euskaraespañol

Iberiar penintsulako simulazio meteorologikoa hobea da ereduak eta behaketak konbinatzean

UPV/EHUko lan batek zenbait simulazio-sistema alderatu ditu, eta Iberiar penintsula bezalako eremu konplexu baterako onena zein den zehaztu du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/02

Irudia
Santos José González Rojí, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Aplikatua II Saileko ikertzailea. (Argazkia: UPV/EHU)

Iberiar penintsula eskualde konplexua da, bai topografiari bai klimari dagokienez, eta horrexegatik aukeratu dute UPV/EHUko Fisika Aplikatua II Sailean eskualde-mailako prezipitazioa iragartzeko bi teknika alderatzeko. Gainera, hezetasunaren balantzearen simulazioan datu errealak txertatu edo asimilatzeak zer eragin duen ere aztertu dute. Azterlanean egin beharreko kalkulu eta atazak egitearekin batera, R programazio-lengoaiako aiRthermo paketea garatu dute.

Meteorologiaren ikuspuntutik, Iberiar penintsula oso azterketa-eremu interesgarria da, topografia konplexua izateaz gain, klima-eskualde batek eta prezipitazio-patroi batek baino gehiagok egiten dutelako bat bertan. “Orain arte ez ziren zuzenean alderatu guk aukeratu ditugun bi eredu meteorologikoak halako eskualde konplexu batean, eta ez zen eskualde horretako hezetasunaren balantzea simulatu WRF eredu meteorologikoan datu errealen asimilazioa txertatuz”, azaldu du Santos José González Rojí UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Aplikatua II Saileko ikertzaileak.

Eredu meteorologikoen bidez egindako simulazioek, oinarrian, atmosfera gobernatzen duten aldagai batzuk parametrizatzen dituzte, simulatu nahi den eremua banatu eta azalera horietako bakoitzerako ebazten dituzte dagozkien ekuazioak. González doktoreak azaldu duenez, downscaling ereduek “eskala handiko datuak hartzen dituzte meteorologia-zentro nagusien ereduetatik, hala nola zentro europarren edo estatubatuarren ereduetatik, eta eskualde-mailako eskala txikiagoetara egokitzen dituzte”.

Bestalde, datuen asimilazioa eredu meteorologikoan zuzenketa batzuk egitean datza, aztergai dagoen eremuan neurtu diren datu errealak baliatuz. “Datuen asimilazioak kostu konputazional handiagoa du, baina guk egiaztatu nahi izan genuen asimilazio hori kontuan hartzen dituzten simulazioek ohikoek baino emaitza hobeak ematen dituzten. Zabalduta dago ez dituela emaitza onak ematen hezetasunaren balantzea ebazteko”, zehaztu du ikertzaileak.

Bai datuen asimilazioari

Gonzálezek ikerketan frogatu ahal izan duenez, “datuen asimilazioak, behar bezala konfiguratuta, emaitza hobeak ematen ditu ohiko simulazioak, erabilienak, baino”. Ondorio horretara iristeko, eredu meteorologiko berarekin bi simulazio sortu zituzten, non bien arteko desberdintasun bakarra izan baitzen bati datuen asimilazioa gehitu ziotela. Batarekin zein bestearekin Iberiar penintsula osoko hezetasun-balantzea simulatu zuten, 15 x 15 kilometroko azaleratan banatuta, eta emaitzak alderatu zituzten. “Emaitzek erakutsi zuten datuen asimilazioa txertatua zuen ereduak oso ondo islatzen dituela penintsulako prezipitazio-erregimenak: iparraldean urte osoan dago prezipitazioa, Atlantikoko zikloien fronteen eraginez, eta, hegoaldean, berriz, urte-sasoiei lotuta dago, sistema bakanen menpekoa da eta mardulagoa baina laburragoa da”, zehaztu du.

Ikerketaren beste atalean, downscalinga egiteko bi ereduk simulatutako prezipitazioak alderatu zituzten. Ereduetako bat dinamikoa da, eta, oinarrian, orain arte deskribatutakoa egiten du, alegia, eskala handiko eredu meteorologiko bat hartu eta aztertu nahi den eskalara egokitu. Beste eredua, berriz, estatistikoa da, eta eredu guztiz estatistiko bat erabilita kalkulatu zuen prezipitazioa penintsulako 21 puntutan. “Eredu batek eta besteak simulatu zituzten prezipitazioak alderatu genituen, emaitza fidagarriagoak zeinek emango zituen ikusteko, eta ondorioa izan zen aztergai dugun indizearen arabera, teknika batekin edo bestearekin lortuko ditugula emaitza hobeak”, argitu du.

Gonzálezen arabera, ikerketa horri esker “hobeto ulertu dugu nolakoa den Iberiar penintsula hezetasun-balantzeari dagokionez, eta aurrera egin dugu atmosfera gobernatzen duen fisika ulertzen”. Eta ereduek sortutako datuen analisia R programazio-lengoaia erabilita egin zutenez batez ere, aiRthermo paketea eraiki zuten bide batez: “CRAN errepositorioan dago eskuragarri eta doan deskarga daiteke. Oso erabilgarria da meteorologoentzat eta atmosferako termodinamika aztergai duen ororentzat. Mezuak jaso ditugu dagoeneko, jendeak eskerrak emateko bidalitakoak, baita paketea garatzen jarraitzeko ideiak emateko bidalitakoak ere”, dio bukatzeko.

Informazio osagarria

Santos José González Rojík (Sestao 1990) bere doktore-tesiaren barruan egin du ikerketa hau. Tesiaren izenburua izan da Numerical and observational study of the water balance over the Iberian Peninsula, eta  UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Aplikatua II Sailean egin du, Jon Sáenz Aguirre eta Gabriel Ibarra Berastegui irakasleen zuzendaritzapean (Fisika Aplikatua II eta Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika sailekoak, hurrenez hurren). Tesia egin bitartean, bi egonaldi egin ditu Gonzálezek Loughborougheko Unibertsitatean (Erresuma Batua), Robert L. Wilby arduradun zuela.