euskaraespañol

Animalien zelulaniztasunaren jatorria azaltzen lagunduko duen parasitoa, Txikispora philomaios

Animaliak eta onddoak sortzeko organismo zelulabakarrak diferentziatu ziren eboluzio-puntutik hurbil dagoen leinu batekoa da parasitoa

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/17

Ander Urrutia
Ander Urrutia, Plentziako Itsas Estazioko (PiE) laborategi batean. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

UPV/EHU eta CEFASeko ikertzaileek leinu primitibo bateko parasito bat aurkitu dute itsas uretan, eta Txikispora philomaios izena jarri diote. Animalietan zelulaniztasuna nola garatu zen azaltzen lagunduko du organismo horrek. Parasito horren DNAtik abiatuta egindako azterketa filogenetiko eta filogenomikoak laguntzen ari dira ulertzen zer aldaketa eta egokitzapeni esker gertatu zen trantsizio zail hura, organismo zelulabakar mikroskopikoetatik animalia eta onddo zelulaniztunak sortzerainokoa.

UPV/EHUko Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian ikerketa-taldeko eta CEFAS/OIE-ko Animalia Patologia taldeko ikertzaile Ander Urrutiaren ikerketak parasitoak ditu ardatz: “Klima epeleko kostaldeko ekosistemetako marearteko zonan dauden organismo parasitiko zelulabakarren ezkutuko aniztasun handia aztertzen dut, non dauden, nola jokatzen duten eta abar jakiteko”. Horretarako, besteak beste, ingurune-DNA erabiltzen da (eDNA edo Environmental DNA): teknika horren bidez, “matrize organiko edo ingurune-matrize batean dagoen DNA erauzten da, adibidez, organismo jakin batean edo aurrez iragazitako itsas uren laginetan dagoena”. Bereziki, ornogabeak parasitatzen dituzten organismoetan jarri du arreta Urrutiak: “Identifikatu gabeko parasito asko daude; DNA-sekuentzia berriak aurkitzen ditugu, eta beste parasito batzuekin duten antzekotasun genetikoaren arabera ondorioztatzen dugu haien portaera, baina benetan ez dakigu zer diren”.

Laginetan aurkitutako parasito zelulabakarrak sailkatzen ari zelarik, Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko ikertzaileak “a priori ezohikoa zen parasito bat” aurkitu zuen; izan ere, “zituen ezaugarrien arabera, ez zuen bat egiten ordura arte ezagutzen ziren taldeetako batekin ere. Analisi molekular batzuk egin behar izan genituen, eta, haien bidez, berretsi genuen bestelako organismo bat zela. Zenbait zuhaitz filogenetiko egin ondoren, hau da, organismo horren DNA bere hurbileneko ahaide izan zitezkeenekin konparatu ondoren, ikusi ahal izan genuen leinu primitibo bateko organismo bat dela, zeina animaliak eta onddoak bereizi ziren puntutik hurbil kokatzen baita. Existitzen diren animalia guztiak eman zituen organismo zelulabakarra diferentziatu zen une ebolutibotik gertu dago; hori baino lehenxeago, gainera, existitzen diren onddo guztiak emanez eboluzionatzen bukatu zuen antzeko beste organismo zelular bat diferentziatu zen”, azaldu du Urrutiak.

‘Maiatzaren maitalea’

Txikispora philomaios protista bat da (organismo eukarioto zelulabakarra), zelulaniztasuna garatu aurretik animalien eta onddoen arbaso komuna bereizi zenetik denbora gutxira eboluzionatu zuena. Duela ehunka milioi urte ustez ozeanoan zegoen organismo zelular beretik datoz munduko animalia eta onddo guztiak. Uneren batean, organismoa elkartzen eta bikoizten hasi zen, elkartutako zelulak ehunak osatuz espezializatzen joan ziren, eta halako batean gorputz bihurtu ziren: marmoka mikroskopiko batetik balea urdin erraldoi bateraino”, azaldu du ikertzaileak. Parasitoek izan duten berrantolamendu genetikoa ez da izan bizitza libreko bere ahaideena bezalakoa, eta, horrenbestez, parasito horren eta bere genomaren azterketak lagunduko du ulertzen animalien zelulaniztasuna nola garatu zen; “alegia, zelulak noiz eta nola hasi ziren elkarrekin komunikatzen, elkartzen edo espezializatzen, eta gero eta organismo konplexuagoak sortzen. Animalien zelulaniztasunaren garapena oso garrantzitsua da oinarrizko biologiaren ikuspegitik”, erantsi du Urrutiak, zeina Erresuma Batuko CEFAS-en, Plentziako Itsas Estazioaren (PIE) eta Biologia Ebolutiboko Institutuaren (IBE/CSIC) artean joan-etorrian ibili baita ikerketa egiten.

Urrutiak azaldu duenez, “Txikispora ez da espezie berri bat soilik; aitzitik, izena ematen dio genero berri bati, familia berri bati, ordena berri bati eta abar. Orain Txikisporidae familia berria dugu; sekuentzia kriptiko asko ditu familia horrek, alegia, DNA-zati ezezagun asko, Txikisporaren oso antzekoak, parasitoenak ere izan litezkeenak; baina ez dakigu non dauden, ez eta zer animalia parasita litzaketen ere. Horietako asko Europako ekosistema urtarretan daude, baina ez dakigu haiei buruzko ezer gehiagorik. Horixe da heldu nahi dudan beste ikerketa-ildo bat”.

UPV/EHUko ikertzaileek jarri diote izena parasitoari. Txikispora izena erabili dute espora txiki bat delako; bestalde, philomaios jarri diote parasitoa maiatzeko egun gutxi batzuetan bakarrik azaltzen zelako: ‘maiatzaren maitale’. Filogenetikaren ikuspegitik dagokion taldean kokatzeak izan duen zailtasunaz gainera, ikertzaileei oso zaila egin zaie itsasoko uretan aurkitzea: “Noraezean ibili ginen konturatu arte maiatzeko egun gutxi batzuetan aurkitzen dela anfipodoen komunitatean; badirudi urteko gainerako hilabeteetan parasitoa desagertu egiten dela”, azaldu du Urrutiak.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Ander Urrutiaren doktore-tesian sartuta dago. Tesiaren izenburua 'Cryptic reservoirs of micro-eukaryotic parasites in ecologically relevant intertidal invertebrates from temperate coastal ecosystems' da, eta Ionan Marigomez doktoreak (Plentziako Itsas Estazioa – PiEko zuzendaria) eta Stephen W. Feist doktoreak zuzendu dute (Centre for Environment, Fisheries and Aquaculture Science – CEFAS, Erresuma Batua). Ikerketan, Bartzelonako IBE-CSIC-eko Iñaki Ruiz Trilloren lankidetza izan dute.

Erreferentzia bibliografikoa