IKERLANek eta UPV/EHUk indarrak batu dituzte industrian aplikatutako ikerketa bultzatzeko

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/25

Fernando Tapia y Marcelino Caballero. Foto: Ikerlan

IKERLAN zentro teknologikoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) lankidetza hitzarmena sinatu dute honako helburu honekin: heziketa, prestakuntza, ikerketa, zientzia eta teknologia garapena eta berrikuntza sendotzea, fokua euskal industriaren beharretan jarrita. Hitzarmena IKERLANen egoitza nagusian sinatu da, Arrasaten, eta alde biek poztasuna adierazi dute lankidetza esparru berria sortu dutelako.

Hitzarmen berri horrek IKERLANi ahalbidetuko dio, ikertzaile berriak prestatu eta erakartzeaz gain, bere trebetasun teknologikoa handitzea eta industriak dituen erronka teknologikoen aurrean bere balio ekarpena hobetzea; izan ere, Unibertsitatearekin lankidetzan arituta, bere Espezializazio Teknologikoko Planean zehaztutako ikerketa estrategikoko lerroak indartuko baititu. UPV/EHUri dagokionean, hitzarmenak batez ere teknologia transferitzeko jarduera sendotzea ekarriko du, industriarentzat estrategikoak diren esparruetan, digitalizazioan, energian edo garraioan, esate baterako, Unibertsitateko hainbat ikerketa talderen ezagutzak eta garapenak aplikatuz.

Hitzarmenak azken urteotako erakunde bien arteko lankidetza sendotuko du. Gaur egun IKERLANek 15 doktoregai ditu unibertsitatearekin lankidetzan dihardutela eta, gainera, urtero unibertsitateko 20 ikasle inguru joaten dira Arrasateko zentro teknologikora karrera bukaerako lanak egitera.

Elkarrekin garatutako ikerketa proiektu berriez gain, nabarmentzekoa da lankidetzaren alderdietako bat izango dela UPV/EHUko ikertzaile seniorrek egonaldiak egitea IKERLANen, programa berezi bat tarteko. Ikertzaile horiek IKERLANeko taldeetan sartuko dira eta uztartu egingo dituzte UPV/EHUko irakasle lanak eta ikastekoak zentro teknologikoaren ikerketa lerroetan parte hartzearekin. Programa berri horrek jada eman ditu lehen urratsak, eta IKERLANen egonaldia egin du UPV/EHU-ko Seinale eta Irrati bidezko komunikazioen Tratamendurako Taldeko kide eta katedradun Pablo Angueirak, zeina zentroak garatzen dituen komunikazio industrialen esparruko proiektuetan parte hartzen ari den.

Horren harira, IKERLANeko zuzendari nagusi Marcelino Caballerok adierazi duenez, “hitzarmena palanka oso ona da bi aldeen espezializazio teknologikoa osatzeko; UPV/EHUk talde oso sendoak ditu IKERLAN Espezializazio Planarekin bat datozen ikerketa teknologikoaren esparruetan, esate baterako komunikazioetan, elektronikan edo kontrolean eta, indarrak batuta, askoz gehiago lor dezakegu elkarrekin”.

Bestalde, UPV/EHUko Zientzia Garapen eta Transferentziako errektoreorde Fernando Tapiak adierazi duenez, “IKERLAN zentro erreferentea da industrian aplikatutako ikerketan eta UPV/EHU berarekin lankidetzan aritzeak erakusten du gure unibertsitatea erakunde irekia eta berritzailea dela, lurraldeko eragileekin lankidetzaren kultura sustatzen duena eta horrek baieztatzen digu bide onean goazela ikerketaren eta transferentziaren alde egin dugun apustuan”.