euskaraespañol

Euskal Autonomía Erkidegoko biztanleen % 11,1 jatorri atzerritarrekoak dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/08/30

1. grafikoa. EAEn bizi den atzerriko jatorria duen biztanleria osoa (absolutuak eta %), 1998-2021
1. grafikoa. EAEn bizi den atzerriko jatorria duen biztanleria osoa (absolutuak eta %), 1998-2021. Iturria: Ikuspegik egina INEren datuetan oinarrituta.

Azken urtean atzerritar jatorrikoen kopurua 4.777 pertsonatan hazi da. Hala ere, aurreko urtearekin alderatuta, pandemiak etorrerak % 75,8 murriztea eragin du. Iritsi diren jatorri atzerritarreko pertsona gehienak Latinoamerikako herrialderen batean jaio dira. Herrialdeka, Errumaniaren kasuan saldo negatibo nabarmena erregistratu da.

Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako Atzerritar jatorriko biztanleak EAEn 2021 81. Begiradatik ondorioztatzen denez, 2021eko urtarrilaren 1ean Euskal Autonomia Erkidegoan atzerriko jatorria zuten 246.501 pertsona zeuden erroldatuta, hau da, biztanle guztien % 11,1.

Lurralde historikoaren arabera, ehuneko hori aldatu egiten da: Arabak (% 13,0) du atzerriko jatorria duen biztanleriaren ehuneko handiena, ondoren Gipuzkoak (% 11,2) eta, azkenik, Bizkaiak (% 10,6).

 

1. grafikoa. EAEn bizi den atzerriko jatorria duen biztanleria osoa (absolutuak eta %), 1998-2021 Iturria: Ikuspegik egina INEren datuetan oinarrituta. 

Pandemiak migrazio-fluxuetan izan duen eraginari dagokionez, 2020tik 2021era bitartean jatorri atzerritarreko 4.777 pertsona gehiago erroldatu dira. Kopuruak gora egin duen arren, datu horrek esan nahi du hona heldutakoen artean % 75,8ko beherakada izan dela. 

Jatorriaren arabera, Latinoamerika eta Magreb izan dira termino absolutuetan jaitsiera handiena izan dutenak; Errumaniaren kasuan, berriz, saldo negatiboa erregistratu da (472 pertsona gutxiago erroldatuta daude aurreko urtearekin alderatuta).

EAEn erroldatuta dauden jatorri atzerritarreko pertsona gehienak Latinoamerikako herrialderen batean jaio dira (% 51,7). Horrek, kolektiboaren feminizazio nabarmenarekin batera (% 61,2), erakusten du euskal gizarteak zer premia dituen eta atzerriko jatorriko biztanleek zer nolako lekua duten ekonomiaren barruan; izan ere, ekonomia horrek batez ere etxeko lanekin edo zaintza-lanekin lotutako profil batzuk eskatzen ditu.

Jatorrizko herrialdeei dagokienez, Maroko da jatorri atzerritarreko biztanleen herrialde nagusia, 28.317 pertsonarekin; bere atzetik Kolonbia dator (27.074 pertsona). Izan ere, bi herrialde horiek EAEn erroldatutako jatorri atzerritarreko pertsona guztien laurdena inguru osatzen dute (% 22,5).

Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokia 2004tik dago aktibo, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari lotuta dago. Haren helburu nagusia da migrazio-fluxuek Euskal Autonomia Erkidegoan duten eragina ezagutzea, aztertzea eta baloratzea.

Euren ikerketa guztiak euren webgunean daude eskuragarri: https://ikuspegi.eus/eus/nuestras_publicaciones/nuestras-publicaciones.php