euskaraespañol

In memoriam: Beatriz Amenabar Beitia

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/23

Irudia
Beatriz Amenabar Beitia

Beatrizek utzi egin gaitu. Goizegi, baina berekin eraman duen gaixotasunaren aurka borrokatuz azken unera arte. Huts handia utzi digu urte luzez ezagutu dugunoi, bere oroitzapenarekin beteko dugun hutsa; hori baita memoriaren abantaila.

Otxandio zen bere erreferentzia lekua, lur altu eta garbia. Bertan jaio eta hazi zen, bizi loturak garatuz. Bertatik atera zen hazten jarraitu eta guk, berak debozio handiz sortu eta zaindu zuen sendiarekin batera, gozatu ahal izan genuen pertsona zoragarria bilakatu arte.

Bere heziketa jakingurak bultzatuta, Enpresa Administrazioko ikasketak egin zituen. Bide hori, baina, zertxobait besteratu zuen irakasle gisa lanean hasi zenean garai hartako Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan, Ekonomia eta Enpresa Fakultatea -–Elkano Atala bilakatu berri dena; hori, orain dela hogeita hamar urte baino gehiago izan zen. Ekonomia Orokorrari zegozkion irakasgaiak bereganatu eta ikasleei transmititzeko ardura izan zuen: mikroekonomia eta makroekonomia, esaterako, Teoria Ekonomikoaren arloan. Hori zela eta, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Publikoa doktorego programa egin zuen ere. Programa estu horrek, Teoria Ekonomikoaren arloko irakasgaiez gain, Estatistika, Ekonometria eta Ogasun Publikoko irakasgai ezberdinak hartzen ditu barne eta eduki horiek ezezagunagoak ziren Bearentzat, bere aurreko ikasketen ondorioz, bere ikaskideentzat baino. Beak, halere, bere ohiko bikaintasunarekin burutu zuen programa.

Irakaskuntzari dena eman zion emakumea, oso zorrotza zen bere buruarekin, eskola bakoitza nola hobe zezakeen, zer nolako diapositiba berria sor edo zer nolako ariketa berria proposa zezakeen hausnartuz beti. Eta ikasleek esker onez hartzen zuten harreman sakonki gertukoa, zintzoa eta errespetuzkoa sortuz berarekin, ikasleen mesedetan dena ematen duen irakaslearen aginte-posiziotik. Nola ahaztu pazientziaz eta enpatiaz beteriko tutoretza horiek, edo sakontasunean eginiko azterketa berrikuspenak. Aipatuak berezkoa zuen maisutasunarekin ebazten zituen eta, are garrantzitsuagoa dena, erabateko ulermena agertuz bertaratutako ikasleei.

Umila beti, nekez eman zion baietza kudeaketa ardurak hartzeko proposamenari. Industria Ekonomia saileko idazkari akademikoa bilakatu zenean, ordea, dena eman zuen eginkizun berrian, bere kalitate zigilua utziz eta, gehienbat, leialtasunez eta kohesioaren eta adostasunaren alde lan eginaz uneoro. Irribarretsu beti, ingurukoen bizitza errazteko dohaina zuen, egiten zuen guztia gizatasunez betez. Bea bezalako pertsonek beren arrastoa uzten dute eta gure erakundea goratu egiten dute.

Bea, musika eten egin da zure ordenagailuan (klasikoa normalean) eta ez duzu zuen bizitokia egin zenuten Getxoko eskolan poz handiz hasitako piano ikastaroa bukatuko. Zure etxekoek harro eramango zaituzte beti beren bihotzetan, baita gure bizitzaren zati bat zurekin partekatzeko ohorea izan dugun guztiok ere.

 

Juanjo Mijangos

Industria Ekonomia Saila

Ekonomia eta Enpresa Fakultatea. Elkano