euskaraespañol

Graduko 33.000 ikaslek baino gehiagok 2018/2019 ikasturtea hasiko dute UPV/EHUn

Eskainitako 86 graduetan 8.281 ikasle berri matrikulatu dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/06

Irudia
2018-2019 ikasturtean, UPV/EHUk 86 gradu eskaintzen ditu hiru campusetan

Datorren astelehenean, irailak 10, UPV/EHUk irekiera ekitaldia ospatuko du. Ordurako ikastegi guztietako ikasleak geletan egongo dira. 2018/2019 urte akademikoa hastera doa.

Matrikulazio azken bi epeak betetzeke dauden honetan, 8.281 ikasle berri matrikulatu dira Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean dagoeneko, matrikulazioaren une berean iaz izandakoak baino ia % 2 gehiago. Emakumeak dira  % 55 eta gizonak, % 45. Hizkuntzari dagokionez, horietariko % 52 euskarazko taldeetan matrikulatu dira, eta % 48, gaztelerazkoetan.

Campusen arabera aztertzen baditugu ikasle berrien datuak, Bizkaiko Campusean matrikulatu dira % 55,25; Gipuzkoakoan, % 24,84; eta Arabakoan, % 19,91. Arloen arabera sailkatuta, % 44 Gizarte eta Lege Zientzietan matrikulatu dira; % 22,3, Ingeniaritza eta Arkitekturan; % 15,4, Osasun Zientzietan; % 10 Arteak eta Giza Zientzietan; eta % 8,3 Zientzien adarrean.

Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzak du aurtengo gutxieneko notarik altuena:  13,01. Atzetik du Biokimika eta Biologia Molekularra (12,534); Medikuntza (12,332); Fisika (12,147) eta Bioteknologia (12,032). Bestalde, 11tik gorako gutxieneko notak dituzte Odontologiako, Fisioterapiak, Matematikak eta Erizaintzak graduek, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzak, Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitzak. Aurtengo matrikulazioan nabarmen daiteke gradu bikoitzen eskaera altua.

2018-2019 ikasturtean, UPV/EHUk 86 gradu eskaintzen ditu hiru campusetan. Ikasturte honetako berrikuntzen artean, Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitzaz gain, nabarmentzekoa da Bizkaiko Campusean ibilbide duala izango duten bi gradu eskainiko direla: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradua eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradua. Bi horiek gehituko zaizkie iazko ikasturtean jadanik eskaintzen ziren prestakuntza dualeko beste hiruei: Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradua (Arabako Campusa), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradua (Gipuzkoako Campusa) eta Prozesu eta Produktuen Berrikuntzaren Ingeniaritzako Gradua (IMHko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskola).

Guztira, 33.000 ikaslek baino gehiagok gradu ikasketak egingo dituzte UPV/EHUn ikasturte honetan. Horietatik, 2.000 ikasle inguruk gutxienez lauhileko bat egingo dute mundu osoko unibertsitateren batean, eta 1.400 ikasle atzerritarrek gure unibertsitatean ikasiko dute. UPV/EHUk bost kontinenteetako 56 herrialderekin dauzka hitzarmenak. Europako Batasunak helburu hau jarri du 2020 urterako: ikasle tituludunen % 20k nazioarteko mugikortasuna egina izatea. UPV/EHUk 2015/16 ikasturterako betea zuen helburua, bere egresatuen % 22,5ek unibertsitate atzerritar batean egonaldi bat egina baitzuen.

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatea bere kokapena hobetu du rankingik entzutetsuenetan: munduko 400 unibertsitate hoberenen artean kokatu du Shanghai rankingaren azken edizioan, eta, Times Higher Educationen sailkapenaren arabera, 150 unibertsitate gazte (50 urte baino gutxiago dutenak) onenen artean dago.

Azkenik, gizarte inklusioaren konpromiso tinkoaren barnean, UPV/EHUk bere ikasgeletan desgaitasunak eta/edo hezkuntza premia bereziak dituzten 300 ikasle baino gehiago hartuko ditu, horietariko ehun bat ikasle sartu berriak direlarik. Urtez urte igotzen da gure unibertsitatean matrikulatzen diren ezgaitasunak eta/edo hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak: 2015/16an 87 izan ziren, eta iaz, 122.

Halaber, 12 errefuxiatuk, beren herrialdeetatik arrazoi ezberdinetatik alde egin behar izan zuten babes eta asilo eskatzaileek, beren unibertsitate ikasketak jarraitu ahal izango dituzte, errefuxiatuei arreta egiteko UPV/EHUren programari esker.

Graduondokoak

Ikasturte berri honetan, 105 unibertsitate master eskainiko dira, horietako hamabik araututako lanbide jakin batzuetan jarduteko bidea ematen dute; hiru Erasmus Mundus baterako masterrak dira (Europako Batzordeak deialdi oso lehiatsu batean aukeraturiko masterrei eskaintzen die bikaintasun zigilu hori), hiruk prestakuntza duala dute, eta beste sei Amerikako unibertsitateetan emango dira, Graduondoko Sare Latinoamerikarraren bidez. Master ofizial guztiak kontuan hartuta, 3.650 plaza eskainiko dira, eta matrikula irekita dago.

Doktorego programei dagokienez, izen-emateko epea astelehenean, irailaren 10ean, hasiko da, eta irailaren 28ra arte egongo da zabalik. Pasa den 2017/18 ikasturtean 3.570 doktoregai ibili ziren programa horietan. 20178an, abuztuaren 31ra arte, 379 tesi defendatu dira, eta horietako 131k nazioarteko aipamena dute.

Azkenik, UPV/EHUk graduondoko 50 berezko titulu eskainiko ditu, estreinakoz horietako 29 moduluka egin ahal izango dira: kreditu gutxien dituzten programak batuz gero, maila goreneko titulazioak lortu ahal izango ditu ikasleak. Kurtso horietan ere matrikula irekita dago.

Ikerketa guneak

Ikasturte honetako beste berrikuntzetako bat da Jarduera Fisikoa Ikertzeko Gunea (JFIG). Han ikerketa-proiektuetako taldeek garatuko dute jarduera fisikoak herritarren osasunean zer-nolako eraginak dituen jakiteko ikerketa. EIAF Gasteizko Udalak utzitako espazio bat da. Gainera, Donostian abian jarriko da Hizkuntza Teknologiako Zentroa/Basque Center for Language Technology, IXA ikerketa taldeak proposatutako zentroa.

Aipatutako azpiegitura horiez gain, UPV/EHUk 2019-2022 Ikerketa Plana aurkeztuko du. Horren helburua izango da hurrengo urteetako erronka handienak eta ekimenak garatzea. Beste plan batzuk ere hasiko ditu ikasturte honetan UPV/EHUK, besteak beste, UPV/EHUko Euskararen II. Plan Gidaria, Eleaniztasun Plana eta Garapen Iraunkorrerako Plan Estrategikoa, plan horrek Garapen Iraunkorrerako Helburuekin lerrokatuko du Unibertsitateko politika.

IIL eta AZP

Euskal Herriko Unibertsitatek 5.561 irakasle eta ikertzaile (IIL) ditu ikasturteon, eta 1.926 Administrazio eta Zerbitzuetako (AZP) langile. Ikasturte honetan, UPV/EHUk bi kolektiboentzat lan eskaintza publikoak onartzeko asmo irmoa dauka, eta horiei esker, behin-behineko langileen tasa jaitsiko da eta pertsonalaren promozioa bultzatuko da.

 

  • Irakasleak/Ikertzaileak:
  Gizonak Emakumeak Guztira
Irakasle eta ikertzaileak 2.306 1.977 4.283
Ikertzaile kontratatuak 305 337 642
Ikertzaile bekadunak 301 335 636
Guztira 2.912 2.649 5.561

 

  • Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonala:
Gizonak Emakumeak Guztira
707 1.219 1.926

Ikasturteari hasiera emateko ekitaldia

Ikasturteari hasiera emateko ekitaldia irailaren 10ean izango da, 11:30ean, Areto Nagusian  (Sarriena Auzoa s/n, Leioa). Ikasturte hasierako hitzaldia, ‘Stitching together our genetic patchworks’ Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia arloko Ana Zubiaga Elordieta katedradunaren eskutik izango da.