null

Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak web-orria estreinatu du

Haren bidez, behatokiak sortzen duen edukira sartzeko bidea azkarragoa, errazagoa eta eskuragarriagoa izango da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/14

Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak web-orria estreinatu du: www.ikuspegi.eus. Espazio horren bidez, behatokiak sortzen dituen edukietara sartzen jarraitu ahalko dugu, baina bidea azkarragoa, errazagoa eta eskuragarriagoa izango da. Gainera, espazio digital berri horren bitartez, Ikuspegik amaiera ematen dio azken urteotan egin duen irudi korporatiboa aldatzeko prozesuari.

Web-orri berri horretan, Ikuspegik sortzen dituen edukiak jaso dira, besteak beste: bere argitalpenak (Begiradak, Barometroak, Ikerketak…); dokumentazio-zentroa; estatistikak; agenda; eguneroko eta asteroko prentsaren laburpena, etab.

Online espazioak zazpi fitxa ditu: hasiera, gure argitalpenak, dokumentazio-zentroa, estatistikak, prentsa, agenda eta loturak. Gainera, goiko aldean, honako informazio hau ikus daiteke: nor gara, harpidetza eta kontaktua.

Gogorarazi behar da Immigrazioaren Euskal Behatokiak estatistika- eta kontsulta-informaziorako eta liburutegi-mailegurako zerbitzuak eskaintzen dituela. Zerbitzu horietara jotzeko, web bidezko inprimakia, helbide elektronikoa (info@ikuspegi.eus) eta telefonoa (94 601 82 75) balia daitezke.

Bestalde, Ikuspegik, azken asteotan, profil berria ireki du Instagram sare sozialean; horrez gainera, badu profila ere LinkedIN, YouTube, Twitter eta Facebook sareetan.

Immigrazioaren Euskal Behatokia 2004. urtetik dago aktibo, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari dago lotuta. Haren helburu nagusia da Euskadin migrazio-fluxuen intzidentzia ezagutu, aztertu eta balioestea, bai eta immigrazioaren arloan esku hartzen duten administrazio, profesional eta gainerako eragile sozialen erantzunen kalitatea hobetzeko ikerketak eta prestakuntza-ikastaroak egitea ere.