euskaraespañol

In memoriam: Iker Garitaonandia

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/23

Irudia

Zaila dugu Iker Garitaonandia Areitiok utzitako hutsunea adierazteko hitz egokiak topatzea…

Iker Abadiñokoa zen, Matienakoa, zehazki. UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Sailean izan zuen abiapuntu bere ibilbideak, 2002ko azaroan, irakasle-ikertzaile gisa. Aurreko bi urteotan bekadun aritu zen ikasketen amaierako proiektua egiteko. Hasieratik izan ziren deigarri bere lanerako gaitasuna, seriotasuna, zintzotasuna, soiltasuna. Doktorego tesi aparta egin zuen,  jakintza eremuko aldizkarietan hainbat artikuluk abalatuta. Ikerketa proiektu ugarietan lan egin zuen –ongi egindako lanarekiko konpromisoa erakutsiz– bai laguntzaile bai ikertzaile nagusi gisa.

Ariketak eta apunteak prestatu, irakasgaiak guztiz berritu eta denoi lagundu zigun beti. Bagenekien inguruan eta laguntzeko prest genuela beti. Ikerrek ez zuen inoiz molestatu nahi, beti zegoen bere bulegora –ikerketan sakontzen ari zelarik– iristen zen lankideari laguntzeko prest. Beti zegoen zerbait ikasten, beti.

Irakasle bikaina zen eta halakotzat zuten beren ikasleek. Haren tutoretzak ikaslez gainezka zeuden beti eta egun askotan ilara zegoen atean berarekin noiz elkartuko zain. Agur esan genion egunean ere ikasle asko zeuden bertan.

Iker pertsona aparta zen, esaten dutenez “oso euskalduna”, benetako euskalduna, koherentea, hitz gutxi baina egokiak erabiltzen zekien horietakoa, beti lagundu eta parte hartzeko prest zegoena. Jokabide oneko pertsona, irmoa, apala. Harmonia perfektua zuen izaerari dagokionez, erabateko koherentzia baitzeukan pentsatzeko eta egiteko moduen artean.

Bikaintasunaz horrenbeste hitz egiten den garaiotan, nahiz eta batzuetan oso ondo ez jakin zer den hori edo garrantzitsuena benetan zer den, Iker benetako bikaintasunaren irudia izan da, apaltasunetik etorritako bikaintasuna. Ez zebilen aitorpen edo sari bila, inolako harrokeriarik gabe, lehiatu gabe eta beti eskuzabaltasunez eta onestasunez; lana ongi egiten zuen gustukoa zuelako eta ongi egindako lanarekiko konpromisoari atxikita zegoelako.

Harritzekoa da zenbat ordu ematen zituen lanean ikusteak, are gehiago jakinda bere barneko mundua ikaragarri handia zela: maite zituen pertsonak, xakea, txangoak, gauzak eraikitzeko proiektu pertsonalak, ingeniaritzari guztiz emana bait zelako.

Zure galera oraindik asimilatu gabe dugun egunotan, ohartzen ari gara zu ez egoteak nolako hutsunea laga digun, zer arraro egiten zaigun zure bulegoko atea itxita ikustea eta zu gabe bazkaltzera joatea. Zaila da ulertzea ostiral arrunt bateko ohiko agurraren ondoren betiko agurra esaten ari zinela.

 … Bai, oso zaila da hitzen bidez adieraztea zure bat-bateko joatea, gaztea zinelako, zure eskuzabaltasunagatik, eta zuk utzitako hutsunea ez duelako ezerk beteko.

Pertsona baten handitasuna, besteekiko uzten duen aztarnaren sakontasunez neurtzen bada, Iker, zu paregabea zara.

Gu zoriontsu eta harro sentitzen gara urte hauek zurekin konpartitu izanaz. Zure hutsunea nabari da gugan.

Eskolako lankideok eta lagunok.