euskaraespañol

In memoriam: Goio Etxebarria Kerexeta

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/30

Goio Etxebarria Kerexeta
Argazkia: Jordi Alemany

Gaur bezalako egun batean, udaberria hasi berriko egun urdin eta distiratu baten ezagutu nuen Goio Etxebarria Kerexeta. Badira urte batzuk. Irribarretsu eta  prest lanerako. Bion laguna zen Mikel Gomez Urangak aurkeztu gintuen. Ikerketa proiektu bat antolatzea zen hiruron bileraren helburua. Ordudanik beti izan dut kide aparta eta lagun ezinhobea.

Zientzialari fina eta zorrotza, berak jartzen zuen gure eztabaida sutsuetan derrigorrezkoa den neurria. 

Hainbat eta hainbat ikertzaileen “maisu” ere izan zen, proiektu europarretan aitzindari eta  publikazio zientifikoetan ekoizle amorratua.

Gure arloko ezagueran, itun eta urrats aparta egin zuten Goiok eta Mikelek 1997an  Philip Cookekin publikatzerakoan Research Policyn: “Regional innovation systems: institutional and organisational dimensions” (vol 26 (4-5), pages 475-491 December). Artikulu horrek Berrikuntzaren Ekonomian izan zuen eta duen arrakasta apartekoa da. Biak ezarri ziren, nazioartekotasunean, goi mailan.

Goio irakasle zen bokazioz, beti klaseak ahalik eta hoberen prestatzen, ikasleak buruan eta bihotzean zituela.

Aita maitagarria, bere semea eta alaba beti zeuden bere ahoan. Beti “ateratzen ziren” gure solasaldietako berbetan, asmoak, ametsak, bilakaerak...

Osasunaren sama ere eraman behar izan zuen bere bizitzako zati handi batean, baina hori bai, lasaitasunez, eta dotoretasunez. Asko irakatsi zigun horretan ere Goiok.

Kirolari amorratua, korrika egitea eta mendia ziren bere zaletasunak. Entrenatu eta parte hartu, hori zen bere “lelo” sendoa, korrikako lasterketetan. Eta mendian, hor bai disfrutatzen zuela!, bere inguruko gailurrak edo Piriniokoak,  lagunekin igoera partekatzen. Nola gozatzen zuen berak horrela!

Laguna, emankorra, ikertzailea, irakaslea, aita, euskaltzalea, kirolaria… asko zor diot hainbat gauza irakatsi  zidanari. Mila esker!

Gaur udaberriko egun  urdin eta distiratu honetan, joan zaigu Goio. Baina nik jakin badakit, badabilela  Mikelekin borroka intelektual hutsean gai berri baten inguruan, eta tarteka, igo dituela Kosmoseko lehen gailurrak .

 

Ez adiorik Goio!!!, beti izango zara gurekin. 

 

Jon Barrutia
Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Dekanoa