan (% 15-20), eta Arte eta Giza Zientzietan % 20ra hurbildu da zifra hori, 2022an lehen aldiz. Nabarmentzekoa da ere nazioarteko aipamena lortzen duten doktorego tesien kopurua; izan ere, 2019az geroztik 180 tesik baino gehiagok lortzen dute hori urtero, hau da, tesien % 40k edo gehiagok.

2010ean hasi ziren doktorego-tesiak tutorekidetzan egiten, eta harrezkero, handituz joan da kopurua. Hala, 2019az geroztik, 20tik gora tesi egiten dira era horretan urtero. Bestalde, 2020an 70 doktorego tesi baino gehiago egin ziren euskaraz. 2022an, gainera, euskaraz egindako 32 tesietatik 30 nazioartekoak izan dira. Horrez gain, gero eta gehiago dira industriako aipamena jasotzen duten tesiak, eta 2020an 27ra iritsi zen kopurua. Kanpoko erakundeekin lankidetzan egindako tesien kopuruak ere gailurra jo zuen urte berean (UPV/EHUren berezko ezaugarria da tesi mota hori).

Bihar inbestituko dituzten doktoreetan bi Iratxe Niño Adán eta Jon Pascual Colino dira. Iratxek industria-doktoretza egin zuen, eta Jonek, nazioartekoa.

Teoria eta praktika bateratu

Iratxe NiñoIratxe Niño Adánek betidanik izan du ikerketarako interesa. Eskolan zebilenetik, interneten nabigatu izan du jakin-min horrek bultzatuta, erakartzen duten gaiei buruzko informazio bila. Eta unibertsitateko ikasketak aukeratzeko garaia iritsi zitzaionean, argi izan zuen. “Karrera aukeratzeko orduan, Matematika aukeratu nuen, edozein eredu fisikoren oinarria zein den ikasi ahal izateko. Karrera eta masterra amaitu nituenean, iruditzen zitzaidan jada sufritu nuela nahiko, eta lan monotono bat nahi nuen. Baina, aldi berean, Big Datak eta datuen analitikak erakartzen ninduten, garai hartan hasi baitzen hitz egiten gai horiei buruz. 4.0 Industriaren terminoa zenbait urte lehenago sortua zen. Zoragarria iruditzen zitzaidan teknika berrien bidez datuetatik jakintza atera ahal izatea, eta ohiko metodo fisikoak motz geratzen ziren egoeretan, ehunka aldagaiko erabilera kasuak modelatu ahal izatea”. Horregatik, masterra amaitu zuenean, datuen analitikako doktoregoak bilatzeari ekin zion, ikerkuntzaren arloan prestatzen jarraitzeko asmoz.

«Niretzat oso garrantzitsua izan da problemaren mugak zehazten ikastea, ikerketa egingarria izan dadin»

Industriako doktoregoa eginda, kasu errealak aztertu zituen, eta horrela sakondu egin zuen ikerketa egiteko tresnen ikaskuntzan, eta lagundu horrek zion galderak hobeto planteatzen eta metodologia errealistak proposatzen. “Niretzat oso garrantzitsua izan da problemaren mugak zehazten ikastea, ikerketa egingarria izan dadin”– gaineratu du Iratxek. Aurrerantzean, aldagaien aurreprozesamenduko eta ikaskuntza automatikoko tekniken alderdi teorikoak ikertzen jarraitu nahi du. “Horiek dira nire planak, ikerketaren munduan jarraitzea eta bidean sortzen diren beharrei erantzuna bilatzen joatea”. Oraingoz, Sarenet Fundazioan dihardu.

Doktoregoko ikasleentzako aholkuei dagokienez, oso argi du erantzuna. “Erabaki oso garrantzitsua da, doktoregoa egiteak baldintzatu egiten baititu gutxienez zure bizitzako hurrengo hiru urteak. Eta zure bizitza da, oro har, maila profesionalean eta baita pertsonalean ere. Gainera, doktoregoak eragin psikologikoa izaten du, doktoregoko urteetatik harago. Horregatik, nik ez diot jende guztiari gomendatzen axolagabeki. Lan egiteko aukeraren gainetik ikerketa lehenesten duten pertsonei, horiei bai, doktoregoa egitea gomendatuko nieke”– dio irmotasunez.

Ikertzeko erakargarritasuna

Jon Pascual

Jon Pascual Colinok nazioarteko tesia egin zuen, Saudi Arabiako King Abdullah University of Science and Technology-n egonaldia eginda. Graduko ikasketak amaitu zituenean ez zuen doktoregoa egiteko asmorik, baina udan laborategiko taldean praktikak egin ondoren hartu zuen erabakia, eta oraindik ere talde horretan jarraitzen du. “Lan giro bikaina zegoen han ikertaldeko irakasleekin, eta batez ere nirekin batera hasi zen ikaskidearekin. Giro horregatik eta GRALean eta MALean landu nuen gaiaren inguruan sortu zitzaidan interesagatik eman nuen urratsa. Ondoren, beka lortu nuen lehen urtean, eta diru horrek lagundu egin zidan doktoregoa egiteko behar izan nituen lau urteetan”.

Doktoregoa eginda kimikan sakondu zuen, “noiz pentsatu ez bezala –dio Jonek–. Eta doktoregoan batez ere ikasten da modu autonomoan lan egiten eta porrotari eta arrakastari aurre egiten eta onartzen”.

«Modu autonomoan lan egiten eta porrotari eta arrakastari aurre egiten ikasten da doktoregoan»

Tesia egitea esperientzia aberasgarria izan zen Jonentzat, eta orain, doktorego ondokoa egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitateari lotutako BCMaterials ikerketa zentroan. “Tesia defendatu ondorengo hilabeteetan inguruko enpresa kimiko pribatu batean probatu nuen. Baina han jardun eta esperientzia lortu ondoren, ikusi nuen hura ez zela nire lekua, eta erabaki nuen unibertsitatera itzultzea, tesian lortutako emaitzak aztertzen jarraitu eta, horrela, aplikazio interesgarriak lortzeko asmoz. Orain dudan kontratua amaitzen zaidanean, beka bat eskatzen saiatuko naiz, gaur egun ikertzen ari naizen gaian sakontzen jarraitzeko: botiken jariapen kontrolatua sistema porotsuetan”.

Jonek ibilbide akademiko bera egitea gomendatzen die ikasten jarraitzea pentsatzen ari diren ikasle guztiei, doktoregoko ikastaro bat eginda. “Oso lan berezia da. Benetan ez duzu nagusi bat, eta zeu zara zure gainbegirale nagusia, zeure buruarentzat ari baitzara lanean. Egunaren amaieran lortzen dituzun emaitza guztiak, positiboak zein negatiboak, prestatzen jarraitzeko eta lantzen ari zaren arloari buruz gehiago ikasteko izango dira, eta ondoren, zure lana defendatzeko balioko dizute”– dio Jonek.

Hala ere, Jonek uste du plataforma bat behar litzatekeela, edo hitzaldiak, doktoregoa egin duten edo egiten ari diren pertsonek doktoregoaren nondik norakoak azaltzeko. Horrela, galderak eta zalantzak argitzeko aukera izango lukete ikasleek, eta, batez ere, doktoregoaren ondoren zer egon daitekeen jakingo lukete; izan ere, oraindik ere horixe da galdera nagusi eta erantzuteko zailenetako bat.