euskaraespañol

Hitzaldi-solasaldia Nerea Zabalarekin: 'Argi-tresnak: zientzia-fikziotik film molekularretara'

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2020/02/26 Noiz arte: 2020/02/20, 19:00 - 00:00

Kokapena

Bidebarrieta Kulturgunea
Bidebarrieta 4. -48005- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Laser izpiek askotariko aukeren eskaintza zabala ireki dute egungo munduan, baina duela hamarkada gutxi batzuk baino ez ziren sortu. 1960an aurkitu zirenez geroztik, laser izpiak zientzia-fikziozko hainbat film eta telesaioren inspirazio-iturri bihurtu dira, baina denboraren poderioz garatutako teknika berriei esker, fantasia horietako batzuk errealitate bilakatu eta biologian, medikuntzan, industrian, telekomunikazioetan, oinarrizko ikerketan nahiz bestelako arloetan arras baliagarriak diren argi-tresna indartsuak sortu ahal izan dira.

“Argi-tresnak: zientzia-fikziotik film molekularretara” izenburuko hitzaldiak laser izpien zenbait aplikazio azaldu eta denbora-tarte labur-laburretan metatutako intentsitate handiko laser-iturriei atxikitako ikuspegi berriak aztertuko ditu, izan ere, azken hauek prozesu molekularrak filmatu eta orain arte zientziarentzat arakaezinak diren elektroien munduan barneratzeko aukera ematen dute.

Hitzaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrietako Liburutegiak bultzatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren barruan egingo da otsailaren 26an, 19:00etan, Bilboko Bidebarrietako Liburutegian (Bidebarrieta kalea, 4).

Nerea Zabala Fisikan doktorea da eta laser izpien gakoak argituko ditu saioan. Hizlaria Donostia International Physics Centerri (DIPC) atxikitako ikertzailea da. Fundazio honek antolatu du urtarriletik martxora bitartean hitzaldi hau barne duen zinema eta zientziari buruzko zikloa. DIPCek Euskadiko Filmategiarekin eta Donostiako Zinemaldiarekin batera antolatu du ziklo honen hirugarren edizioa.

Hauxe da Kultura Zientifikoko Katedrak 2020an DIPCekin batera antolatu duen bigarren ekitaldia. Zinema eta zientziari buruzko zikloaren barruan, film-emanaldiak egiten dira astero Donostiako Tabakalera zentroan eta Bilboko Arte Ederren Museoan, gaurkotasunezko gaiak jorratzeko; hala nola, bizitzaren zentzua, robotika humanoidea, gaixotasun mentalak edo klima-aldaketa.

Bidebarrietako Liburutegian antolatuko den hitzaldi honetarako sarrera librea eta doakoa izango da aforoa bete arte, baina aurretik, gonbidapenak eskuratu behar dira liburutegian bertan, otsailaren 21etik aurrera. Gonbidapenak goizez zein arratsaldez jaso daitezke astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean.

Hizlaria

Nerea Zabala Materialen Fisika Zentroari (CSIC-UPV/EHU zentro mistoa) eta Donostia International Physics Centerri (DIPC) atxikitako ikertzailea, Fisikan doktorea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea da. Egun, argiak nanoeskalan duen portaera ikertzea du ohiko jardunaren ardatz, Nanofotonikaren Teoriari buruzko taldearen barruan.