euskaraespañol

Indusketa berri bat Isturisko haitzuloan, Euskal Herrian parerik ez duen aztarnategi arkeologikoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/14

Ikerketa taldeko kideak, indusketa lanetan
Ikerketa taldeko kideak, indusketa lanetan. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUko talde batek Isturisko aztarnategiaren indusketan hartu du parte, Isturitse eta Otsozelaiko haitzuloekin lankidetzan egindako eta Akitania Berriko Arkeologiako Eskualde Zerbitzuak finantzatutako nazioarteko proiektu batean. Indusketa hasi zutenetik, hiru mila aztarna arkeologiko berreskuratu dituzte (fauna-aztarnak eta aztarna litikoak). Testuinguru arkeologiko paregabe horri esker, Isturitsen milaka urtean bizi izan ziren gizakien bizimodua nolakoa izan zen jakin ahal izango dute.

Isturitse haitzuloko 7. indusketa (Donamartiri, Nafarroa Beherea) 1998an egin zuen Christian Normandek, eta jakitera eman zuen gizakia han izan zela Protohistoriatik Goi Paleolitoaren hasiera arteko (gutxienez, 30.000 BP arte) sekuentzia batean. Une hartako aurkikuntza esanguratsuena izan zen duela 29.000 urte inguru ehizatu eta haitzulo barruan kontsumitutako mamut subadulto edo gazte baten eskuineko eskapula.

UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Aritza Villaluengak zuzentzen du haitzuloaren oraingo indusketa-kanpaina, baina 2019an ekin zion aurreko esku-hartze arkeologikoko materialak aztertzeari. Urte horretan bertan Akitania Berriko Arkeologiako Eskualde Zerbitzuari proiektu arkeologiko bat egiteko finantzaketa eskatu zion, eta, 2020an, proposamena onartu eta finantzatu egin zuten, baina ezin izan zen garatu pandemiaren ondorioz. Orain ari dira proiektu arkeologikoa gauzatzen, Isturitse eta Otsozelaiko haitzuloen eta Historiaurreko Ikerketak Talde Kontsolidatuaren (IT-1223-19) arteko lankidetza-hitzarmen baten barruan.

“Une honetan —dio Aritza Villaluengak—, UPV/EHUko zortzi ikertzaile ari gara 2 metro koadroko azalera bat  induskatzen, erregistroaren azterketa integrala egiteko asmoz. Aztarna arkeologiko guztiak topografikoki kokatzen ari gara, eta, horri esker, biltegiaren berreraikuntza birtuala egin ahal izango dugu. Gainera, erauzitako sedimentu guztia garbitu egiten dugu mikroornodunen hezur- eta hortz-hondarrak berreskuratzeko (ugaztun, anfibio eta narrastienak), baita silexezko mikroprintzak (< 2 mm), hezur errearen hondarrak eta paleoingurumen-proxiak ere (polena, egur-ikatzak, hazi karbonizatuak, etab.)”.

Euskal Herriko Unibertsitateko talde hau lankidetzan aritzen da Espainiako, Frantziako, Erresuma Batuko eta Alemaniako 20 ikertzailek osatutako nazioarteko ikerketa-talde batekin. Indusketan aurkitutako aztarna arkeologikoei esker, Isturitzen milaka urtean bizi izan ziren gizakien bizimodua nolakoa izan zen jakin ahal izango dute.

Aurretiko emaitzak

“Uste dugu ondoen kontserbatutako mailak Aurignac aldi  eboluzionatuari (33.000-31.000 urte) edo Gravettiar aldiaren hasierari (duela 30.000-28.000 urte) atxiki dakizkiokeela. Une hori ez da batere ondo ezagutzen Pirinioetan; izan ere, Zatoiako (Nafarroa) eta Gargaseko (Pirinio Garaiak) haitzuloetan bakarrik izan ziren okupazioak”, azaldu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Isturitsen, badirudi une hori bat datorrela aldaketa-aldi batekin; dirudienez, San Martin aretoa utzi eta areto handiko lehen okupazioak izan zirela. 7. indusketa bi espazio horien arteko pasabidean egin da, baina, aldi berean, habitat-eremutik urrun dago. Beharbada horregatik hautatu zuten orduan mamut-zati bat zatitzeko leku gisa (Borgoinako Arcy-sur-Curen baino ez da hauteman jarduera hori Frantzian).

“Indusketaren hirugarren aste honetan, material arkeologikoen dentsitate txikienetik handienerako maila arkeologikoak induskatu ditugu. Lehen maila Madeleine aldikoa da (11.000 urte), ez oso esanguratsua, eta hortik aurrera egin dugu. Hurrena, Aurignac aldiko mailetara iristea izango da (33.000 urte). Ingurune aberatsa da aztarna litikoetan eta faunan (mamuta, elur-oreina, zaldia, bisontea eta haitzuloetako hartza)”, adierazi du Villaluengak.

Indusketa hasi zutenetik, hiru mila aztarna arkeologiko berreskuratu dituzte (fauna-aztarnak eta aztarna litikoak). Euskal Herrian parerik ez duen testuinguru arkeologikoa da.