euskaraespañol

Gure txokoak: Historia agerian

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/03

Nieves Lorenzo
Nieves Lorenzo, nautikako liburutegiko balkoian (Bilboko Ingeniaritza Eskola, Portugaleten). Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

“2022. urte honetan Portugaleten ospatuko dugu María Díaz de Harok Portugaleteri hiribildu izaera eman zioneko 700. urteurrena. 1322tik aurrera, denboraren joanean, Portugalete Bizkaiko kualifikazio handiko itsasgizonen haztegi nagusietako bat bihurtu zen. Alturako itsasgizonak, barrako pilotuak, zazpi itsasoetako nabigatzaileak, Europako eta Amerikako portuak zeharkatzen zituzten garraiolariak… azken batean, historiako une askotan kualifikazio handieneko itsasgizonak. 

1877an Burdinazko kaia eraikitzeak Abrako bokaleko herrien itsas eremua behin betiko berrantolatzea ekarri zuen; izan ere, barra desagertzean, ontziei hura zeharkatzen laguntzen zieten pilotu lemanen lana zentzurik gabe geratu zen, eta pilotajea (Abrako herrietako antzinako itsas tradizioei lotutako ekonomiaren azken aztarna) ezinbestean desagertu zen aurrerapen tekniko berriekin.  

Itsasoarekiko lotura aldatu egin zen, eta Erdi Arotik itsas historia markatu zuten itsasgizon eta nabigatzaileek bidea utzi zieten Santurtziko kanpoko portutik Portugaleteko Nautika Eskola honen (1968an eraiki zen hondartza zaharrean egindako betelanaren gainean, eta gaur egun Bilboko Ingeniaritza Eskolan integratuta dago) bihotzeraino zabaldu ziren portuko instalazio handiei. Horrekin tradizioa berreskuratu zen, eta gaur egun merkataritza, petrolio, kimika eta gas ontzietan nabigatzen duten kapitain eta makinaburu berriak agertzea ahalbidetu zuen. 

Zalantzarik gabe, eskolako liburutegiko balkoi honetatik historia agerian da.” 

Hau da Bilboko Ingeniaritza Eskolako (Nautika) liburutegiko arduradun Nieves Lorenzoren txokorik gogokoena. Aurreko lerroak ere hark idatzi ditu.

Nola iritsi43°19'37.4"N 3°01'20.8"W