euskaraespañol

Hamabi artistak UPV/EHUko Zeramika Masterraren amaierako euren lanak erakusten ditue "Estekadurak-Movimientos" erakusketan, Batzar Nagusietan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/09

Irudia
Artistak erakusketaren aurkezpenean

Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoak, egungo zeramikaren ezaugarri diran gaikako lurraldeetatik, lurralde teknikoetatik eta materiaren egoeretatik ibilbidea erakusten dau gaurtik aurrera, diseinuaren eta artearen artean bat egiteko asmoz. “Estekadurak-Movimientos” izenburua daroan erakusketak, Unibersidadeko Artea eta Funtzioa Zeramika Masterraren zazpigarren edizinoko, 2018-19 ikasturteko, ikasleek egindako piezen aukeraketea jasoten dau. Egile bakotxaren idiosinkrasia erakusten daben artelan heterogeneoak batzen dituan erakusketea garagarrilaren 19ra arte ikusi ahal izango da Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan.

Arte garaikidean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dan materialetako bat da zeramikea; betidanik ulertu dan modutik haraindi, Masterrean zeramikea arte adierazpen moduan lantzen da, bideo bat, instalazino bat edo betidaniko kantinaren diseinu barria jasoten dituan erakusketa honetan ikusi daitekenez.

“Buztinen berezko ezaugarrietatik hasita suaren eragina bitarte, modelatze eta eratze prozedura desbardinetatik eta beiradura teknologia konplexuetatik igarota, edegi egin dira ikuspegi eta egiteko modu barriak, ondoriozko produktuak kokatuz eskultura eta diseinuaren arloan eta bien arteko alkargunean”, azpimarratu dau erakusketaren katalogoan Carmen Marín Artea eta Funtzioa Zeramika Masterraren zuzendariak.

Nazinoarteko oso izaera nabarmena daukan Masterra

EHU/UPVko Zeramika Masterra, Europa osoan gaztelaniaz emoten dan apurretakoa da eta, horregaitik, nazinoarteko partaidetza handiena daukanetako bat. Holan, erakusketan, Maite Barrainkua gipuzkoarragaz, Susan Bart bilbotarragaz, Jonathan Escapa azkoitiarragaz eta Paola Valeria Álvarez santurtziarragaz batera, Deisy Hernández kolonbiarrak, Mireia Serrano bartzelonarrak, Daniela Rojas txiletarrak, Luiza Christ brasildarrak, Miguel Cano santandertarrak, Agustín Contreras txiletarrak, Tania Gutiérrez perutarrak eta Gerardo Ramos burgostarrak be hartzen dabe parte. Sortzaileen jatorri aniztasunak, eta mundu osoko hainbat lekutan egindako zeramikazko egitekoaren loturak eta berezitasunak, leku bakarrean erakusteko aukerea emoten dau.

“Estekadurak-Movimientos” erakusketan, material, gai, prozesu eta azken emaitza desbardinak dagoz. Horreen aniztasunaren barri, erakusten diran artelanen izenburuek emoten deuskue: “Hodi igarokorrak” (Maite Barrainkua), “Babes-Ehunak” (Deisy Hernández), “Adierazpen idatzia” (Susan Bart), “Atalak” (Mireia Serrano), “Hemisferioak. Pasabide sakonak sailaren parte” (Daniela Rojas), “Lehenengo ariketea” (Jonathan Escapa), “Epidermiko” (Agustín Contreras), “Jaungoikoagaz berba egin gura badot” (Luiza Christ), “Txanbil” (Miguel Cano), “Ilumina. Argi-gorputzak” (Paola Valeria Álvarez), “Isiltasun eskegia” (Tania Gutiérrez) eta “Autorretratu RCK 4.3” (Gerardo Ramos).

Master amaierako lanak erakusten dituen ikasleak dira erakusketaren komisarioak. Joan dan martiaren 15ean Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Nekane Balluerka EHU/UPVko errektoreak, Leioako Arte Ederren Fakultadeko ikasleen artelanak Bizkaiko Batzarretan erakusteko helburuz sinatu eben hitzarmenean oinarrituta egiten dan lehenengo erakusketea da.