euskaraespañol

Mari Mar Boillos Pereira eta Garbiñe Bereziartua Etxeberria

Hizkuntza gutxitu batean argitaratzearen zentzua: euskara aldizkari akademikoetan

Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika saileko irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/25

Mari Mar Boillos Pereira eta Garbiñe Bereziartua Etxeberria
Mari Mar Boillos Pereira eta Garbiñe Bereziartua Etxeberria. Argazkia: UPV/EHU.

Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurkitu daiteke.

Ikerketan dihardugunon ibilbidea ebaluazio irizpide zorrotz batzuen mende dago, eta argitalpen zientifikoek, batik bat aldizkariek, berebiziko garrantzia dute horietan. Aitorpen batzuk eskuratuta egin ahal izango dugu aurrera karreran, eta aitorpen horiek lortzea, bestalde, ospe handiko aldizkarietan argitaratzearen mende dago. Aldizkari horiek nazioarteko datu baseetan indexatuta daude eta, besteak beste, Clarivate Analytics edo Elsevier enpresek ezarritako estandarren bermea dute. Argitalpen horietan lan akademikoak argitaratu izana aldagai erabakigarria izan daiteke egilearen soldata finkatzeko ere.

Edozein ezagutza arlotan argitaratzen diren aldizkari ospetsuenen hizkuntzari erreparatuta, emaitzak argiak dira: gehien-gehienak ingelesez argitaratzen dira. Munduan hiztun gehien dituzten gainerako hizkuntzen presentzia, esaterako, espainierarena edo frantsesarena, hutsaren hurrengoa da lan anglofonoen rol hegemonikoaren aurrean.

Eragina ikerketaren hizkuntzan eta ikergaian

Ikerketa lana baloratzeko sistema hori dela kausa, eta nazioarteko ikerlanen emaitzak ezagutarazteko premiagatik, komunitate zientifikoak pentsamoldea aldatu du.

Orain, ikertzaileek kontzientzia estrategikoa dute eta lehentasuna ematen diote ahalik eta jende gehiagorengana iristeari, bai ikergaiak aukeratzeko garaian, bai ikerlanaren hizkuntza aukeratzeko garaian. Eta kontuan hartu behar da ama hizkuntza ez den batean testu bat idazteak dakarren ahalegina eta horrek eragin dezakeen inbertsio ekonomikoa (itzultzaileak, berrikusleak, laguntzaileak, etab., ordaintzea).

Sistema horretan, ageri-agerian geratzen dira unibertsitateen ildo estrategikoen inkongruentziak: goi hezkuntzako erakundeek ondo dakite zer-nolako garrantzia duen inguru hurbilean garatzen eta berritzen laguntzeak, eta kultura gutxituen defentsaren alde egiten dute, fokua tokiko ekonomian jarrita. Alabaina, sistema deslokalizatu baten zerbitzura daude, eta horretan ingelesa da lingua franca: ikerketa proiektuetarako nazioarteko deialdiak, ikusgarri egiteko ildo estrategikoak, mundu osoko erakundeekin lan egiteko sareak, etab.

Euskara ikerketan

Ondorioz, galdera bat etortzen zaigu burura: ikerketaren panorama hori izanik, zer leku dute hizkuntza gutxituek? Eta, zehazki, euskarak?

Euskara, eta ziur aski beste hizkuntza gutxitu batzuk, unibertsitatea eta, oro har, komunitate zientifikoa dauden egoera dikotomiko horren biktima da. Joan den mendeko 80.eko hamarkadatik aurrera –hizkuntza normalizaziorako eta unibertsitate publikoak sortzeko mugarria izan zen– euskararen presentzia modu esponentzialean hazi bada ere unibertsitate esparruan, gure hizkuntzan lan gutxi batzuk argitaratzen dira, eta gehienak aipatu kalitate irizpide horiek izatetik urrun geratzen dira.

Gaur egun, gero eta doktorego tesi gehiago egin eta defendatzen dira gure hizkuntzan. Halaber, gero eta gehiago dira Hego Euskal Herriko ikastetxe publiko nahiz pribatuetan ikasketak euskaraz egitea erabakitzen duten ikasleak. Alabaina, txanpon horren ifrentzua da euskaraz zientziako aldizkari bakan batzuk argitaratzen direla, eta esparru horretan erabiltzen diren diskurtso generoak zehazteko irizpideak sistematizatu gabe daudela (txostenak, erreseinak, memoriak, etab.). Beste hizkuntza batzuetan, ordea, sistematizatuta daude.

Hausnarketarako eguna

Esan liteke, beraz, zientzialari euskaldunak hausnarketarako egun batean daudela; zer-nola indartu euskara dibulgazio zientifikorako hizkuntza gisa, ikertzaileek karrera profesionalean aurrera egitea eragotzi gabe.

Halaber, generoetako konbentzio prototipikoak (artikuluak, sinopsiak, aktak, etab.) sistematizatzeko unea da, komunitate osoak identifikatu ahal izango dituen ezaugarri linguistiko-dikurtsiboak izan ditzaten. Agian, hori izan liteke hizkuntza gutxituek ingelesaren nonahikotasunaren aurrean irauteko lehen urratsa.