euskaraespañol

IK4-TEKNIKERek eta UPV/EHUk berritu egin dute talentua eta jakintza espezializatua sortzeko beren konpromisoa

Teknologia guneak eta UPV/EHUk berritu egin dute ikerketa espezializatuaren eta talentu kualifikatuaren prestakuntzaren alorrean zuten Oinarrizko Lankidetza Akordioa.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/29

Irudia
Hitzarmen berria izenpetu dute Alejandro Bengoa IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusiak eta Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak

IK4-TEKNIKERek eta UPV/EHUk sendotu egin dute duela hamarkada bat baino gehiago egin zuten aliantza, eta beste Oinarrizko Lankidetza Hitzarmen bat sinatu dute ikerketa, prestakuntza, transferentzia, berrikuntza eta ezagutzaren dibulgazioaren alorrean.

Hitzarmena apustu argia izango da ezagutzaren espezializazioaren eta kualifikazio handiko talentua sortzearen alde, eta jarduera ugari jarriko dira abian zientziaren eta teknologiaren sustapenaren alorrean.

Alejandro Bengoa teknologia guneko zuzendari nagusiak eta Nekane Balluerka unibertsitate publikoko errektoreak sinatutako hitzarmen berriaren bidez, IK4-TEKNIKERek eta UPV/EHUk konpromisoa hartzen dute azpiegiturak eta lan ekipamendua elkarbanatzeko, eta I+G+b programak garatzeko era espezifikoan sortutako egituren bitartez.  

Espezializazioaren desafio bateratu horrek hainbat alderdi izango ditu. Lehenik eta behin, akordioari esker, ikasgela birtualak eta fisikoak definituko dira, eta beste lan gune komun batzuk, bereziki pentsatuak lankidetza estutzeko UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen, ikasleen eta IK4-TEKNIKEReko profesionalen artean. Aliantzaren beste adarretako bat izango da pertsonen trukea eta denbora epe definituko egonaldiak, ikerketa programak eta proiektuak garatzeko.  

Gainera, bi norabideko lankidetza horretatik harago, bi erakundeek aurreikusi dute elkarri laguntzea interes komuneko proiektuen garapenean. Jarduera horiek osatzeko, programak jarriko dira martxan kultura ekintzailea eta ikerketa programak sustatzeko, Europako Ikerketa Eremuan garatzen diren alor estrategikoetan bereziki. Hau da, kualifikazio altuko talentua sortzeko apustu erabakigarria izango da.

2018an, IK4-TEKNIKER zentroaren eta UPV/EHUren arteko harremanak beti izan duen prestakuntza eta ezagutza transferentzia osagai indartsua gauzatzeko, “Lankidetza+ Transferentzia+” izeneko programa berritzailea sortu zen, zeinaren bidez 14 ikaslek beren master amaierako lanak (MAL) osatzen dituzten teknologia gunean garatutako I+G proiektuen bidez, UPV/EHUko Graduondoko Zerbitzuaren eta master zuzendaritzen laguntzaz. Programa horrek konbinatzen du hezkuntza lankidetza lan kontratu batekin, espezializazio eta integrazio hobea lortzeko ikasle egresatuen lan merkatuan. Lankidetza+ Transferentzia+ programa burutzeko, talentu hori industriara transferitzeko kudeaketa lan espezifiko bat egiten du IK4-TEKNIKERek. Horrekin batera, akordioaren bidez, sendotu egin nahi dira teknologia gunearen instalazioetan egiten diren praktikak, urtean hogeita hamar bat ikaslek burutzen dituztenak.  Bestetik, IK4-TEKNIKEReko ikertzaileek UPV/EHUren graduondoko programetan parte hartu ahal izango dute, eta irakasle lanak egin hainbat prestakuntza jardueretan; besteak beste, bi aldeentzako interesa duten gradu amaierako lan, master amaierako lan eta doktorego tesietan.

Jarduera horiek guztiak osatzeko, dibulgazio jarduerak eta elkarri aholkua eskaintzekoak egingo dira, bai ikasketen planifikazioan bai jardunaldien, mintegien eta batzarren antolakuntzan, helburua izanik beti berrikuntza kultura eta zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren gizarte dibulgazioa sustatzea.

Bi erakundeek sinatutako akordioa puntu eta jarrai bat izango da 2008ko eta 2012ko Oinarrizko Lankidetza Akordioetatik sortutako elkarlanean. Oinarrizko akordio horiek indartu egin ziren izaera espezifikoko beste hitzarmen batzuen bidez, prestakuntza eta lankidetza sendotzeko ikerketa proiektu eta programetan.

IK4-TEKNIKER

35 urtetik gorako esperientzia izanik teknologia aplikatuaren ikerketan eta enpresetara bideratutako haren transferentzian, IK4-TEKNIKER teknologia guneak espezializazio maila handia lortu du lau alor nagusitan (Fabrikazio Aurreratua, Azaleren Ingeniaritza, Produktu Ingeniaritza eta IKTak), eta aukera ematen dio horrek abangoardiako bere teknologia jartzeko bezeroen beharren zerbitzura.  

UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 400 unibertsitate hoberenen artean dago, Shangai rankingaren arabera. Graduko eta graduondoko 43.000 ikasle baino gehiago ditu, eta 7.400 irakasle-ikertzaile inguru, goi mailako irakaskuntzan, ikerketan eta ezagutza transferentzian aritzen direnak. Euskadiko ikerketa eragile nagusia da.