Paziente onkologikoarentzako elikadura gida bat editatu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/01

Ezkerretik eskuinera, María Puy Portillo, Ana Gracia, Itziar Eseberri eta Leixuri Aguirre
Ezkerretik eskuinera, María Puy Portillo, Ana Gracia, Itziar Eseberri eta Leixuri Aguirre. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Ezezaguna zaien egoera berri bati aurre egin behar dioten pazienteei eta haien senideei zuzentzen zaie, baita Osasunaren Zientziei lotutako graduetako ikasleei nahiz sektoreko profesionalei ere.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen argitalpen zerbitzuak “Guía de alimentación en el paciente oncológico” izeneko gida argitaratu du. Ekimena Itziar Eseberri, Ana Gracia, María Puy Portillo eta Leixuri Aguirreren eskutik sortu da; guztiak dira UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa taldeko kideak, baita CIBEReko kideak ere (Carlos III.a Osasun Institutuaren menpeko Sareko Ikerketa Biomedikorako Zentroa), Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologia Sailean.

Minbizia XXI. mendeko mehatxu handienetako bat da. 2018an, 18,1 milioi bat kasu berri erregistratu ziren, eta aurreikuspenen arabera kasu berrien kopurua % 70 areagotuko da, gutxi gorabehera, hurrengo 20 urteetan. Gaixotasuna diagnostikatzen denean, pazienteak eta haren senideek normalean ezezaguna zaien egoera bati aurre egin behar izaten diote, eta horrek izutu egiten ditu. Hortaz, gaixotasuna bera eta ematen zaizkien jarraibideak ulertzen laguntzea ezinbestekoa da.

Elikadurak garrantzi handia du minbizian; izan ere, gaixoetako askok minbizia kakexiaren sindromea delakoa garatzen dute. Sindrome hori desnutrizio oso larri eta lehengoratzeko zail gisa defini daiteke. Komunitate zientifikoak adierazi du desnutrizio hori minbiziagatiko heriotzen % 22ren arduradun zuzena dela; horrez gain, pazienteen bizi kalitateari gogor eragiten dio. Tumoreak berak egoera hori sustatzen du, pazientearengan aldaketa metaboliko garrantzitsuak sorrarazten baititu, baita behar bezala elikatzea zailtzen duten aldaketak ere. Aldaketa horietako batzuk apetitua galtzea, dastamenaren eta usaimenaren anomaliak, irensteko arazoak eta abar dira. Horrez gain, minbiziaren aurkako tratamendu agresiboek ere adierazitako aldaketa horiengan eragina dute; hala, paziente onkologikoa elikatzea eguneroko benetako erronka bihur daiteke.

Horregatik guztiagatik, gida honen helburua pazienteari eta haren senideei patologia zertan datzan eta zer-nolako nahasmendu eta aldaketa nutrizionalak ekar ditzakeen azaltzea da, modu argi eta ulerterrazean. Halaber, gidaren bidez, nutrizioari buruzko gomendio eta aholkuak eman nahi zaizkie, nutrizio egoera optimoa eta bizi kalitate hobea mantentzen laguntzeko. Gainera, aintzat hartu behar da nutrizio egoera egokia elementu gakoa dela organismoak tratamenduaren aurrean erantzun hobea izateko. Hortaz, pazientearen elikadura zaintzea ezinbestekoa da gaixotasunari aurre egiteko.

Azkenik, adierazi behar da lanaren publiko xedeak patologiaren pazienteak barne hartzen dituela, baita osasunaren arloko profesionalak ere. Hau da, helburu nagusia formatu erabilgarria duen dokumentu irakurterraza ematea da. Horrez gain, Osasun Zientziei lotutako graduetako ikasleek ere haien prestakuntzarako informazio garrantzitsua atera dezakete bertatik.