euskaraespañol

Ingeleseko Monologoen IV. Lehiaketa, G9 Unibertsitate Taldeak antolatua, ostegunean eta ostiralean izango da Nafarroako Unibertsitate Publikoan

Graduko bost ikasle eta masterreko lau arituko dira finalean, eta “streaming” bidez ikusi ahal izango da zuzenean

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/13

Martxoaren 14an eta 15ean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadia Campusean izango da Ingeleseko Monologoen IV. Lehiaketako finala (G9 Unibertsitate Taldeak antolatua). Monologoa nazioartekotzearekin zerikusia daukan unibertsitateko gai baten ingurukoa izan behar da, eta final honetan graduko bost ikasle eta masterretako lau arituko dira norgehiagokan saria lortzeko (ikasleak G9 taldeko unibertsitate desberdinetakoak dira, eta ezin dute ama hizkuntza ingelesa izan). Lehenengo saria 600 € dira eta bigarrena, 300€. Finala zuzenean ikusi ahal izango da, “streaming" bidez, lotura honetan: https://www.youtube.com/user/upna

UPV/EHUren ordezkaria Bosco López Landa da, Industria Ingeniaritzako Graduko ikaslea. Epaimahaiko kide dira: Amparo Lázaro Ibarrola (NUP), Gorka Orueta Estibariz (UPV/EHU) eta Pablo García Rodríguez (Extremadurako Unibertsitatea). Lehiakide bakoitzak gutxien dela bost minutuko eta gehienez zazpi minutuko hitzaldia egin beharko du. Epaimahaiak honakoak izango ditu kontuan: hitzaldiaren inpaktua, ingelesaren ezagutza, gaiari buruzko ezagutza eta gaian erakutsitako segurtasuna, hitzaldiaren koherentzia eta kohesioa, hitzik gabeko hizkera, naturaltasuna eta adierazkortasuna, espazioaren erabilera, ahotsaren tonua eta proiekzioa. Finala ostiralean, hilaren 15ean, izango da 11:00etatik aurrera, eta sariak 13:30ean emango dira.

Lankidetzarako taldea

G9Unibertsitateen Taldea Espainiako unibertsitate publikoek 1997an eratutako elkartea da, eta haien autonomia erkidegoetan bakarrak dira: Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Balear Uharteak, Errioxa, Oviedo, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Zaragoza. Taldeko unibertsitateetan, guztira, 200.000 bat ikasle daude ikasketa presentzialetan.

Elkartearen xedea da taldeko unibertsitateen arteko harremanak bultzatzea, unibertsitate erkidego bakoitzeko irakaskuntza eta ikerketa jardueretan parte hartzea sustatzeko, besteak beste.