euskaraespañol

Haizea Barcenilla

Hilma af Klint, abstrakzioaren abangoardiako pintorea

Artearen Historiako irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/08/26

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Alda al dezake Suediako artista ezezagun baten erakusketak abangoardien artearen inguruan dugun ulermena? Esan liteke XX. mende hasierako artearen historia aski ainguratuta dagoela, artista batek Europako periferian izandako agerpen espektralak ezelako eraginik izan ez dezan. Hala ere, Hilma af Klint fenomenoak ikasteko bide guztiz berritzaileak ireki ditu abstrakziora hurbiltzeko izaten dugun moduan.

1862an jaioa, Hilma af Klintek Stockholmeko Arte Ederren Errege Akademian ikasi zuen, bere hezkuntza akademikoarekin bat zetorren estilo naturalista garatu zuelarik bertan. Hala ere, pintura ofizial horren itzalpean eta modu pribatuan, obra mota zeharo desberdina egin zuen.

Beste lau lagunekin batera, ‘De Fem’ (Bostok) taldea sortu zuen; ‘séance’ (saio) espiritistak  egiten zituzten, saioon bidez zirriborroak eta jarraibideak eratorrita. Horietatik abiatuta, Af Klint hasi zen obra abstraktu, sinboliko eta konplexua konposatzen, kosmosaren ordena irudikatu nahian.

Obra monumental hori, Af Klint 1908an hasitakoa, abstrakzioaren lehenengo agerpentzat hartzen da orain.

Kanonaren barruan sartzearen bila

Nahiz eta Af Klinten zenbait pieza lehenago erakusketa kolektibo batzuetan egon, 2013an monografiko bat eskaini zion Stockholmeko Moderna Museet-ek, bere obraren zabaltasuna eta distira ezagutarazi zuena.

Obra hori berrogei urtez mantendu zen ezkutuan, artistak hala nahi izan zuelako, etorkizuneko gizartea bere proposamena hobeto ulertzeko gai izango zelakoen. Eta badirudi hala izan zela, erakusketa arrakastatsua izan baitzen, bai publikoaren aldetik, bai kritikaren aldetik. Etxean aurkeztu ondoren, Hilma af Klintek bidaia bat hasi zuen munduko museo ospetsuenetan barrena, mundu osoaren luze-zabalean.

Jatorrizko erakusketaren izena: ‘Hilma af Klint. Abstrakzioaren aitzindaria’, argi bezain gardena zen: Moderna Museetek aldarrikatu nahi zuen lehenengo emakume pintore abstraktua suediarra izan zela. Saiatu zen pertsonaia berri bat sartzen abangoardiako maisu-maistra handien talde kanoniko hautatuan, emakume bat funtsean gizonezkoez osaturiko zerrenda batean. Ez zegoen arte garaikidearen narratiba aldatzeko asmorik, hura figura nazional batekin osatu besterik ez.

Horregatik, Stockholmeko erakusketan ‘De Fem' amaieran besterik ez ziren agertzen, modu tangentzialean, benetako protagonista bakarrari garrantzirik ez kentzeko. Baina erakusketa hark merchandising mauka berri bat ireki ez ezik, ordura arteko itxitako leiho bat ireki zuen. Eta bertatik espiritistak sortu ziren.

Espiritisten agerpena

Ustekabekoa ez zen izan naturaz gaindikoarekiko interesa: Ezaguna zen artista abstraktu askok teosofiaren doktrinarekin zuten harremana eta harreman honen fruitu batzuek zabalkunde handia izan zuten, hala nola Kandinskyren ‘Espiritualaz artean' liburua. Ezustekoa izan zen, ordea, Af Klinten ildoari jarraituz, izpirituekin izandako elkarrizketek gidatuta, 1861 bezalako garai goiztiarretatik abstrakzioarekin esperimentatu zuten emakumeen azterlanak azaleratzen hasi zirela, Georgiana Houghtonen kasuan bezala.

Bat-batean, handik eta hemendik agertzen ziren medium artista berriak eta, hauen ondoan, ordura arte inoren axolarik jaso izan ez duen ikerkuntza esparru oso bat. Stockholmen emakume aktore berri bat ondo egituratutako kontakizun batean, abangoardia maskulino eta arrazionalen kontakizunean sartzeko saiakera huts gisa hasitako hura, narrazioari kolorea ematen zion espiritismo ukitu arin hura, ibilera aldaketa saihestezin bihurtu zen. Hilma af Klint ez zen aitzindaria, bera gainditu eta abangoardia esperimentalenetan marka sendoa utziko zuen bultzada sozial eta artistiko baten kide nabarmendua baizik.

Bide berriak historia aberatsago eta konplexuago baterako

Emakume artista berrien agerpenak sustatu egin du, aldi berean, beste artista abangoardista batzuek doktrina espiritualekin zuten harremana aztertzea eta agerian utzi du ezkutukoak, esoterikoak eta espiritualak funtsezko lekua izan zuela abangoardietan.

Modu berean, frogatzen ari da joera horien protagonistak emakumeak zirela. Olivia Plender artistak hitzaldi batean esan zuen bezala, ez da harritzekoa mediumak emakume izatea, beste baten ahotsarekin hitz egitea modu bakarra izan zitekeelako entzunak izateko. Era berean, ez da harritzekoa beren garaiko artista, idazle eta influencers horiek gerizpean geratu izana, arte heteropatriarkal sakonaren historian.

Orain, Hilma af Klintek ireki zigun leihoa gero eta zabalagoa da eta beste azterketa eremu bat lekua eskatzen ari da abangoardiaren oinarrietan: dantza, esoterismoarekin eta ekialdeko kulturekin lotura estua duena.

1944an, Af Klintek testamentuan idatzita laga zuen bere artelanak ez zitezela erakuts hil eta berrogei urtetara arte, mundua bere lana ulertzeko prestatuago egongo zelakoan. Baikorra izan zen. Ia bikoitza behar izan dugu, baina azkenean esan daiteke lortzen ari garela.