Ikerbasquek Maribel Arriortuaren ikertzaile-karrera aitortu du

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/07

Ikerbasquek Euskadin ikerketan diharduten hiru emakume aitortu zituen atzo. Lehengo edizio honetan “ikerketa arloko karrera osoaren aitorpena” María Isabel Arriortuarentzat (1950) izan da. UPV/EHUko Kristalografia eta Mineralogiako katedraduna da 1992az geroztik, eta bertan prestaturiko lehenengo emakume irakasle titularra izan zen, baita UPV/EHUn katedra lortu zuten lehen emakumeetako bat ere. IMaCris/MaKrisI ikerketa-taldea sortu zuen eta aitzindaria izan da ingurumen nahiz energiaren esparruan aplika daitezkeen sistema multifuntzionalei buruzko ikerketan. 2010ean, Euskadiko Ikerketa Saria jaso zuen eta 2012an, Zientzien, Arteen eta Letren Euskal Akademiako (Jakiunde) kide oso izendatu zuten. Aintzatespen hauen bidez datozen belaunaldien artean emakumezko ereduak sustatzea du helburu Ikerbasquek.