euskaraespañol

Hitzaldia: 'Zahartze osasungarri eta bizigarria sustatuz pertsona guztientzat'

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2019/01/30, 19:00 - 00:00

Kokapena

Bidebarrieta Kulturgunea
Bidebarrieta 4. -48005- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Egun, adineko pertsonak dira mundu osoan hazkunde-tasarik handiena duten biztanleak. Nazio Batuen “Munduko Biztanleriari buruzko Ikuspegiak” deritzon txostenean bildutako datuen arabera, 60 urte edo gehiago dituzten pertsonen kopurua 2050erako bikoiztu eta 2100erako hirukoiztuko dela aurreikusi da: 962 milioi 2017an, 2.100 milioi 2050ean eta 3.100 milioi 2100ean.

Euskadin, biztanleen % 22k 65 urte baino gehiago ditu dagoeneko. Testuinguru honetan, gero eta gehiago dira zahartze aktiboa sustatzeko eta zahartzaroan ahalik eta bizi-kalitaterik handiena lortzeko abiarazten diren politika eta ekintza zehatzak.

Hauxe da, hain zuzen ere, Jon Irazusta doktorea buru eta diziplina anitzeko prestakuntza duten hainbat espezialista kide dituen Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ageing-On ikerketa-taldearen zereginetako bat. Zehazkiago esanda, adinekoen bizi-kalitatea hobetzea da taldearen helburu nagusia, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako ariketa fisiko eta kognitiboko programetan parte hartzea sustatuz.

UPV/EHUn Biokimikako eta Biologia Molekularreko doktoregoa egin eta egun Ageing-On taldean ikertzaile dabilen Begoña Sanz arduratuko da talde horren lana eta era horretako programen abantailak jendaurrean ezagutzera emateaz, urtarrilaren 30ean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian (Bidebarrieta kalea, 4) antolatuko den “Ageing-On: zahartze osasungarri eta bizigarria sustatuz pertsona guztientzat” izenburuko hitzaldiaren bitartez.

Hitzaldian, ikertzaileak, ariketa-programa horiek parte-hartzaileen egoera fisikoa, kognitiboa eta psikologikoa hobetzen laguntzen dutela azaldu eta entrenamendu horiek zahartze osasungarrian duten funtsezko eginkizuna aztertuko du.

Begoña Sanzek, UPV/EHUko Fisiologia Ataleko irakasle agregatua izanik, UPV/EHUko Medikuntza Graduan, Ikerketa Biomedikoari buruzko Masterrean eta Zahartze Osasuntsu eta Bizi-Kalitateari buruzko Masterrean irakasten du. Haren ibilbide zientifikoa estu-estu lotuta dago Ageing-On ikerketa-taldeak ere aztergai dituen biomarkatzaile molekularren ikerketarekin.

Hitzaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak hilabetero gaurkotasunezko gai zientifikoak ezagutzera emateko antolatzen duten “Bidebarrieta Zientifikoa” zikloari atxikita dago.

Hitzaldi guztietarako sarrera librea eta doakoa da aforoa bete arte, baina aurretik, gonbidapenak eskuratu behar dira liburutegian bertan, urtarrilaren 25etik aurrera. Gonbidapenak jasotzeko ordutegia 10:00etatik 14:00etara bitartekoa da goizez eta 16:00etatik 20:00etara bitartekoa arratsaldez, astelehenetik ostiralera.

Bertaratzeko aukerarik ez dutenek hitzaldiak streaming bidez ikusi ahal izango dituzte esteka honen bitartez.