euskaraespañol

Ibai-ekosistemetako anfibio eta ornogabeen biziraupenean eragiten dute mikroplastikoek

UPV/EHUn frogatu dute mikroplastikoen eraginpean 15 egunez egoteak eragina izan duela ur gezatako sistema batzuen funtzionamenduan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/09

Irudia
UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

UPV/EHUko Stream Ecology ikerketa-taldeak, Madrileko Natura Zientzien Museo Nazionalarekin (CSIC) lankidetzan, bi azterketa egin ditu paraleloan, eta ikertu dute zer bilakaera izan duten ur gezatako anfibio baten eta ornogabe baten larbek 15 egunez mikroplastikoen zenbait kontzentrazioren eraginpean edukita. Erabilitako kontzentraziorik altuenak hilgarriak izan dira, eta kontzentrazio ertainek anfibioen hazkundea murriztu dute.

Gero eta gehiago ari da handitzen mikroplastikoek eragindako kutsaduraren inguruko kezka; izan ere, mikroplastiko asko dago, nonahi aurkitzen dira eta denboran irauten dute, eta, horrenbestez, mikroplastikoak kaltegarriak izan daitezke organismoentzat eta ekosistementzat. Aitzitik, oso ikerketa gutxi egin dira ur gezatako sistemetan, bai lakuetan bai ibaietan, mikroplastikoak nola banatuta dauden eta halako sistemetako organismoetan zer eragin duten aztertzeko; halaber, oso informazio gutxi dago ekosistemen funtzionamenduan zer eragin izan dezaketen erakusten duena.

Testuinguru horretan, UPV/EHUko Stream Ecology ikerketa-taldeak —Madrileko Natura Zientzien Museo Nazionalarekin (CSIC) lankidetzan— aztertu du “zer eragin duten mikroplastikoek ur gezatako ekosistemetan eta haietan bizi diren bi organismo-talde garrantzitsuenetako bitan: anfibioak eta ornogabeak”, azaldu du Naiara López Rojo UPV/EHUko ikerketa-taldeko kideak. Horretarako, laborategian egindako esperimentu batean, aipatutako animaliak bizi diren ibaien eta aintziren kondizioak erreplikatu dituzte, eta mikroplastiko fluoreszenteen zenbait kontzentrazioren eraginpean jarri dituzte: “Mikroplastikorik gabeko sistemak (kontrola), kontzentrazio txikikoak, kontzentrazio ertainekoak eta altukoak prestatu ditugu, eta gainerako ezaugarriak berdinak izan dira guztietan (argiztapena, tenperatura, etab.)”.

Hala, alde batetik, taldeak aztertu du zer eragin duten mikroplastikoek zapaburuen biziraupenean, elikaduran eta hazkundean, bai eta nolakoa izan den haien ingestioa eta kanporatzea ere. Horrez gainera, “aztertu dugu ea mikroplastikoak atxikitzen zaizkion perifitonari(ibai-hondoan hazten den organismo mikroskopikoen multzoa, eta zapaburuen elikagai nagusia) eta ea haren ekoizkortasunari eragiten dioten; izan ere, horrek frogatuko luke ur gezatako ekosistemen funtzionamenduan eragiten dutela”, adierazi du ikertzaileak. Bestalde, aztertu dute mikroplastikoek zer eragin duten orbelaren deskonposizioan (ibai-ekosistemetako prozesu garrantzitsuenetako bat) eta orbelez elikatzen diren organismoen (ornogabe detritiboroen) biziraupen eta hazkundean; halaber, ikertu dute zenbateraino atxikitzen diren mikroplastikoak orbelean eta zenbateraino irensten eta kanporatzen dituzten detritiboroek; hala, mikroplastikoen transferentzia trofikoaren mekanismoak ebaluatu dituzte.

Beste estresore batzuekin konbinatuta

Emaitzek agerian jarri dutenez, “mikroplastikoak hilgarriak dira detritiboroentzat kontzentrazio guztietan (kontzentraziorik altuenean hilkortasuna bederatzi aldiz handiagoa da), baina ez diote detriboroen hazkundeari eragiten. Zapaburuen kasuan, ikusi dugu mikroplastiko-kontzentraziorik altuenean hil egiten direla animaliok; beste kontzentrazioetan ez dugu ikusi zapaburuak hiltzen direnik, baina anfibioen hazkundea murriztu egiten da”, erantsi du López-Rojok.

Ikertzaileak azaldu du zapaburuei egindako fluoreszentzia-analisiek adierazten dutela “badirela mikroplastikoak organismoetan, haien eginkarietan eta perifitonean. Horrek adierazten du mikroplastikoak estresore garrantzitsuak izan daitezkeela anfibioentzat, beste kutsatzaile batzuk, klima-aldaketa, habitat-galera eta abar diren bezala. Gainera, mikroplastikoak ur gezatik lurreko ekosistemetara transferitzeko bide garrantzitsua izan daitezke anfibioak”. Ornogabeen kasuan, analisiek iradokitzen dute mikroplastikoak ere irentsi egin dituztela (ziur aski orbelari atxikitako partikulak irensteagatik) eta haietako parte bat kanporatu dutela. Orbelaren deskonposizioa murriztu egin da mikroplastikoen kontzentrazioa handitu ahala. “Kutsatzaile horrek uretako intsektuetan eta ibai-ekosistemen funtzionamenduan dituen eragin kaltegarriei buruzko ebidentzia berriak ematen dituzte emaitzek, eta agerian jartzen dute mikroplastikoekin etorkizunean egingo diren esperimentuetan erabili beharreko metodoak estandarizatu behar direla, konparazioak egin ahal izateko”, ondorioztatu du UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak.

Kutsatzaile-mota honek ur gezatako ekosistemetan zer eragin duen ikertzen jarraitzeko beharra nabarmendu du López Rojok: “Ikusi dugu aztertzen den organismoaren arabera, esposizio-denboraren arabera, etab. erantzuna bat edo beste dela. Esposizio luzeagoa aztertu beharko litzateke, plastikoek 15 egun baino askoz ere gehiago irauten baitute, jakina. Interesgarria litzateke, halaber, ibaiei eta aintzirei lotutako beste estresore-mota batzuekin konbinatuta aztertzea kutsatzaile honen eragina. Izan ere, litekeena da zenbait estresoreren arteko interakzioa are kaltegarriagoa izatea”.

Erreferentzia bibliografikoa