euskaraespañol

UPV/EHUko tesi batek Upper Lawn etxetik abiatuta paisaia eta arkitektura aztertu du

Ikerketan Imanol Esperesatek, eskulturarekin elkarlanean, arkitekturaren irakurketa fenomenikoa egin du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/09/13

Irudia
Imanol Esperesate Azpiazu ikerlaria bere tesian gorputzetik eta bizipenetik gerturatu zaie arkitektura eta paisaiari | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Alison eta Peter Smithson II. Mundu Gerra osteko arkitekto ingelesek 1959an Wiltshire eskualdean dagoen eta jardin paisajista eta pintoreskoaren ideiak teilakatzen dituen Fonthilleko paisaian, XVIII. mendeko bigarren erdialde eta XIX. mende hasierako William Beckford idazle, politikari, arte kritikari eta lurjabearen paisaiaren eta bizimodu monastikoaren arrastoaren atzetik, honek eraiki zuen Fonhill Abbey (1796-1818-25) izeneko abadia neogotikotik gertu, asteburuak eta oporraldiak igarotzeko Upper Lawn etxea (1959-62-82) eraiki eta XX. mendearen bigarren erdiko idilio pintoreskoari hasiera eman zioten. Harlangaitzezko horma hozkadunaren gailurrean bermatu zuten etxe berriak etxalde bat ordezkatu zuen, erdia lawn-a (iraganean bazkaleku edo larraina, Smithsondarrentzat zelai) eta beste erdia galtzadarria zen orubean; etxaldearen behe-solairuko hormako bi leihoak mantendu zituzten eta etxe berria mendebaldera zertxobait lerratu zutenez gero, «leiho galdua» deitu dioguna kanpoan utzi zuten. Orubean putzu bat zegoen, garai hartan etxalde bat izan zenaren erakusle.

Imanol Esperesate Azpiazuk, ‘Paisaian barrena, egotetik izatera: Upper Lawn eta aurrearkitektura’ izeneko tesian, bere ikerketa Upper Lawn etxetik abiatu du, arkitekturan atze-oihal gisa hautematen den paisaian barneratzeko eta arkitektura eta paisaiaren atzealde, bazter eta azpialdeen bueltan, jakintzat ematen ditugun ezaugarriak berraztertzen dituen eta arkitekturari aurreratzen zaion aurrearkitekturarekin topo egiteko. Lana Euskal Herriko Unibertsitateko Xabier Laka Antxustegi Arte Ederretako Fakultateko irakaslearen eta Marte Mujika Urteaga Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakaslearen zuzendaritzapean egin du.

“Tesiaren helburu nagusien artean lehena, Alison eta Peter Smithsonen Upper Lawn etxetik abiatuta paisaian barneratu eta paisaian egon eta paisaia izatearen arteko adostasuna lortu eta arkitekturan jakintzat ematen diren ezaugarriak berraztertzea izan da; bigarrena, eskulturarekin elkarlanean, sormen, ikerketa eta irakaskuntzari begira, arkitekturaren irakurketa fenomenikoa egin eta zeharkako gerturatze eta begirada bat proposatzea izan da. Helburu osagarrien artean, Smithsondarren paisaia eta arkitekturaren atzealde, bazter eta azpialdeak hauspotzea; paisaia, hirigintza eta arkitektura-esperientzia eta bizipenak ikerketa-tresnatzat hartzea; arkitektura bizitzaren osotasunaren baitan kokatzea eta arkitektoaren biztanle gorputz xaloari aditzea leudeke”, dio Imanol Esperesate doktoreak.

Bidelagunak izan ditu Smithsondarrak arkitektura-ikasle garaitik. “Bi eskolen bidez ezagutu genituen, gerraoste betean eraiki zuten eta beraien lehenengo eraikina izan zen Hunstantoneko Bigarren Hezkuntzako Eskola eta 80. hamarkadako Batheko Unibertsitateko Arkitektura eta Eraikuntza Ingeniaritza Eskola, hurrenez hurren. Lehenengo eskolako ikaslea xaloagoa denez beirate handien bidez paisaia aise barneratzen dela diogu; bigarrengoan, helduagoa denez paisaia kokatzeko leihoetara gerturatu beharra dauka. 40. hamarkadaren bukaeran Smithsondarrak Ingalaterra iparraldetik Londresera lekualdatu eta Nigel Henderson eta Eduardo Paolozzi artistekin elkartu eta lengoaia modernoari eutsi nahi zion baina aldi berean bere buruari begiratzen dion objektu modernoa zalantzan jartzen zuen eta artea bizitzarekin nahastu nahi zuen Independent Group talde gazte, anitz eta malguaren kide izan ziren. Oparotasuna onartzen zuten baina aurrerabide eta kontsumo joeren gehiegikeriari balazta ere jartzen zioten. Balazta jartze horretan arkitektura moderno berantiarraren formalismoa gainditzen, oinarrizko bizigarritasuna ziurtatzen eta biztanle gorputzaren izana asetzen duen brutalismoa besarkatu zuten. Brutalismoaren baitan, Hunstantoneko Eskola lagun, aztertu ditugu «erakutsi bezala eraiki», «eraiki bezala erakutsi» aldaerak eta «inperfekzioa onartu» nozioa.”

Tesian Upper Lawnek Fonthilleko paisaian lur hartu du

Arte Ederren Fakultatean Ikerketa eta Sormena masterrean Upper Lawnetik abiatzen zen master amaierako lana aurkeztu zuen Imanol Esperesatek: eskulturarekin izandako lehenengo harremana izan zen hura; barruari aditu eta egitekoa. “Orduan Upper Lawn, «leiho galdua», lur-zatian zegoen putzua eta ingurutik hartzen duten eta atarian pausatzen duten harria bezalako elementu konkretuak hizpide hartuta, Fonthilleko paisaiatik erauzi eta paisaia abstraktu batera lekualdatu genuen eta zerumugaren eta lurzoruaren artean hedatzen den paisaiaren izaera etengabeaz eta bertan kokatu eta berau kokatzeko beharraz jabetu ginen. Tesian Upper Lawnek Fonthilleko paisaian lur hartu du. Upper Lawn tarte bat da bi hedaduren artean, lur-zatiaren eta handiagoa den lursailaren osotasunaren artean: paisaian kokatzen da eta paisaia kokatzen du. Smithsondarrek lau hormek inguratzen duten orubean altxatzen den eraikina «enklabe baten zati» izendatzen dute eta «jabetzako lurra» nozioa erabiltzen dute «enklabe baten zatia» handiagoa den lurraldean kokatzeko.” Smithsondarrek William Beckfordek eraikiarazi zuen eta eraiki bezain laster aurri bihurtu zen Fonthilleko Abadiaren aurrietatik hartu zuten gangaren oinarria, «Fonthilleko harri» izendatu zutena, lur-zatiko lawn-ean pausatu zuten eta beraiekin Londresera bueltan eraman, 20 urteren buruan, etxea utzi zutenean.

Era berean, Imanol Esperesateren hitzetan, “tesi-proiektua etengabeko gerturatze eta topo egite bat izan da, akaso, metodologia berak bideratu duena: oharpen-iturri garrantzitsua izan da argazki, marrazki eta irudiek saretu duten idazketa-lana, ikertutakoa adieraztetik baino ikerketan parte hartu eta ikerketa bultzatu duena: bertan hausnarketa eta diskurtso pasarteak xehetasun plastiko konkretuen deskribapen zehatz eta literalekin tartekatzen dira; sakontasun eta hedaduraren alde, irakurketa-lan eta hitzaldi jakin batzuen azterketa arretatsuak idazketa-lana ondu du batetik, eta xehetasun plastiko konkretuak osotasun abstraktuago baten baitan kokatzen lagundu bestetik. Paisaia zatia eta osotasuna da, bien arteko hartu-eman, joan-etorri eta bereizte-lur hartzea: materiala eta abstraktua; zatia gertukoa da, bertatik bertarakoa, egitea, lantzea; eta osotasuna, bereizketa, goitiko ikuspegia, kanpoko begirada, begiespena, arrotza; paisaiaren nozioak duen abstrakzioa lurrean egindako urradurari zor dio. Distantzia hartu beharra dago gerturatzeko eta bereizi beharra lur hartzeko.”

Arkitekturarik eskulturara eta eskulturatik arkitektura

Gainera, ikerlaria bere tesian gorputzetik eta bizipenetik gerturatu zaie arkitektura eta paisaiari, “hori bai, gauzen, objektuen geometriari, hau da, koordenatu ardatzek arautzen duten espazio geometrikoari bizkarrik eman gabe. Bigarrenaren erabateko nagusitasunaren aurrean gorputz espazio eta gorputz fenomenikoari jaramon egin diogu, bere alde lerratu gara: gorputza jarriz neurtu dugu. Espazio geometrikoak lotura zuzena du izenarekin eta gorputz espazio eta gorputz fenomenikoak aditzarekin.” Arkitektoaren eguneroko jardunaren arduraz jabe da, baita sortzaile, ikertzaile eta irakasle ororen jardunaz ere, “baina arkitektura lanbideaz haratago ulertzen eta helburu osagarrietan aipatu bezala, bizitzaren osotasunaren baitan kokatzen dugu: egon eta izanaren arteko adostasuna hor legokeela uste dugu. Egotea inguratzen duen horretan kokatuta (paisaian kokatuta) berau kokatzera mugatzen da eta izanak honi bat egiteko erronka jotzen dio. Espazioan eta denboran dago lehenengoa; lekua eta unea bizi ditu bigarrenak.” Ikerlariarentzat biak beharrezkoak dira.

Izan ere, Imanol Esperesate eskulturatik gerturatu da artera; arkitekturarik eskulturara eta eskulturatik arkitekturara. “Gerturatze eta itzulingurua tarteko, objektua berraztertu eta atze-oihalarekin harremandu dugu: atzealde, azpialde, goialde eta bazter, altxaera nagusirik (guztiak dira duinak) ez duen objektua; forma duena baina formalismoan erortzen ez dena; atze-oihala aurreratzen duena eta atze-oihalak atzeratzen duena; zakar zein abegikor leku eta partaide egiten duena. Smithsondarrek Hendersondarrengandik «bizigabea bizirik ikusten» ikasi zuten eta «kaleaz jabetu» ziren, kalearen mailan, kalean gertatzen ari zenaz. Altxaeran (eta ebaketan) gorputza jarriz lan egiten ikasi edo berrikasi dugu. «Orbana» eta «argiantza» nozioak horren erakusle dira: urrutitik orban hautematen duguna, gerturatu ahala, gandua argitu egiten da, orbanari profilak zorrozten zaizkio eta margoari ehundura azaleratzen zaio.”

Tesia arkitektoaren biztanle gorputzari aditzeko saiakera bat izan dela ere dio ikerlariak, “arkitektura lanbidetik haratago bizitzarekin nahastu eta egon eta izanaren artean biak bizi izanaren saiakera bat.”