euskaraespañol

Gaurko irudia

Haritz Sardoni ACS Young Investigator Award 2021 saria eman diote

ACS Macro Letters, Biomacromolecules eta Macromolecules ikerketa aldizkari prestigiotsuek ematen duten Ikertzaile Gaztearen saria jaso du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/30

Irudia
Haritz Sardon ikerlaria. Argazkia: Polymat. UPV/EHU

Haritz Sardon Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle atxiki (Kimika Fakultatea) eta POLYMAT ikerketa institutuko Katalisi eta Polimero Jasangarriak taldeko liderrak jaso du 2021eko ACS Young Investigator Award saria. Sari hori ACS Macro Letters, Biomacromolecules eta Macromolecules ikerketa aldizkari prestigiotsuek ematen dute. Honako arlo hauen garapenean egindako ekarpenengatik saritu dute: polimerizazio organokatalizatuak, birziklatze kimikoa eta polimeroen upcyclinga. Sardonen lorpenen artean dugu material polimeriko funtzional berrien prestakuntza polimerizazio jasangarrien bidez, hala nola polimero berrien sintesia polimerizazio “berdeen” bidez; adibidez, polimeroak birziklatzetik lortutako monomeroak, iturri berriztagarrietatik lortutako erreaktiboak eta arrisku gutxiagoko organokatalizatzaileak erabilita.

“Sari hau mundu osoan polimeroen arloan ikertzaile gazteen kategorian jaso daitekeen prestigiotsuenetako bat da. Aldi berean, taldean egiten dugun lanaren aitorpena da, eta lan ildo horretan jarraitzeko bultzada bat. Halaber, sari honi esker, gure taldearen lanak mundu osoan ikusgarritasuna izango du, eta UPV/EHUren eremuan eta Donostiako POLYMAT zentroan polimeroei buruz egiten den ikerketaren bikaintasun froga bat ere bada.

Haritz Sardon Kimikan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Aldi labur batez Histocell enpresan aritu ondoren, doktoratu osteko egonaldi bat egin zuen Kaliforniako IBMn: polimerizaziorako organokatalisiaren erabilera lantzen. Egonaldi horren ondoren, Espainiara bueltatu eta, Juan De la Cierva beka batekin, POLYMAT institutuan lanean hasi zen. 2016an IKERBASQUE beka eskuratu zuen, eta 2018an UPV/EHUn hasi zen, Kimika Fakultatean, irakasle laguntzaile modura.  Gaur egun bere ikertalde propioa zuzentzen du POLYMAT zentroan: katalisi eta polimero jasangarriei buruzko taldea (http://polymat.eu/en/groups/Catalysis-and-Sustainable-Polymers). Sardonek 2020an Polimeroen Ikertzaile Gaztearen Bikaintasun saria jaso zuen, eta 2021ean, Ikertzaile Gaztearen saria, Taldeko Lider kategorian. Bi sariek Espainiako Kimikako Errege Elkarteak (RSEQ) ematen ditu.