euskaraespañol

Ilustrazio Zientifikoko graduondokoaren ikasleen bi obra finalistak izan dira, nazioarteko sari batean

40 obra finalisten artean sartu dituzte, Illustraciencia ilustrazio zientifiko eta naturalistaren nazioarteko sariaren zazpigarren edizioan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/11

Irudia
Argazkia: Finalistak - Mikel Rodríguez eta Amaia Torres. UPV/EHU.

UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko graduondokoaren bi ikasleren obrak Illustraciencia ilustrazio zientifiko eta naturalistaren nazioarteko sariaren zazpigarren edizioaren 40 finalisten artean sartu dira, 2018/19 ikasturtean egindako lanari esker. “Harrotasunez eta pozez betetzen gaitu ikusteak nola ikasleek ikasturte honetan gurekin egindako lanak aurkeztu dituzten maila tekniko handiko nazioarteko lehiaketa honetan; erakusten du haiek ere oso gustura daudela egindako lanarekin. Sari horretako finalistak izatea irakasle taldearen lan onaren erakusle ere bada” nabarmendu du Vega Alonsok, Ilustrazio Zientifikoko graduondokoaren koordinatzaileak eta “amak”.

Zehazki, finalistak izan dira, alde batetik, Amaia Torres, zeina Diospyros kaki L.f.ren lamina botanikorako egin dituen ilustrazioengatik hautatu baitute (lamina hori ikusgai dago Leioako Arboretumen seinaleetan). “Graduondokoak nire gaitasun artistikoak hobetzeko aukera eman dit, eta teknika berriak ikasi ditut. Era berean, hainbat arlotan prestatzeko aukera eman dit” azpimarratu du Amaia Torresek, Ilustrazio Zientifikoko graduondokoaren ikasle ohiak. Bestetik, Mikel Rodríguezen zelakantoari buruzko infografia hautatu dute. “Graduondokoa ezinbesteko pieza bat izan da engranaje osoan” ziurtatu du Mikel Rodríguezek, Ilustrazio Zientifikoko ikasle ohiak.

Illustraciencia saria 2009. urtean sortu zen ilustrazio zientifikoa dibulgatzeko eta saritzeko, ilustratzaile zientifikoen lana erakusteko eta zientzia gizarteratzeko asmoz. Zazpigarren edizio honetan, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren mendeko Zientzia eta Teknologiaren aldeko Espainiako Fundazioak (FECYT) lagundu du saria. Horrez gain, edizio honetan, 400 proposamen baino gehiago jaso dira.

“Parte hartzaile asko izaten dira, eta iragazkia estua da, aukeratutako obren kalitatean ikus daitekeen moduan. Nire obrak, beste 39 obra harrigarrirekin batera, epaimahaiaren arreta bereganatu izanak adierazten du, batetik, nire lana estimatua dela eta, bestetik, ilustratzaile eta komunikatzaile bisuala izateko nire trebetasuna garatzeko egindako ahaleginak fruituak ematen dituela” baieztatu du Rodríguezek.

Nabarmentzekoa da lehiaketa honetan epaimahai espezializatu batek 2018an eta 2019an egindako 40 ilustrazio zientifiko eta naturalista hautatzen dituela, erakusketa ibiltari bat prestatzeko, gero edozein erakundek eska dezakeena. “Harro nago finalisten artean egoteaz. Ilustratu beharreko objektua aztertu ondoren, askotan marrazki baten aurrean igarotako ordu luzeen aitortza bat da. Hori guztia ikuspegi zientifiko batetik egina” ziurtatu du Torresek.

Obra horiek Illustracienciaren webgunetik eskuratu ahal izango den katalogo batean ere sartuko dira. “Puntu honetara iristean nire lanari ematen zaion difusioa asko baloratzen dut” esan du Torresek.

Amaitzeko, epaimahaiak irabazle bat hautatzen du ilustrazio zientifikoaren sailean, eta beste bat, ilustrazio naturalistaren sailean; lan horien egileek 600 euroko saria eskuratzen dute. Publikoaren saria ere banatzen da, bozketa bidez.