euskaraespañol

Hiri logistika jasangarria

UPV/EHUko ikasle batek bere proiektua azalduko du Bartzelonako Smart City Expo World Congressen

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/11

Gorka Pradas Rubio
Gorka Pradas Rubio. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Gorka Pradas Rubio Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritzako Gradua ikasten ari da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan. Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko ikasle María Savallekin batera, Citython-en parte hartu zuen “Hiri logistika jasangarria” proiektuarekin. Irabazle atera ziren, eta euren lana Bartzelonan egiten ari den Smart City Expo World Congressen aurkezteko gonbita jaso dute orain.

Citython hiriek aurre egin beharreko mugikortasun erronkak aztertzen dituen ekitaldi bat da. Jatorri eta ibilbide desberdinetako ikaslez eta profesionalez osatutako diziplina anitzeko taldeak elkarren artean lehiatzen dira irtenbide berritzaileak emateko. Citythonen anbizioa da baterako ideiagintzan erreferentea izatea, eta talentu bikainenak erakarriko duen ekitaldi bat sortzea Europan, tartean, EIT Urban Mobility programa akademikoetako ikasleak, irtenbide berritzaileagoak sortzeko.

EIT Urban Mobility europar ekimenean bat egiten dute hiriek, unibertsitateek, ikerketa zentroek eta industriak, elkarlanean aritzeko mugikortasun berrikuntzetan eta hiriak bizigarriago egiteko ahaleginean.

Aurten, EIT Urban Mobilityren jarduera nagusien artean, Citythonen edizioak egin ziren Eindhoven (Herbehereak), Bilbo eta Bartzelona (Espainia), Hanburgo (Alemania) eta Lublin (Polonia) hirietan. , Hain zuzen, Gorka Pradasek eta María Savallek, Team Lasai-Lasaik, “Hiri logistika jasangarria” proiektua Bilbo eta Bartzelonako edizioan aurkeztu zuten.

Gorkak azaldu duenez, “erronkaren helburua zen hiri logistika jasangarri eta solidario bat lortzea. Gure kasuan, hirigunetik zirkulazio motordunaren zati handi bat, alegia, banaketako furgonetak edo kamioiak, kentzeko modua proposatzen genuen”.

Horretarako, hiru zentro logistiko edo UCC (Hiri Finkapenerako Zentroak) proposatu zituzten, Bilbo inguruan kokatuta leudekeenak, etxean entregatzekoak handik banatzeko cargo erako bizikleten bidez “Proposatzen dugun berritasuna da produktu entrega supermerkatu/establezimendu jakin batzuetan egitea sustatuko genukeela, eta bezeroa joatea adierazitako puntura jaso beharrekoa jasotzera, etxeko atean jaso ordez (jaso ahalko luke, gastu gehigarria ordainduta)”. Horrela, entrega lanetan dabiltzan ibilgailuen zirkulazioa, eta cargo bizikletena ere, murriztuko litzateke.

Ohiturak aldatzea

Digitalizazioak erosketa ohiturak aldatu ditu, eta produktuen onlineko erosketa izugarri handitu da. Gainera, COVID-19ak eragindako pandemiak azkartu egin du erosteko metodo hori; alegia, 2019an erosketak etxetik egindako pertsonen gorakada % 2koa izan zen (Eurostat, 2020), baina 2020an % 4koa izan zen (% 68tik % 72ra) 2021eko Eurostaten arabera.

Erosketa horien entregen inpaktuak, gehi dendak, jatetxeak edo hotelak hornitzeko salgaien banaketarenak, hiri baten kutsaduraren % 50 ere eragin dezake (LET, 2006), baita Bilbon ere. Salgaien banaketak eragindako beste arazo batzuk pilaketak, zarata, berotegi efektuko gasen emisioak eta istripuak dira.

Salgaien banaketak hiri bateko kutsaduraren % 50 eragiten du

Gaur egun “azken milia” egiten den moduaren ondorio kaltegarriak murrizteko, Team Lasai-Lasairen proiektuak Bilboko hirirako banaketa egokiko eredu jasangarri berri bat proposatzen zuen.

Haien lanak eredu logistiko horren alderdi guztiak zehazten ditu, eta ingurune konplexu horretan parte hartzen duten interes talde guztiak inplikatzen ditu: garraiolariak, haien jarrera uler dezaten eta proposamen adostu bat egitearren; herritarrak, prozesuan duten zereginaz kontzientziatzeko; eta administrazioa, eredu berriaren arauketan eta ezarpenean inplikatzeko.

“Gure kaleetatik banaketako ibilgailuak kenduta zirkulazioa eta pilaketak gutxituko lirateke, kale asko oinezkoentzako kale bihur litezke, zamalanetarako eremuak beste zerbitzu batzuetarako erabili ahal izango lirateke, hala nola konponketa zerbitzuetarako edo zerbitzu medikuetarako, eta mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuak aparkatzeko plazak ugarituko lirateke. Gainera, kutsadura, berotegi efektuko gasen emisioak eta zarata gutxituko lirateke. Azken finean, eredu berri horrek hiria bizitzeko leku jasangarriagoa bihurtuko luke”, ondorioztatu du UPV/EHUko ikasleak.

Aurkezpena Smart City Expon

Bilbo eta Bartzelona Citythonaren irabazleak izaki, Smart City Expo World Congressen parte hartzera gonbidatu dituzte beren proiektua aurkezteko.

2011z geroztik Bartzelonan egiten den Smart City Expo World Congress (SCEWC) nazioarteko ekitaldi liderra da hirientzat. Bere helburua da hiriak ahalduntzea eta hiri berrikuntza mundu osoan kolektibizatzea. Gizarte berrikuntza eta elkartzeak sustatuz, eta merkataritza abaguneak identifikatuz, kongresua hirientzat eta hiritarrentzat etorkizun hobea sortzera bideratuta dago.

Gizateriaren % 55 hiriguneetan bizi da eta mundu osoko ehunka kontseilu eta jurisdikziok larrialdi klimatikoaren adierazpenak eman dituzte. “Hiriak liderrak izan behar dira naturaren balioa maximizatzeko, desberdintasun-arrakala dimentsioanitza ixteko eta berotegi-efektuko gasik gabeko etorkizuna babesteko bidean. Egiten duguna gara, baita hiriak ere. Hiriak eraikitzen ditugu, baina baita hiriek gu ere”, aldarrikatzen dute erakundetik.

Azaroaren 17an, Mariak eta Gorkak hiri jasangarriagoak eta atseginagoak lortzeko helburuari egindako ekarpena azalduko dute.

Esteka honetan ikus dezakezue proiektuaren bideoa:

https://drive.google.com/file/d/1fglBeVfx78VCLVk-4XNB9BzzuWX5zvXJ/view?usp=sharing