euskaraespañol

Annick Laruelle

Hautesleria gero eta zaharragoa gaztetzeko proposamenak

Ikerbasque ikerketa irakaslea. Analisi Ekonomikoa saila

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/08/30

Annick Laruelle
Annick Laruelle irakaslea | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Artikulu honen jatorrizkoa The Conversation argitalpenean dago.

Ekainaren 9ko bilkuran, Espainiako Diputatuen Kongresuak onartu zuen atzerrian bizi diren espainiarren botoa arautzen duen hauteskunde erreforma, eskatutako botoa ezabatu zuelarik. Alderdi batzuek eskatu zuten hauteskunde-erreforman beste aspektu batzuk sartzea, hala nola boto telematikoa edo bozkatzeko gutxieneko adina jaistea, baina ez zuten lortu.

Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren aldarrikapena da 16 urterekin bozkatu ahal izatea. Aurkariek argudiatu dute gazteek ez dutela botoa emateko adina heldutasun, edo interes politikoek gidatutako proposamena dela.

Gazteen botoaren aurka egun erabilitako argudioek antza handia dute lehen beste kolektibo batzuen kontra erabilitakoekin. Emakumeei botoa ukatzeko ohiko aitzakia zen berorien balizko izaera emozionala. Alderdi asko emakumeen botoaren aurka zeuden, hautestontzietan izan zezakeen eraginaren beldur. Italiako alderdi komunista beldur zen Vatikanoak emakumeen botoan izan zezakeen eraginaren aurrean. Belgikan, liberal kontserbadoreak zein sozialistak emakumeen botoaren aurka agertu ziren, ziotenez, alderdi katolikoari mesede egingo ziolako.

Boto arduratsua

Nazioarteko erakundeek ohartarazten dutenez, mundu osoko haurren etorkizuna eta osasuna arriskutan egon daitezke klima aldaketa, ingurumenaren narriadura, gatazkak, desberdintasunak eta merkataritza praktika oldarkorrak direla eta. Adin txikikoei ez bazaie botoa emateko eskubiderik ematen heldutasun faltagatik, ez al litzaieke adinekoei kendu beharko, etorkizuneko belaunaldiekiko enpatia faltagatik?

Hautesle ertainen adina handitu egiten da Europako herrialdeetan. Espainian 43 urtetakoa bazen 2001ean, 2021ean 49 urtetakoa izan da. Eta populazioaren zahartzeaz batera, hurrengo urteetan ere gora egiten jarraituko du. Gainera, boto emaile ertainen benetako adina are altuagoa da, gazteak adinekoak baino gehiago abstenitzen baitira.

Hautestontzien emaitzek gero eta zaharragoak diren pertsonen lehentasunak islatzen dituzte. Europako 22 herrialdetan egindako Europako Gizarte Inkestaren zortzigarren edizioko datuen analisi baten arabera, adinekoak gazteak baino eszeptikoagoak dira klima aldaketaren eraginen inguruan.

Boto emailearen adina

Jada 1998an Philippe van Parijs filosofoak jorratu zuen belaunaldien arteko justizia. Hainbat aukera proposatu zituen hautestontzietan gazteen eta etorkizuneko belaunaldien ordezkaritza ziurtatzeko.

Horietako aukera bat da boto emaile ertainaren adina murriztea. Hori lortzeko, botoa emateko gutxieneko adina jaitsi ahal da. Zenbait herrialdek (Austriak edo Maltak, esaterako) 16 urteetara eraman zuten gutxieneko adina, Martin O 'Neil politologoak 12 urtetara jaistea proposatu duen bitartean.

Are erradikalagoa da David Runcimanen proposamena, 6 urtetan ezarriko lukeena.

Boto emaile ertainaren adina murrizteko bigarren modu bat litzateke botoa eman ahal izateko gehieneko adina finkatzea. Aita Santua aukeratzerakoan, 80 urtetatik beherako kardinalek ez beste inork eman dezakete botoa.

Hirugarren aukera bat litzateke botoa nahitaez eman behar izatea adin zehatz batzuetan. Argentinan, botoa ematea derrigorrezkoa da 18 urtetatik gorako eta 70 urtetatik beherako herritarrentzat. Aldiz, borondatezkoa da 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat eta 70 urtetatik gorakoentzat.

Hautesle bat, zenbait boto

Gazteen ordezkaritza handitzeko beste modu bat da boto anitza: adin batetik beherako hautesleek boto gehigarri bat izan lezakete, eta adinekoek, berriz, boto bakarra.

XX. mendearen hasieran Belgikan eta Ingalaterran bazegoen boto plural edo anitza. Belgikan, hautesle batek bigarren boto bat izan zezakeen familiaburu izateagatik eta baliabide ekonomikoak izateagatik eta hirugarren bat, baldin eta titulu akademiko bat bazeukan. Ingalaterran, hautesle batek bi hauteslekutan eman zezakeen botoa, beste herri batean merkataritza lokal bat izateagatik edo unibertsitate titulu bat edukitzeagatik.

Azkenik, gurasoak izan litezke haurren ordezkari hautestontzietan. Hori lortzeko modu erraz bat litzateke boto gehigarriak seme-alaben kopuruaren arabera banatzea. Boto familiarra egon zen Maroko eta Tunisiako frantziar protektoratuetan bi mundu gerren artean: gutxien zela, lau seme-alaba zituzten gurasoek eskubidea zuten aparteko boto bat jasotzeko.

Inplikazio politikoak

Hauteskundeak erreformatzeko proposamen gehienak ez dira esparru akademikoetatik edo eztabaida publikoetatik pasatzen. Ez da harritzekoa, hauteskunde sistema aldatzea erabaki politikoa baita, inplikazio politikoak dakartzana. Nola espero daiteke sistema baten bidez aukeratutako politikariek erraz onartzea sistema hori aldatzea, beren berrautaketa arriskuan jarrita?

Hauteskundeen historian oinarri hartuta, José Ramón Montero politologoak baieztatu zuen hauteskunde sistemaren funtsezko aldaketak ezohiko egoeretan gertatzen direla: erregimen aldaketak, asaldura iraultzaileak, gerraosteko egoerak. Fridays for Future mugimenduaren manifestazioen harira gogoratu ahal dugu, botorik ezean, gazteek ahotsa altxa dezaketela.