euskaraespañol

Hidrogeno berdea ekoizteko proiektua

CIEMATek 1,5 milioi euroko ekarpena egin du, eta Vitoria Gasteizko Ingeniaritza Eskolan egingo da

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/09

CIEMATeko ordezkariekin egindako bileraren irudia
CIEMATeko ordezkariekin egindako bileraren irudia | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

CIEMATeko (Energia, Ingurumen eta Teknologia Ikerketen Zentroa) teknikariek Gasteizko Ingeniaritza Eskolaren instalazioak bisitatu dituzte, ‘Energía eólica offshore para el ensayo y el desarrollo energético de energías renovables e hidrógeno verde’ proiektua aurrera eramateko emandako dirulaguntza dela eta. Bisitan lagun izan dituzte Arabako Campuseko errektoreorde Manoli Igartua, eskolako zuzendari Zuriñe Gómez de Balugera, eta proiektuaren arduradun Unai Fernandez Gamiz eta Ekaitz Zulueta.

Proiektua bi urterako da, eta helburua du energia berriztagarria sortzeko teknologia garatu eta optimizatzea –nagusiki offshore energia eolikoa eta eguzki energia fotovoltaikoa, egoera eta/edo ingurune desberdinetan– eta hidrogenoa ekoiztea iturri horietatik abiatuta.

Horretarako, azpiegitura zientifiko bat erosiko da, eta Vitoria‑Gasteizko Ingeniaritza Eskolan instalatu, erabiliko dena garatzeko eta probatzeko energia berriztagarria sortzeko sistemak eraginkorragoak izan daitezen beharrezkoak diren teknikak; eta, horrela, iturri horietatik abiatuta, hidrogeno ekoizpenaren prezioa murriztu ahal izateko.  

Era berean, proiekturako instalatuko den azpiegiturari esker, adimen artifizialean oinarritutako algoritmo berriak garatu ahal izango dira, hidrogeno berdea ekoizteko prozesua lehiakorragoa izan dadin.

CIEMATek 1,5 milioi euroko laguntza emango du erresilientzia funtsen bitartez. CIEMAT ikerketako erakunde publiko bat da, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioari atxikia Ikerketako Idazkaritza Nagusiaren bidez, eta batez ere energiaren eta ingurumenaren esparruan egiten du lan, bai eta bi esparru horiekin lotutako arlo teknologikoetan ere.