euskaraespañol

In memoriam: Xesqui Castañer

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/10

Irudia

Azken urtean minbiziaren aurka borrokatu ostean, joan den urriaren lehenean hil zen Xesqui Castañer, 1986 eta 2003 artean Artearen Historia Saileko irakasle izan zena euskal unibertsitate publikoan. Nortasun handiko emakumea, une batzuetan jarduera profesionala eta politikoa bateragarri egin zituena. Arabako Batzar Nagusietako lehen emakumezko lehendakaria izan zen, 1999-2003 legegintzaldi zailean. Postu horretatik erakundearen modernizazioa izan zuen helburuetako bat, nola arlo teknikoan —Batzar Nagusietako jarduera herritarrengana irekiz, Internet bidez— hala keinuen arloan —erlijio errituak eta erakundearen protokolo zibila nahastu gabe (esate baterako bertan behera utzi zuen Santa Katalinako bilkurako prozesioa)—.

Artearen arloko generoaren ikasketetan eta arte garaikidearen historian aditua, zenbait urtez zuzendu zuen Artearen Historia eta Ikusmen Kultura Masterra (Valentziako Unibertsitateak eta Castellóko Jaume I. Unibertsitateak batera ematen zuten masterra). Euskal unibertsitatean lan egiteari utzi ondoren, 2003. urtean hasi zen Valentziako Unibertsitatean lan egiten.

Xesqui Valentziakoa zen (1952) eta hiri hartan egin zituen lehen jarduera akademikoak eta politikoak. 1975. urtean lizentziatu zen han, nahiz eta doktorego tesia hamar urte geroago UPV/EHUn babestu zuen. Era berean, 1974. urtetik Valentziako sozialismoaren erakunde klandestinoan militatu zuen, eta eskualde horretako autonomiaren aurreko erakundeko Kultura Kontseilaritzaren aholkulari izan zen. Bere senarra, José Luis Hernández Marco, Historia Ekonomikoko irakaslea zen Euskal Herrian, eta Xesqui bertara etorri zenean gure unibertsitatean hasi zen lanean. Era berean, Gasteizko Udaleko zinegotzia izan zen; gero, Fernando Buesa lehendakariordearen eta Hezkuntza sailburuaren kabineteko zuzendaria izan zen —urte batzuk geroago ETAk hil zuen Fernando Buesa Arabako Unibertsitateko Campusean—  eta, azkenik, Arabako Batzar Nagusietako kide eta lehendakari izan zen.

Oso goiz joan zaigun emakumea, lankidea eta adiskidea. Lurra arina izan bekio.