euskaraespañol

Gaurko irudia

Nahia Idoiaga Mondragon, Naiara Berasategui Sancho, Amaia Eiguren Munitis

Haurren emozioak pandemiako bizitzari buruz

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/11

Postalak 2020 proiektuan idatzitako postaletako bat
Postalak 2020 proiektuan idatzitako postaletako bat.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Haurren eta nerabeen ongizatea sustatzea, beren giza eskubideak barne, mende honetan gizarte zientzien erronka handietako bat da.

Covid-19ak behar gehiago ekarri ditu, eta ageriago jarri ditu haurren eta nerabeen premiak. Eurochild sarearen azken txostenak (2020) jakinarazi duenez, Covid-19aren eraginez, haurrek itxialdi bereziki zorrotza ez ezik, beren premien eta eskubideen bazterketa ere jasan behar izan dute.

Donostiako Udalak, Osasunaren sustapenaren eta Donostia Lagunkoiaren bitartez; Tabakalerak, Emaus Fundazioak, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoak eta Kutxakulturrek elkarrekin, deseskalatzearen lehen asteetan, Postalak 2020 egitasmoa abiarazi zuten, espazio bat sortzeko topaketarako, elkar entzuteko eta solasean aritzeko. Xedea da pandemia-egoeran sentitzen ditugun emozioei buruzko narratiba taldean eraikitzen laguntzea, sendagarria izan daitekeelakoan, inor atzean utzi gabe.

Emozioak adierazten laguntzea

Ekimen horren barruan, Oporretan Euskaraz 2020 jardueretan parte hartzen ari ziren 6 eta 11 urte bitarteko haurrei proposatu zitzaien postal bat idaztea –erosita, eskuz egina, marraztuta eta norbere egoera emozionala adierazten lagunduko liekeen guztia barne hartuta–, eta, gero, horretarako prestatutako postontziren batean uztea. Modu horretan, Postalak 2020 ekimenean parte hartu zuten 6 eta 11 urte bitarteko haurrek, eta aukera izan zuten pandemia deklaratu zenetik sentitzen zutena adierazteko.

KideON ikertaldeak postalak eta marrazkiak aztertu zituen une horretako bizipenak, esperientziak, sentimenduak eta emozioak biltzeko. Ondorioetako bat izan zen haurrek zailtasunak zituztela emozioak adierazteko. Adibidez, “gaizki” hitza erabiltzen zuten, baina ezin zioten emozioari izena jarri (tristezia, haserrea edo asperdura).

Haurren marrazkiak abiapuntu hartuta, ipuin bat sortu zuten irudien bidez azaltzeko txikien bizipenak, emozioak eta sentimenduak. Hala, egindako lana itzultzen zitzaien, bizi eta sentitu izan zutena azaltzeko eta kontatzeko euskarri moduan, gainera.

Bestalde, Lehen Hezkuntzarako unitate didaktiko bat diseinatu zen, eta ikastetxeei eta bestelako gizarte- eta hezkuntza-zentroei eskaini zitzaien, haurren ongizatea eta emozioen kudeaketa hobetzeko, ikuspuntu oso batetik, alderdi emozionalez gain, osasuna, elikadura, ohitura osasungarriak eta lo-higienea kontuan hartzen dituelako. Halaber, emozioak kudeatzeko eta ongizatea bultzatzeko mintegiak antolatu zituzten haurtxokoetan.

Haurtxokoak 5 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzako aisialdi-espazioak dira. Haurrak gaitzea eta horiei babesa ematea dute helburu, hezkuntza ez-arautuaren bitartez, autonomia pertsonalerako bidean laguntzeko, haurtzaroa osotasunean bizi dezaten, esperimentazioaz gozatzeko eta heltzeko etapa denez gero, eta helduaroaren oinarria. Haurtxokoetan abiarazten diren programek eta jarduerek haurtzaroko premiak asetzea dute helburu; hau da, haurrak dira protagonista, xedea haien garapen emozionala eta soziala delako.

Osasuna sustatzeko zerbitzuak beharrezkotzat jo zuen haurrei egunerokoan sortzen zitzaizkien ondoezei aurre egiteko tresnak eskaintzea; hala, estres-egoerei estrategia osasungarriekin heltzeko. Donostiako Udaleko Gazteria Zerbitzuarekin lankidetzan, hiriko udal haurtxokoetarako unitate didaktiko bat abiaraztea planteatu zen.

Emozioak adierazten ikasteko teknikak

KideON ikertaldeko kideak Donostiako sei haurtxokotarako bina saio diseinatu zituzten, 'Diagnostico y propuestas de intervención sobre el bienestar, desigualdades y necesidades socioeducativas de la población Infantil y adolescente tras la COVID-19' I+G+B proiektuaren baitan (PID2020-119011RB-I00). Metodologia aktibo eta parte-hartzaileetatik abiatuz, psikodrama-teknikak, autoesplorazioa, jolasa, gorputz-mugimendua, erlaxatzeko teknikak eta mindfulness delakoa konbinatu zituzten.

Guztira, 5 eta 11 urte bitarteko 169 neska-mutilek hartu zuten parte. Lehen mintegian, emozioak landu zituzten: identifikatzea, izena jartzea eta nork bere burua hobeto ezagutzea, alderdi emozionalei dagokienez. Halaber, emozioak kudeatzeko estrategiak eskaini zitzaizkien, ikuspuntu osasungarri batetik, komunikazioaren asertibotasuna handitzeko.

Bigarren mintegiak ongizatean jarri zuen arreta, ikuspegi integral batetik. Hasteko, norberak hobeto sentitzeko egiten duena eta gure emozioak hobetzeko eta gurekiko eta inguruarekiko ongizate maila handitzeko zer egin dezakeen landu zuten. Bestalde, kirola egitearen eta elikadura osasungarriko ohiturak izatearen garrantzia nabarmendu zen.

Saioak ebaluatzeko, bukatzean haurrei eskatu zitzaien marrazki batean irudika zezatela ikasitakoa eta saioetan gustatu zitzaiena.

Ondoriozta dezakegu mintegiak lagungarriak izan direla haurren autoezagutza handitzeko, emozioei eta ongizateari dagokienez. Baliabideak eskaini zaizkie, alde batetik beren emozioak identifikatzeko, adierazteko eta kudeatzeko; bestetik, beren ongizateari mesede egiten diotenak ezagutzeko eta bizimodu osasungarria izateko ohiturak jakiteko. Saio horietan, haurren diskurtsoan indar berezia hartu dute zainketa pertsonalak, gorputzaren zaintzak, elikadura osasungarriak eta kirolak.

Ildo horretan, ezinbestekoa da curriculum ofizialek eta hezkuntza ez-arautuak jasotzea hezkuntza emozionalerako eta osasunaren irakaskuntzarako espazioak eta uneak, are gehiago garai kritikoetan, egungoa kasu. Erronka bat ez ezik, eskubide bat da. Hala diote munduko eta Europako agendek. Horregatik, gure beharra da zenbait arlotatik ikertzen, prestatzen eta espazioak eskaintzen jarraitzea.

 

Artikulu honetan lagundu dute Aitziber Etxezarretak (Donostiako Udaleko Osasuna sustatzeko teknikaria), Nora Urkidik (Donostiako Udaleko Gazteriako teknikaria), Unai San Sebastiánek (Donostiako haurtxokoen koordinatzailea) eta Sorkunde Jaca Mirandak (Donostiako Udaleko Osasuna sustatzeko erizaina).