euskaraespañol

Gure txokoak: Iraganbide eta elkartoki

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/03

Rakel Varela Ona
Rakel Varela Ona. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

1987 hartatik, Letren Fakultatea Apaizgaitegi Nagusitik egungo eraikinera joan zenetik, bertako klaustroak ongietorria eman die egunero eskoletara etorritako ehunka ikasleri. "Universitas Fons Sapientiae" (Unibertsitatea jakinduria iturria da) esaldiak ederki gogorarazten digu non gauden, espazio horren ardatz eta gune nagusia den iturria inguratzen duelarik.

Alboetan dauden txokoak ere nabarmentzen dira, neguko eurietatik eta udako eguzkitik babestuta, ikasleei eta irakasleei eskolatik eskolara bitarteko uneak partekatzeko edo iturri ondoko mahaietan mokadu bat hartzeko aukera eskainita.

Pandemia gorabehera, atsegina da klaustroa zeharkatzea eta ikustea jendea eserlekuetan jezarrita, udazken honek eskaintzen dizkigun egun eguzkitsuak aprobetxatuz, eta, denboraren nozioa galtzea erraza den arren, erlojuak gogorarazten digu, Letren Fakultateko eraikinaren goialdetik so dagoela, lanera itzultzeko garaia dela.

Txoko hau Rakel Varela Ona Gasteizko campuseko fakultateko Ikasle eta Gradu Amaierako Lanaren dekanordeak aukeratu du.

Nola iritsi: 42°50'23.6"N 2°40'15.2"W