euskaraespañol

Gaurko irudia

Gure txokoak: Giroa mahai urdinetan

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/25

Irudia
Eva Epelde Bejerano, Zientzia eta Teknologia Fakultateko hallean. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU

"Gezurra esango nuke ukatuko banu Zientzia eta Teknologia Fakultateko nire txoko kuttuna korridoreak direla… Bereziki gogokoa dut nire bulegotik ateratzea, giltzak lepotik zintzilik, eta hall nagusia bizi-bizi zeharkatzea mahai urdinetan barrena. Nire betebeharrak direla eta, egunean gutxienez 10 bat aldiz pasatzen naiz eremu horretatik, eta ohikoa izaten da bai atezainentzat bai ikasleentzat ni han ikustea. Hori dela eta, aukeratu dudan txoko hau topagune handia bihurtu da urteen poderioz. Han Mercherekin topatzen naiz ia goizero batak besteari egun ona opatzeko, fakultateko lankideekin gurutzatzen naiz, eta nire ikasle gehienak fitxatzen ditut, goizean goizik mahai urdinetan aritzen baitira lanean eta aisialdian. Gustatzen zait ikustea nola murgiltzen diren Ingeniaritza Kimikoko Graduan agintzen dizkiegun proiektu eta lanetan, elkarren arrimuan, zalantza eta kezkak partekatuz. Izugarri gustatzen zait sortutako giro ona miratzea. Uste dut ikasle-bizitza gehien ernatzen den fakultateko tokietako bat dela. Pandemian, mahai urdinek sortzen duten “bizitasun”aren mira izan genuen; zirrara eragiten zuen halla isilik eta hutsik ikusteak… Zorionez, dena da iragankorra, eta, azkenean, berriki ospatu dugu mahai urdinetarako itzulera."

Leku hori aukeratu du Eva Epelde Bejeranok, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko Saileko irakasle agregatua eta 3. mailako koordinatzailea eta Ingeniaritza Kimikoko Graduko Kanpo Praktiketako koordinatzailea denak. Bera da aurreko lerroen egilea ere.

Nola heldu: 43°19'49.5"N 2°58'08.0"W