euskaraespañol

In memoriam: José Félix Aspizua Irabien

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/10

Irudia

Joan den ekainaren 21ean, José Félix Aspizua Irabien, Txotxe lagunentzat, zendu egin zen. Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saileko irakasle elkartua zen, 2002an Arabako Campusean lanean hasi zenetik, eta Farmazia Fakultateari atxikita zegoen.

Ondo irudikatzen zuen irakasle elkartuaren figura. Psikologia Klinikoko aditua zen, eta urtetan aritu zen bere kontsultan lanean. Horrez gain, esperientzia handia zuen komunitateko eta ikastetxeetako psikologia eta hezkuntza programetan. Gerora, Vital Kutxaren Mejora Fundazioko zuzendari izan zen; aurrerago, Fundación VITAL Fundazioan lanean jarraitu zuen, Kutxabanken. Bertatik, Esperientzia Gelak sustatu zituen, eta bere ikasgelatik igaro ziren ikasle ugariri Humanitateen arloko prestakuntza eskaini zien.

Txotxe pertsona sortzailea, jakin-min handikoa eta irekia zen. Oso erraza zen harekin lan egitea. Horrez gain, biziki pragmatikoa zen; horri esker, azkar hartzen zituen erabakiak. Urte hauetan zehar, irakaskuntza programak sortu eta aldatu ditugu, titulazio eta gradu berrietara egokitu ditugu, eta Txotxek beti egin zuen lan hori zurruntasun akademikoa hausten zuen txinparta batekin. Arlo asko partekatu ditugu: Esperientzia Geletan irakasten zuen Psikologia Orokorra, Farmaziako Graduan irakasten zuen Osasunaren Psikologia, Gizarte Langintzako Graduan irakasten zuen Gizarte Psikologia, Elikadura Komunitarioari eta Giza Nutrizioari Aplikatutako Psikologia eta Elikadura Nahasmenduak, Elikadura eta Osasuna Masterrean, besteak beste.

Giza komunikazioaren konplexutasuna ikasleei transmititzeko gaitasun handia zuen, eta saio praktikoetan denetarik lantzen zuen: entzute aktiboa bezalako oinarrizko alderdietatik hasi eta talde-lanerako talde dinamikak edo elkarrizketa klinikoetarako prestakuntzaraino. Saioetatik neka-neka eginda ateratzen zen, ia ahotsik gabe, eta beti zuen esateko zerbait, umorearen sen handia baitzuen. Pasioz transmititzen zuen, eta hurbiletik zaintzen zuen ikasleen bilakaera.

Lan profesionalak ez zion ikerketari denbora eskaintzeko aukerarik ematen; hala ere, bere ateak beti zeuden zabalik, proposamen guztiak entzuten zituen. Gizarte Psikologiako ikertzaile gazte ugarik aukera izan dute Txotxeren eskoletan euren proiektuen berri emateko, bereziki Esperientzia Geletako ikasle helduekin: memoria autobiografiko eta kolektiboa, sormena eta berrikuntza, emozioak eta kognizioa... Guztiak sentitzen dira esker oneko; hona hemen haien hitzak: “Pertsona sinestezina zen; beti zuen irribarrea ahoan”. “Pertsona ona, beti laguntzeko prest, atsegina... Maitagarria”.

Bere kideok faltan botako dugu. Gure bihotzetan eta oroimenean egongo da; izan ere, urrundu arren, hil arren, oroitzapenak gurekin jarraituko du, iraganak bizirik jarraitzen du gure kontzientzian, adiskideak ez baitira ahazten. “Txotxe, gure historiaren parte zara, eta zure aztarna presente egongo da gure etorkizunean".

Eta poetaren hitzak erabiliko ditugu gure bihotzak transmititzen ez dakien edo transmititzeko gai ez den hori esateko:

Ancho el amor y el dolor largo, ….

Hay ángeles que vienen de repente

como una mariposa entre las rosas;

Hay puertas que se abren; venas tristes

que saltan de una vez, como un lamento;

hay corazones que van despacio

y nadie sabe por qué calle…Adiós…Adiós.

(Blas de Otero, ‘Obras completas’, 2013, p.100-101).

 

Nekane Basabe y equipo de profesorado de Psicología Social, Vitoria/Gasteiz.