euskaraespañol

I. Europako Arkeologia Jardunaldiekin zabalduko da Punta Begoñako indusketa

Hainbat jardueraren bitartez indusketa arkeologikoa hurbilduko zaio gizarteari

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/10

Irudia

Punta Begoñako Galerietan aurkitu diren neolito garaiko aurkikuntzen inguruko indusketa-prozesuak zabalduko ditu I. Europako Arkeologia Jardunaldiak. Bizkaian egingo dira ekainaren 13tik 16ra, Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologia Museoaren hamargarren urteurrena dela eta.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikerketa historiko, arkeologiko eta arkitektonikorako taldeak, eta Getxoko Udalaren eskutik, Punta Begoñako Galeriak Berreskuratzeko eta beren Balioa Nabarmentzeko prozesuan parte hartzen duen aditu-taldeak, prozesua gerturatuko diote hiritarrei, modu pertsonalean, indusketa testuinguruan kokatuz, espazioaren zein denboraren aldetik; indusketan, UPV/EHUko ikasleek hartuko dute parte.

Aipatutako jardunaldiak izango dira abiapuntua hiritarrei indusketaren garapena ezagutzera emateko; horretarako, hainbat jarduera antolatuko dira, hala nola ikustaldi gidatuak, ibilbide tematikoei buruzko zikloak, praktika unibertsitarioak eta ibilbide historikoak.

Galerietako jardunaldien programa

Museoaren eta UPV/EHUko Unescoren Kultur Pasaiak eta Ondarea Katedraren arteko lankidetzari esker, ekainaren 13 eta 14an, XX. mendeko arkeologiaren sena, gatazkaren, suntsikorraren, memoria traumatikoaren hondarrei buruzko lana, edo grafitia bezalako adierazpen berrien bidezko gizartearen iritziaren transmisioa hurreratuko dizkigute zenbait aditu, artista eta ikertzaile ezagunek. Planteamendu atsegin eta dibulgatzailearen bitartez hurreratu ere: hitzaldi labur, solasaldi, hiri-araketa, ikus-entzunezko euskarri edo argazki lehiaketen bitartez.

Horrela, ostegunean, ekainak 13, 16:30etik aurrera, eta “Suntsikorraren arkeologia” goiburu pean, XX. mendeko arkeologiari buruzko 20 minutuko hitzaldiak eta mahai-inguru bat egingo dira, Galerien proiektuarekin lotutako esku-hartze arkeologikoen harira. Amaitzeko, “Tras un largo silencio” dokumentala proiektatuko da.

Ekainaren 14an, ostiral goizean, “Arkeologi museotik Punta Begoñara” Hiri-Araketa egingo da. Abandonaturiko leku, industrialde, eraikitzen ari diren eraikin edo jendearentzat mugatuta dauden lekuetan sartu eta horiek deskubritzeko esperientzia da, oro har, abentura beharrari, toki historikoekiko lilurari edo toki aldakor eta suntsikorrak bisitatzeko eta argazkiak ateratzeko emozioari erantzuteko. Doako jarduera da, baina aldez aurretik erreserbatu behar da; Bilbo-Getxo-Bilbo bidaia barne dago.

Jarduerara joango diren pertsonak “Bakarrik argazkiak hartu, aztarnarik ez utzi”  lehiaketan parte hartu ahal izango dute. Hartutako irudiak arkeologimuseoa@bizkaia.eus helbidera bidali beharko dira. Irabazleak, Arkeologia Museoak eta Foru Aldundiak argitaratutako liburu-bilduma bat jasoko du. Beren kalitateagatik hautatzen diren lanak erakusketa batean parte hartuko dute, inplikatutako bi espazioen artean garatuko dena.

Jardunaldiei buruzko argibide gehiago eta inskripzioak: 944 040 990 // arkeologimuseoa@bizkaia.eus

Ikustaldi gidatu historikoak, ekainaren 15etik uztailaren 14ra

Punta Begoñan aurkitu berri den historiaurreko kokalekuaren indusketa arkeologikoari lotutako lanak abiatu izanak era horretako lan bat nola garatzen den zuzenean ezagutzeko aukera eskaintzen du. Izan ere, ekainaren 15etik uztailaren 14ra, bisita gidatuak egingo dira, dohainik, eta galerienak ez ezik horiek sartuta dauden paisaia osoaren historia azalduko da. Denboran zeharkako bidaia batean, monumentua berreskuratzeko egiten ari diren azken lanetatik abiatuko da 100 urte atzera eginez, eraiki zuten unera arte, eta haratago ere. Portuaren eta Abrako badiaren bilakaeraz, Bilboko defentsa sistemaz eta Getxoko kostaldean izan duen eraginaz hitz egingo da, denboran 5.000 urte atzerago egiteraino, populazioak kostaldeko toki estrategiko honetan geratzea erabaki zuten unera arte.

Argibide gehiago eta inskripzioak: 944 910 800 // www.getxo.eus. Beharrezkoa da aldez aurretik erreserba egitea.

Gaiari buruzko ibilbideak

Punta Begoñan burutu diren ikerketa historiko batzuk zuzendu dituztenen eskutik, Getxoko kostaldeari buruzko historia ezagutuko da, bertako biztanleen bizimodua baita kanpotik jasotako eraginak, gaur egun daukagun paisaia kulturalaren izaera osatu dutenak. Ibilbideak dohainik dira eta 25 laguneko taldeetan egingo dira ostegunez, ekainaren 20 eta 27an eta uztailaren 4 eta 11n, 17:30etik 18:30era. Hemen ere erreserba egin behar da aldez aurretik: 944 910 800 // www.getxo.eus

Arkeologi Museoa-Punta Begoña txangoa

Arkeologia Museoa erreferentzia-zentroa da eta Bizkaiko ikerketa arkeologikoen kanal hedatzailea. Bertako erakusketa iraunkorrak, gure lurraldean gizakiak sortu zirenetik, duela 100.000 urte baino gehiago, garai historikoetara garraiatzen gaitu. Horrenbestez,  txangoa musoean Neolito-Kalkolitoari zuzendutako aretoetatik abiatuko da, ekainaren 27an, osteguna, 10:00etan. Garai horretakoak dira Punta Begoñan aurkikuntza berriak. Helburua da aurkikuntza horien testuingurua ulertzea eta Bizkaian dauden beste aztarnategi batzuk ezagutzea; aldi berean, erakutsitako material eta berregiteek garai haietako populazioen bizimoduak ulertzen lagunduko digute. Ondoren, 11:00etan, Punta Begoñan zabalik dagoen indusketa arkeologikora joango da. 12:30ean Bilbora bueltatzeko.

Inskripzioak: 945 404 09 90 // arkeologimuseoa@bizkaia.eus