euskaraespañol

Prestakuntza Dualari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra

Noiz eta non

2019/06/17, 09:00 - 00:00

Kokapena

Antonio Beristain Areto nagusia - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Prestakuntza Dualari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra egingo da, “Unibertsitateko Prestakuntza Duala Europako Unibertsitate Eremuan” izenburupean. UPV/EHUko Uda Ikastaroen testuinguruan kokatuta, biltzarra Euskal Herriko Unibertsitateak eta IMH-Makina Erremintaren Institutuak (UPV/EHUren ikastegi atxikia) antolatu dute, Lleidako Unibertsitatearen lankidetzaz.

Biltzarraren inaugurazio ekitaldian, Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburua, eta Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorea, egongo dira.

Prestakuntza Dualari buruzko Nazioarteko lehen biltzar honen helburuen artean daude, besteak beste, Europako Unibertsitate Eremuaren erreferentziazko esperientziak eta errealitateak lehen eskutik ezagutzea; esperientzien trukea sustatzea, eredu honen garapenean; prestakuntza dualaren errealitatea eta erronkak identifikatzea, unibertsitate-enpresa erlazioetan; eta, kalitateari eta garapen esparruei buruz eztabaidatzea. Azken batean, gero eta errotuago eta zabalduago dagoen irakaskuntza eredu berri honen inguruan gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko aukera emango digu ekitaldiak.

Jardunaldian, Europako erakundeen arrakasta kasu batzuk emango dira ezagutzera, hala nola Frantziako Calaisko FORMASUP Nord Pas-a eta Alemaniako Duale Hochschule Baden-Württemberg Mosbach-a (DHBW). Era berean, prestakuntza dualean parte hartzen duten enpresen eta ikasleen lekukotzak entzungo dira, eta hogei inguru komunikazio aurkeztuko dira.

Biltzarraren amaierako ekitaldia 17:30ean izango da, eta bertan egongo da Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia.

“Biltzar honen bidez, balioa eman nahi zaio prestakuntza eredu honen inguruan sortutako ezagutza jario handiari, eta haren etorkizuneko garapena baldintzatuko duten erronka handiei buruz eztabaidatu nahi da” azpimarratu du Agustín Erkiziak, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta ekimenaren zuzendarikideak; gogoratu du, halaber, Euskal Herriko Unibertsitatea aitzindaria dela estatu mailan unibertsitateko prestakuntza dualaren ezarpenean.