euskaraespañol

In memoriam: Miren Mendia Aranguren

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/28

Irudia
Miren Mendia Aranguren

Miren Mendia gazte joan zaigu, bigarrenez. Lehenengoz, apurka apurka itzaltzen ikusi genuenean joan zitzaigun, bere izaera alai, dotore eta irekia denborak lausotu egin zuenean. Ondoren, abuztuaren 26an guztiz itzali zen, 56 urterekin, ilusio eta nahi asko oraindino bete gabe.

Bere semeak, Paul eta Aitor, izango dira zalantzarik gabe hutsunea gehien sumatuko dutenak. Ezin dute imaginatu ere egin, ama zelako harro zegoen beraietaz eta, zalantzarik gabe, ze harro egongo zen orain, unibertsitate honetan beraien graduak aurrera eramaten ari direla ikusita. Musu handi bana gure partez, eta etorri noizean behin zuen gorabeherak kontatzera, amak, zalantzarik gabe, kontatuko zizkigunaren antzera.

Mirenek beti zuen kontzientziako alhadura bera, Fakultatean ordutegitik kanpo pasatzen zuen denbora bere semeekin egoteko denbora galdua zela. Baina geologia eta dozentzia ere maite zituen eta atal ezberdinen arteko oreka ezinezkoa da gehienetan.

Geologiarekiko grina institutuko irakasle batek piztu zion eta harrez geroztik garra itzali gabe mantendu du. Ikasle sasoia disfrutatu zuela esaten zigun, nola ez, baina sekula helburua ahaztu gabe. Karrera bukatu eta hurrengo urtean Geologiako lizentziaturan eskolak ematen hasi zen. Horrela ezagutu genuen, gure “Petrologia Endogenoko” irakasle modura. Ez genuen hutsik egiten, euskaraz jaso genezakeen ikasgai bakarrenetarikoa zelako eta berak ematen zuelako. Orduan ere, gero baieztatu ahal izan dugun modura, sumatzen zitzaion geologiarekiko grina eta dozentzia-metodo zaharrak ordezkatzeko gogoa. Geologiako graduan dauden irakaskuntza-metodo berritzaileenen atzean bera dago eta bere ikasle izandako askok gogoratuko dugu bere irakasteko moduan erakusten zuen zorroztasun eta seriotasuna, aldarte umoretsu eta ironikoarekin erabat bateragarria zela.

Dozentzia eta ikerketa uztartu behar izan zituen; dozentzian hutsetik abiatuz eta ikerketan Galizan lan egiten zuen talde baten barruan. Horrela, Tesia 1996an irakurri zuen Iñaki Gil Ibarguchiren gidaritzapean, “Petrología de la Unidad Eclogítica del Complejo de Cabo Ortegal (NW de España)” izenburuarekin.

Ondoren, familia izan zuen eta progresiboki urruneko ikerketak utzi eta hurbilagoko lan-esparruak bilatu zituen. Buru belarri sartu zen geodibertsitatea eta ondare geologikoaren adarra jorratzen eta egun, arlo horrek Euskal Herrian duen garrantziaren zati handi bat berari zor zaio.

Miren ez da gogoratua izango puntako ikertzaile gisa gaur egungo sistema zorrotz eta estuan, baina horrek ez du esan nahi ez zenik ikertzaile bikaina, metodo zientifikoa zorroztasunez aplikatzearen garrantzia beti demostratu zuelako. Baina geologiarekiko, irakaskuntzarekiko eta euskararekiko zuen maitasuna akuilu izan dira gu bezalako bere ikasle askorentzat geologiaren inguruan lanean jarraitzeko. Zalantzarik ez.

Mirenek mendia maite zuen eta Geologia mendiaren zati banaezintzat jotzen zuen. Zenbat ibilaldi, irteera-geologiko eta kanpamentu egin ditugun elkarrekin, eta inoiz ez haserrealdi edo aurpegi okerren bat. Beti animoz beteta, aldarte onez jantzita eta ingurukoen iradokizun eta iritziak entzuteko prest. Egiten zituen bidaiak ere, geologiarekin lotura estua zuten: Indonesia, Hawaii, Tanzania, beti bolkanen lurraldeetara. Azken urteetan Strombolirako bidaia izan zenuen buruan, ez zenuen lortu, baina zure partez Strombolira joan denik, badago.

Mirenek bizitzak ematen dituen plazerrak maite zituen, denak; eta ingurukoak kutsatu egiten ginen. Zenbat kantu, zenbat dantza, egiteke gelditu zirenen damu gara orain, baina egindakoekin harro.

Zoragarria izan da urte askotako lanak zure alboan egitea, zoragarriak zurekin burututako kanpamendu eta irteera geologikoak, zoragarriagoak kanpamentu eta irteera geologiko horiek prestatzeko kantuz egindako bidaiak, zoragarria etorkizuneko geologoak prestatzeko beharrezkoa den materiala egiteko elkarrekin pasatako denbora. Zuk ereindako hazi horrek luze iraungo duen pentsamenduak lasaitzen gaitu. Campuseko jantokira joaten garen bakoitzean alboan sentitzen zaitugu.

 

Arturo Apraiz, Arantza Aranburu eta Arantxa Bodego
Geologiako irakasleak

 

Omenezko ekitaldia: Urriaren 30ean, asteazkena, eguerdiko 12etan, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Gradu Aretoan, Geologiako Mineralogia eta Petrologia sailak Miren Mendiaren omenezko ekitaldia antolatu du. Bere adiskide eta lankide guztiak ongi etorriak zarete.