Gradu berriak, hezkuntza duala eta nazioarteko aipamena duten ibilbideak: gakoak UPV/EHUren 2019-2020 ikasturterako proiektuan

Modalitate horiek, iazko ikasturtean egin zen bezala, hamahiru titulazio berritara zabaltzeak, jarraipena izango du orain

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/13

Klaustro. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak klaustro ohiko saioa egin du gaur, unibertsitate komunitateari aurreko ikasturtean egindako lanen berri emateko (2018/2019 Kudeaketa Txostena) eta orain hasi berri den ikasturteko funtsezko helburuak aurkezteko (2019/2020 Jarduera Programa).  Bi dokumentu horien azalpena Nekane Balluerka errektoreak egin du.

Kudeaketa Txostenaren barruan, errektoreak 2018-2019 ikasturtean zehar unibertsitatearen kudeaketan izandako lorpenik nabarmenenak azaldu ditu.  Hala, irakaskuntzaren arloan, UPV/EHUk hiru gradu bikoitz berri sortu ditu; beste bi masterrek Erasmus Mundus nazioarteko bikaintasun aitorpena lortu dute; eta, azkenik, zortzi titulu (bost gradu eta hiru master) eskaintzen dira dagoeneko, joan den ikasturtetik, prestakuntza dualeko erregimenean (unibertsitateko eta lantoki bateko prestakuntza uztartzen duen eredua).  Errektoretzak gogorarazi du, halaber, une honetan ia 50 titulazio daudela, graduen eta graduondokoen artean, nazioarteko titulazio bikoitzen kalitatea dutenak (ikasleei titulua lortzeko aukera ematen dietenak, bi unibertsitateren aintzatespenarekin), eta adierazi du datorren ikasturtean "nazioarteko aipamena duten ibilbideak" ezartzearen aldeko apustua egin dutela. Deialdi berri horrek, prestakuntza dualaren aitorpenarekin gertatzen den bezala, baldintza zorrotzak ezartzen ditu beren aintzatespena lortzeko eta ikasleen gaitasuna bermatzen du mugarik gabeko mundu batean arrakastaz moldatzeko.   Halaber, prestakuntzaren esparruan, 12.000 praktika baino gehiago egin dituzte erakunde akademikoko ikasleek hainbat enpresa eta erakundetan.

Ikerkuntzaren atalean, UPV/EHUk 1,6 milioi euro bideratu ditu goi mailako ekipamendu zientifikora.  Joan den ikasturtean 1.284 ikerketa kontratu sinatu ziren, eta 9,4 milioi euro erakarri zituzten unibertsitatera.  Langileen kudeaketaren barruan, lan eskaintza publikoak onartu dira, bai administrazio eta zerbitzuetako langileentzat, bai irakasle eta ikertzaileentzat.  Era berean, Gaituz programa garatu da irakasle eta ikertzaileentzat, irakasle eta ikertzaileek irakaskuntzan, ikerkuntzan eta unibertsitate kudeaketan duten gaitasuna hobetzeko.  Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eraikin berria egiteko proiektuan izandako aurrerapausoen berri ere eman du errektoreak:  epe laburrean egingo da proiektuaren esleipena.

Euskararen arloan, III. Plan Zuzendaria jarri da martxan.  Planak 2018-2022 aldian izango ditu ondorioak.  Aurrerapen esanguratsuak behar zituzten arloen artean, Medikuntzarena zen garrantzitsuenetako bat. Iazko ikasturtean zazpi irakasgai berri eskaini ziren euskaraz gradu horren barruan, bai eta bi berezko titulu berri ere hizkuntza horietan.  Gradua euskaraz egiteko aukera ere finkatu da, onarpen prozesu banatua ezarri ondoren.  Bestalde, duela gutxi UPV/EHUri atxikitako Galdakao-Usansolo Ospitalean, gauzatu egin da karrerako azken ikasturtea, zeharo praktikoa dena, euskaraz egiteko aukera .  Errektoreak azpimarratu du, halaber, joan den ikasturtean 60 doktore tesi defendatu zirela euskaraz.

Nazioartekotzearen atalean, gaur egun 1.100 irakasgai baino gehiago eskaintzen dira UPV/EHUn, hizkuntza ez ofizialetan.  Titulazio bikoitzeko zortzi hitzarmen berri sinatu dira.  Mugikortasunari dagokionez, 1.674 ikasle eta AZP eta irakasle eta ikertzaileen kolektiboetako 104 pertsona kanpoko unibertsitateetara joan dira, nazioarteko programa ezberdinen esparruan. Era berean, euskal unibertsitateak kanpoko 1.406 ikasle jaso ditu joan den ikasturtean, eta horrek esan nahi du azken hiru urteetan % 33ko igoera lortu duela.

Euskal Herriko Unibertsitateak balio programatikoen artean dauka sozialki konprometituta dagoen erakundea izatea.  Joan den ikasturtean, desgaitasun edo hezkuntza premia bereziak dituzten 390 ikasleri eman zitzaien arreta, bai eta haurrak eta nerabeak babesteko zerbitzu publikoetatik etorritako 13 ikasleri eta 16 errefuxiaturi ere.  Berdintasunaren arloan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana onartu da, 2019tik 2022ra bitarteko indarraldiarekin.

Jarduera programa 2019-2020

Hastear den ikasturteari begira, Euskal Herriko Unibertsitateak titulazio berrietan garatu nahi ditu nazioarteko aipamena duten ibilbideen eta prestakuntza dualaren modalitateak.  Aurreikusita dago, halaber, 2020-2021ean Adimen Artifizialaren gradu berria ezartzea.  Helburu garrantzitsu bat da Ikerketa Planaren garapenarekin jarraitzea, erakunde eta enpresekin elkarlanean urtero egiten den doktorego deialdiarekin sendoago delarik orain.  UPV/EHUk ikerketa egitura berriak sortzen jarraituko du, bai Bordeleko Unibertsitatearekin Nazioarteko Bikaintasun Campusaren barruan, bai RIS3 estrategiaren eremuan, aurreko ikasturtean "Matematika eta bere Aplikazioak" Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Laborategia sortu zen bezala.  Bestalde, egiaztapen instituzionalaren estrategiarekin jarraituko da, aurreko ikasturtean hasi eta 2021ean amaituko dena.

Irakaskuntza azpiegituren barruan, eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren proiektuan, proiektu teknikoa idaztea egokituko zaio, eraikin berria egiteko beharrezkoa dena.

Beste helburu garrantzitsu batzuk izango dira Euskararen III. Plan Zuzendaria garatzea eta web orri korporatibo berria ezartzea .  Nazioartekotzearen atalean, UPV/EHUk arlo horretan dituen bi proiektu handien garapenari (Bordeleko Unibertsitatearekin batera dagoen Nazioarteko Bikaintasuneko Euroeskualdeko Campusa eta Latinoamerikako Graduondoko Sarea) "Enlight" Europako unibertsitateen partzuergoaren bultzada gehituko zaio. Partzuergo hori berriki eratu da Tartu, Estonia, eta Euskal Herriko Unibertsitateak Europako beste hainbat herrialdetako beste zortzi unibertsitaterekin batera parte hartzen du.

Azkenik, ikasturte honetan garatu beharreko jardueren artean, plantilla egonkortzeari dagokionez, nabarmentzekoa da 2019ko Lan Eskaintza Publikoaren negoziazioa.

Nekane Balluerka errektorearen iritziz, "Joan den ikasturtean egindako lanaren saldoa positiboa da argi eta garbi, batez ere gure irakaskuntza eskaintza zabaltzeari eta sendotzeari dagokionean, prestakuntza duala, nazioarteko titulazio bikoitzak, nazioarteko aipamena duten ibilbideak areagotzeko eta Erasmus Mundus bikaintasun aitorpena master gehiagotara zabaltzeko apustua eginez.  Ikasturte honi begira, espero dugu aurrera egin ahal izango dugula Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren garapenean, bai eta unibertsitate ikertzaile, euskaldun eta sozialki arduratsuaren proiektuan sakontzeko ere ".