euskaraespañol

Hubble-k inoiz ikusi den izarrik urrunena aurkitu du

UPV/EHUn lanean diharduen Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzaileak Nature Astronomy aldizkari ospetsuan argitaratutako lan honetan parte hartu du.

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/03

Irudia
Hubble-k inoiz ikusi den izarrik urrunena aurkitu du

Hubble teleskopioa erabiltzen duten astronomoek distantzia errekor berri bar ezarri dute inoiz ikusi den banakako izarrik urrunenaren aurkikuntzaz. Honek bertan behera utzi du materia ilunari buruzko teorietako bat. Taldeak "Ikaro" izena eman dio izarrari, Eguzkitik gertuen hegan egin eta lumaz eta argizariz egindako hegoak urtu zitzaizkion pertsonaia mitologiko grekoaren oroimenez. Izarraren izen ofiziala MACS J1149+2223 Lensed Star1 da.

UPV/EHUri atxikitako Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzailea partaide duen nazioarteko lantaldeak inoiz ikusi den banakako izarrik urrunena identifikatu du: Ikaro izenaz bataiatu duten izar urdin erraldoia. Normalean, munduan dauden teleskopiorik handienak erabilita ere, ezinezkoa izango zatekeen fenomeno hau hautematea, baina izarraren distira ahula izugarri biderkatzea ahalbidetu duen naturaren txiripa bati esker, NASAren Hubble Teleskopio Espaziala erabiltzen duten astronomoek izarra aurkitu eta distantzia errekor berri bat ezartzea lortu dute. Era berean, Ikaroren identifikazioaz, bertan behera geratu da materia ilunari buruzko teorietako bat. Izarra galaxia espiral urrun-urrun batean kokatuta dago, eta horren argiak 9 mila milioi urte behar izan ditu Lurrera iristeko. Hortaz, galaxia hori unibertsoak oraingo adinaren ehuneko 30 inguru zuenean sortu zela ondorioztatu da.

Ikaro lente grabitazionalen bitartez aurkitu izanak bide berri bat ireki du, astronomoek urruneko galaxietan dauden banakako izarrak iker ditzaten. UPV/EHUri atxikitako Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzaileak nazio arteko aditua da lente grabitazionaletan. Metodo honek egundo ez bezalako ikupegi zehatza eskaintzen du izarren bilakaera eta bereziki izarrik distiratsuenen bilakaera ulertzeko. "Hauxe da banakako izar bat magnifikatuta ikusi dugun lehenengo aldia", adierazi du ikerketa zuzendu duen Patrick Kelly Minnesotako Unibertsitateko (Twin Cities) irakasleak. "Banakako galaxiak ikus ditzakezu, baina izar hau, supernoben leherketak baztertuz, gutxienez 100 aldiz urrunago dago iker dezakegun hurrengo banakako izarretik".

Grabitatea, berezko lente kosmikoa

"Lente grabitazionala" deritzona izan da izar hau bistaratu duen fenomeno kosmikoa. Galaxia-kluster masibo baten grabitateak espazioan dagoen lente natural baten antzera funtzionatzen du, argia bikoiztuz eta areagotuz. Batzuetan, hondoko objektu bakar baten argia hainbat iruditan islatuta ager daiteke. Argia asko magnifika daiteke, distira arin-arina duten urruneko objektuei bistaratzeko moduko distira emanez. Kasu honetan, Lurraren eta Ikaro finkatuta dagoen galaxiaren artean kokatutako MACS J1149 + 2223 izeneko galaxia-klusterrak "lupa" naturala sortu du. Lente grabitazional honen indarra Hubble teleskopioaren bereizmen eta sentiberatasun apartarekin kobinatuta, astronomoek Ikaro ikusi eta aztertzeko aukera izan dute.

Izarrari "Ikaro" izena eman diote, Eguzkitik gertuen hegan egin eta lumaz eta argizariz egindako hegoak urtu zitzaizkion pertsonaia mitologiko grekoaren oroimenez (Haren izen ofiziala MACS J1149 + 2223 Lensed Star1 da. Ikarok bezalaxe, izarrak istant bakar bateko loria lortu zuen Lurretik ikusita, egiazko distira 2.000z biderkatu zitzaionean.

Ikaro karakterizatzea

Ikertzaile taldea Hubble teleskopioa erabiltzen ari zen urruneko galaxia espiral bateko supernoba bat monitorizatzeko, eta 2016an, ustekabean, argi puntu berri bat aurkitu zuten magnifikatutako supernobatik hurbil. Berotu edo lehertzen ez zenez gero, berehala konturatu ziren ez zela beste supernoba bat. Argia magnifikatuta zegoelako baino ez zitzaien iristen.

Objektu horretatik iritsitako argiaren koloreak aztertzean, izar urdin superrerraldoia zela konturatu ziren. Honelako izarrak Eguzkia baino askoz handiagoak, askoz ere masa handiagokoak, beroagoak eta, seguruenik, ehunka mila aldiz distiratsuagoak dira, baina distantzia horretan urrunegi daude lente grabitazionalen laguntzarik gabe behatu ahal izateko.

Materia ilunaren bila

Puntuaren hondoan izar baten anplifikazioa detektatzeak aukera paregabea eskaini du materia ilunaren izaera probatzeko. Materia iluna unibertsoaren guztizko masaren zatirik handiena osatzen duen material ikusezina da. Ikerketa honen emaitzek bazterrean utzi dute materia iluna unibertsoaren hasieran sortutako hainbat zulo beltzek osatutakoa dela dioen teoria, izan ere, 13 urtez Hubble-ren laguntzaz monitorizatu diren hondoko izarren fluktuazio arinak beste era batera ikusiko ziratekeen tarteko hainbat zulo beltz baleude.

NASAren James Webb Teleskopio Espaziala orbitaratzen denean, astronomoek Ikaro bezalako izar asko aurkitzea espero dute. Webb teleskopioaren sentiberatasun apartari esker, urruneko izarrak biraka ibili arren, askoz ere neurketa zehatzagoa egin ahal izango da.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Patrick L. Kelly, Jose M. Diego, Steven Rodney, Nick Kaiser, Tom Broadhurst, Adi Zitrin, Tommaso Treu, Pablo G. Pérez-González, Takahiro Morishita, Mathilde Jauzac, Jonatan Selsing, Masamune Oguri, Laurent Pueyo, Timothy W. Ross, Alexei V. Filippenko, Nathan Smith, Jens Hjorth, S. Bradley Cenko, Xin Wang, D. Andrew Howell, Johan Richard, Brenda L. Frye, Saurabh W. Jha, Ryan J. Foley, Colin Norman, Marusa Bradac, Weikang Zheng, Gabriel Brammer, Alberto Molino Benito, Antonio Cava, Lise Christensen, Selma E. de Mink, Or Graur, Claudio Grillo, Ryota Kawamata, Jean-Paul Kneib, Thomas Matheson, Curtis McCully, Mario Nonino, Ismael Pérez-Fournon, Adam G. Riess, Piero Rosati, Kasper Borrello Schmidt, Keren Sharon, Benjamin J. Weiner
  • Extreme magnification of an individual star at redshift 1.5 by a galaxy-cluster lens
  • Nature Astronomy (2018)
  • DOI: 10.1038/s41550-018-0430-3