euskaraespañol

Etxe maitea

Hiru arkitektok COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoriozko konfinamenduan gure etxeek jokatutako papera aztertu dute

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/21

Irudia
Argazkia: Gustavo Fring (Pexels)

Martxoaren 14tik gure etxeak kolpatzen gaituen pandemiatik babesteko aterpe bilakatu dira. Etxean sartuta bizi gara. Baina inoiz baino ohikoagoak bilakatu diren bideodeiek edo sare sozialetan partekatutako irudiek argi utzi dute herritar guztiak ez gaudela inolaz ere egoera berdinean.

Konfinamendu eta pandemia egoera betean, guztiok fase ezberdinetan ematen ari den konfinamenduaren arintzearen zain gauden honetan, etxebizitzak eztabaida eta polemika askoren protagonista bilatu dira. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako ordezkaritzako lehendakaria den Juana Otxoa-Errarteren hitzetan, «eztabaidaren fokua garaiotan izugarri preziatuak bilakatu diren balkoietan kontzentratu da. Izan ere, gutxi batzuei etxetik irten gabe kanpoaldearen zatitxo batez behintzat gozatzeko aukera eman diete balkoiek. Baina zer gertatuko zen birusak negu betean kolpatu izan bagintu? Bada, ziurrenik, inor gutxi gogoratuko zela balkoiez, eta, aldiz, guztion ahotan izango zela pobrezia energetikoa, hau da, faktura ordaintzerik ez izateagatik berogailua jartzen ez duten herritarrek bizi duten egoera».

Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakaslea den Alex Mitxelena arkitektoak ere herritarren arteko berdintasun eza hartu du hizpide. «Gaur egun ezagutzen dugun etxebizitza estandarra orain dela ehun urte soilik gauzatu zen. Orduan adostu zen, osasun krisi baten ondorioz ere bai, bizigarritzat jotzeko etxe batek sukaldea, komuna, egongela eta bertan bizi diren pertsona kopuruarekin bat egiten duen logela kopurua izan behar dituela. Horrek esan nahi du ordura arte pertsona asko gaur egun “etxebizitza” gisa hartuko ez genituzkeen eraikinetan bizi zirela. Gaur egun funtsezkotzat jotzen dugun programa funtzionalik gabeko espazioetan pilatuta bizi ziren herritar asko».

Aldiz, azken ehun urteotan, egoera bi noranzkotan aldatu da UPV/EHUko irakaslearen ustez. «Alde batetik, ezarritako estandarra nahikoa ez zela ulertu eta etxebizitzak bete beharreko eskakizunak areagotzen joan dira. Horrela, etxean bizi den pertsona bakoitzarentzat beharrezkoa den gutxieneko metro koadro kopurua areagotzen joan da, bigarren edo hirugarren komunak gehitzen joan dira... Bestalde, pertsonak etxebizitzetan pilatzea eragiten duten zenbait dinamika ez dira desagertu, eta, ondorioz, etxebizitzok hobetzea izugarri zail bilakatu da. Muturreko egoeretan, adibidez, etorkinek partekatzen dituzten “patera” etxebizitzak ditugu, orain dela ehun urteko etxeen askoz hobeak ez direnak».

Zaharberritzearen alde eta ez eraikuntza berriaren alde egin behar da apustu

Ibai Gandiaga Nautika eta Itsasontzi Makineriako Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta arkitektoaren ustez, hiriguneetan etxebizitzetako espazio pribatuek hiriko espazio publikoen osagarri izateko joera dute. «Egongela plazarekin osatzen da, terraza edo balkoia –edo terraza edo balkoia ez izatea– hondartzarekin, parkearekin edo bulebarrarekin, jolasteko gela urbanizazioko patioarekin... Familia bakarreko etxeetan, batik bat higiezinen sektorearen presioa txikia den inguruetan, etxebizitzek metro koadro gehiago izaten dituzte, eta, ondorioz, mikrokosmos propio bat eratu ohi da: lorategia, terraza, jolasteko gunea, igerilekua, ortua, ibilgailu parkinga, trastelekua...».

Kontuan hartu beharreko alderdiak

«Urteak daramatzagu lanean eta smart solution-ek eskainitako aurrerapausoak ikusten: guztia bilakatu behar dugu “adimendun” eta hiria bera ez da salbuespena. Ildo horretan, funtsezko alderdietako bat da gure hiriak gero eta jasangarriak izan daitezen lortzeko zaharberritzearen alde egitea eta ez eraikuntza berriaren alde. Zahartutako eraikinez betetako hiri eta herriak ditugu, barne tenperaturako, aireztapeneko, argiztapeneko edo irisgarritasuneko gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten eraikinak. Azken batean, eraikinen parkeko zati handi batek ez ditu betetzen osasun eta erosotasun baldintza egokiak», jarraitu du azalpena Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako ordezkaritzako lehendakariak. 

Juana Otxoa-Errarte arkitektoak nabarmendu bezala, egoera horri aurre egiteko, bai eraikuntza berriko etxebizitzetan, bai zaharberritzetan, behar beste kontuan hartzen ez diren zenbait alderdi daude: «Hermetikotasuna da kontuan hartu ez den alderdietako bat: aire korronteak sortu eta espazio ez erosoak eragiten dituzten filtrazioak ez izatea bermatu behar da, batik bat leihoetan arreta jarrita. Behin hermetikotasuna lortuta, hurrengo urratsa etxebizitzak behar bezala aireztatzea lortzea da. Funtsezkoa da arnasten dugun airea berritzen dela eta kalitateko airea dela kontrolatzea hezetasuna sor ez dadin eta pertsonen zein eraikinaren beraren osasuna bermatzeko. Hori lortzeko aliatu onena teknologia izan daiteke, irtenbide oso egokiak eskaintzen baitizkigu».

Espazioa era malguagoan eta moldagarriagoan antolatu beharko dugu

Konfinamendu garai honetako funtsezko beste arloetako bat espazioen berrantolaketarena da Otxoa-Errarteren ustez: «Egongela bat erraz asko bihurtu beharko litzateke bulego, haurren jolasleku, zinema edo kirola egiteko gune. Aldaketa txiki bat nahikoa izan beharko litzateke kanpoko espazio bat barneko bihurtzeko. Malgutasun behar hori ageri-agerian geratu zaigu pandemiaren ondorioz, baina kontuan izan behar da pertsonon bizitzetan fase ezberdinak ematen direla, eta, beraz, etxebizitzak aldaketotara egokitzeko prestatuta egon behar direla. Argi dago eraikinon hobekuntzek ezin dutela horretan soilik geratu. Eraikinaren beraren zaharberritzearekin batera, hiri espazioen, gure kale eta auzoen birgaitzea ere eman beharko litzateke, betiere, hiria abegikorragoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa izatea helburu».

Pandemiaren osteko arkitektura

Alex Mitxelena irakaslearen hitzetan: «Behin bizitzen ari garen shock egoera gainditzen dugunean, berriz ere ekin beharko diegu klima aldaketari, etxebizitzaren espekulazioari, etxegabetzeei, desio gabeko bakardadeari... Baina erantzun beharreko beste erronka berri batzuk ere izango ditugu. Inoiz baino gehiago, espazio partekatu propioak sortzeko irtenbide kolektiboetan pentsatzeko aukera izango dugu. Horren adibide dira etxebizitza kolaboratiboak. Kontuan izan behar da, adibidez, etxebizitza kolaboratiboak eraikitzeko laguntza eskatzen ari diren adinekoek egunotan zaharren egoitzetan ikusi ditugun bezalako egoera dramatikoak saihesteko egiten dutela. Irtenbide pertsonaletan pentsatzeko aukera ere izango dugu, etxeak bertan denbora gehiago igarotzeko prestatzeko, zeregin gehiagotarako prestatzeko: lan egin, kirola egin, ondo pasatu... Eskura dugun espazioa era malguagoan eta moldagarriagoan antolatu beharko dugu, ditugun behar ezberdinetara egokitzeko. Etxetik irteteko aukera ez izateak kanpoan egoteko grina, naturarekin, eguzkiarekin harremanetan izatekoa piztu digu. Bada, hori “osasuntsu” mantentzeko modua da, orain ehun urte bezala egun ere beharrezkoa dena. Agian, balioa emango diegu berriz ere terraza eta balkoiei, testuinguru batzuetan, erabat gutxietsiak zeudenak». Azkenik, Ibai Gandiaga irakasleak baserrien funtzioa nabarmendu nahi izan du. «Tradizionalki, baserria abeltzaintza eta nekazaritzarekin lotutako ekoizpen zentro autosufizientea izan da. Gaur egun, pandemiaren harira bizi dugun egoera berrian, guztiok desio dugun autosufizientzia espazialaren paradigma bihurtu dira».