euskaraespañol

Ingurumen-programek aintzat hartu beharko lukete zerk motibatzen duen genero bakoitza

Genero-desberdintasun nabarmenak aurkitu dituzte, UPV/EHUko ikasleek ingurumenarekiko duten jarreran

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/19

Irudia
Azucena Vicente Molina, lanaren egileetako bat. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

UPV/EHUko Bizkaiko campuseko ikasleek, generoaren ikuspegitik, ingurumenarekiko zer jarrera duen aztertu dute UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasleek egindako ikerketa batean. Emaitzen arabera, genero bakoitzean aldagai desberdinek eragiten dute ingurumenarekiko jarreran, eta desberdina da, halaber, aldagai horietako bakoitzak portaera horretan duen pisua edo intentsitatea. Genero bakoitzaren ingurumenarekiko portaerara egokitutako hezkuntza-programak edo ingurumena babesteko politikak diseinatzen lagundu lezakete emaitzok.

Unibertsitateko ikasleak ingurumenaren aldeko jarrera izatera zer faktorek bultzatzen dituzten identifikatzeko azterketa bat egin du UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Finantza Ekonomia II (Enpresa Ekonomia eta Merkaturatzea) Saileko ikertzaile-talde batek, ingurumenaren aldeko ekintzak eta unibertsitateko eta gobernuko politikak eraginkorragoak izatea lortzeko asmoz. “Interesgarri jo genuen unibertsitateko ikasleak aztertzea, haiek izango baitira etorkizuneko aitzindariak, baita erreferente ere, beste talde batzuentzat”, dio Azucena Vicente Molina saileko zuzendari eta lanaren egileetako batek.

Ingurumenarekiko portaera aztertzeko, eguneroko zenbait ekintza hartu dituzte aintzat (hala nola garraiobide publikoak erabiltzea ingurumenari lotutako arrazoiengatik), eta tradizioz etxeko lan gisa jo diren beste batzuk (ingurumenarekiko arduratsuak diren erosketak egitea eta birziklatzea, kasurako). UPV/EHUko Bizkaiko campuseko ikastegi guztietako 1.089 ikasleko lagin batean (kuota bidezko laginketa eginda), generoak zer eragin duen aztertu zuten. Ingurumenaren aldeko jarreran ustez eragiten duten hainbat alderditan generoak zenbaterainoko indarra duen aztertu zuten horretarako. Aldagai hauek izan zituzten aztergai: ingurumenaren aldeko jarrera, motibazioa (altruista edo egoista), nork bere ingurumenarekiko portaeraren eraginkortasunari buruz duen pertzepzioa eta ingurumen-gaiekiko jakintza. Azkeneko horretan, bi jakintza bereizi zituzten, objektiboa (pertsona batek gai bati buruz zer dakien) eta subjektiboa (norberak ustez dakiena). Kontuan hartu zuten, halaber, zer diziplinatako ikasleak ziren (Zientzia, Ingeniaritza eta Gizarte Zientziak).

Genero bakoitzaren motibazioetara egokitutako hezkuntza-programak

Informazioaren analisia egiteko, alde batetik lagin osoa hartu zuten kontuan, eta, bestetik, bi taldetan banatu zuten, generoaren arabera. Lagin osoaren analisiak agerian utzi zuenez, “ikasleen ingurumenaren aldeko jarreran eragin handiena duten faktoreak motibazio altruistak eta ingurumenari buruz ustez duten jakintza dira”, argitu du ikertzaileak. Hori esatearekin batera, ordea, hau ohartarazi du: “Emaitzek adierazten dute unibertsitate-ikasleen jakintza objektiboa txikiagoa dela haien jakintza subjektiboa baino, eta, horrenbestez, gerta liteke erabaki okerrak hartzen aritzea ingurumena zaintzeari dagokionez”. Gainera, esan duenez, “arrisku hori handiagoa da nesken kasuan, joera handiagoa baitute ingurumenaren aldeko jarrerak hartzeko, baina, batez ere, mutilek baino ezagutza objektibo txikiagoa dutelako gai horietan”.

Emaitzak generoaren arabera banatuta konparatzean, bestalde, ikusi dute ingurumenaren aldeko jarreran eragina duten aldagai-multzoa ez dela berdina bi generoetan, eta, gainera, aldagaietako bakoitzak indar desberdina du portaera horretan: “Motibazioak, jakintza subjektiboak eta hautemandako eraginkortasunak bi generoei eragiten diete, baina pisu handiagoa dute neskengan mutilengan baino. Bestalde, jakintza objektiboak eragina du nesken taldeko ingurumen-portaeran baina ez mutilen taldekoan, eta gizonezkoengan pisu handiena duen faktoreak, jarrerak, ez du emakumezkoengan eraginik”, azaldu du Azucena Vicentek.

Etorkizuneko hezkuntza-programetan aplikatzeko modukoak dira emaitza horiek, eta unibertsitateko ikasleen ingurumenarekiko jarrera hobeto ulertzen laguntzen dute, “haiek dira-eta etorkizunean erabakiak hartuko dituztenak eta beste talde batzuen erreferente —dio—. Edonola ere, programa horiek eraginkorrak izango badira, indar berezia eman beharko diete genero bakoitzaren ingurumenarekiko jarreran eragin handiena duten ezaugarri eta faktoreei”.

Informazio osagarria

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko hiru irakaslek egin dute aipatutako ikerketa: Finantza Ekonomia II (Enpresa Ekonomia eta Merkaturatzea) Saileko Azucena Vicente Molina eta Julen Izagirre Olaizola, eta Ana Fernández Sainz, Ekonomia Aplikatua III (Ekonometria eta Estatistika) Sailekoa.

Erreferentzia bibliografikoa