euskaraespañol

In memoriam: Mari Luz Cañavate

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/18

Irudia

Apala, prestua, eskuzabala, bakezalea, alaia, jostaria, gaixotasunaren aurkako borrokalaria azkenera arte.

Pertsona zoragarria izan genuen ondoan: laguna, lankidea eta irakasle ezin hobea. Egunotan, orain patologo, onkologo eta abar diren ikasle ohi asko eta asko atsekabetuta daude haren heriotzagatik, eta esaten dute denbora asko igaro den arren betiko gogoan gelditu zaizkiela Mari Luzen eskolak.

Medikuntzako ikasleak eta esperientzia geletakoak zituen inspirazio iturri, eta haiexek pizten zioten Zelulen Biologiaren tea Garapenaren Biologiaren alorrean zituen ezagutzak transmititzeko grina. Irakaskuntzari erabat emana, beti buruari bueltaka zebilen ea eskola bakoitza nola hobetu zezakeen eta, bereziki, nola irakats ziezagukeen guri, irakasgaiko lankideoi, ea nola lagun ziezagukeen ikasturtez ikasturte pertsonalki hobetzen.

Ondare ederra utzi digu, ordea: Unibertsitatearen zalea zen, arduratsua, prestua, eta guztiz jakitun zen mediku onen eta pertsona onen prestakuntzak gizartean duen eraginaz. Umila eta bakezalea bera, oso zeregin garrantzitsua izan zuen saileko zuzendaritzan urte luzez.

Mari Luz geurekin izango dugu beti bere bizitzaz eta bere konpainiaz gozatu ahal izan genuenok. Guztioi maitarazi zigun Tarifa, bere erreferentziazko lekua; hara joaten zen udaro, hango argiaz eta paisaiez gozatzera.

Oroitzapen ahaztezina utzi diguzu… Enpatia zenuen, entzuten zenekien, maite zenituen bizitzako gauza soilak: detailetxo bat, paisaia bat, lore bat, lagunak, musika, kantua, pintura. Zure margolanetako zenbatek apaintzen ote dituzte gure bulegoak, gure bizitzak!

Duintasunez bizi izan zinen eta duintasunez joan zara, heriotza patxadaz eta neurriz onartuz eta gehien maite zenituenez inguratuta.

Mari Luz, sekulako zortea izan da zu ezagutzea.

 

Lola Boyano

Zelulen Biologia eta Histologia Saila

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea