euskaraespañol

Polymat-eko eta UPV/EHUko ikertzaileek adimen artifiziala industria kimikoan aplikatzea xede duen europako sare bat martxan jartzeko finantzaketa jaso dute

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/09/12

Irudia
Nicholas Ballard Ikerbasqueko ikertzailea da Polymat-en | Argazkia: Polymat

CINEMA proiektua UPV/EHUn eta POLYMATen jardunean diharduen Nicholas Ballard Ikerbasqueko ikertzaileak koordinatzen du, José María Asua UPV/EHUko katedradun eta BERC POLYMATeko zuzendari zientifikoarekin batera. Europako Batzordeak emandako 2 M€ko finantzaketa jaso du Marie Sklodowska Curie programaren bitartez.

CINEMA proiektuak material polimerikoen diseinua eta ekoizpena iraultzea du helburu, eta horretarako, Adimen Artifiziala erabiltzea proposatzen du: ikaskuntza automatikoko teknikak, alegia. Ideiak Horizon Europeren Marie Sklodowska Curie programaren finantzaketa lortu du, izan ere, sare honek mundu osoko doktorego-aurreko ikertzaileen prestakuntza eta garapen profesionala babestea du xede, gizartearen egungo eta etorkizuneko erronkei heltzen dieten lankidetza bidezko proiektuetan parte hartuz.

POLYMAT eta Euskal Herriko Unibertsitatea buru dituen lankidetza bidezko proiektu
honek Ganteko Unibertsitateko (Belgika), BCAM-Basque Center for Applied
Mathematics zentroko (Espainia), Aachengo Unibertsitateko (Alemania) eta
Cambridgeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileek osatutako diziplina
anitzeko taldea du partaide. Gainera, proiektuak nazioarteko lau enpresa ere ditu
babesle: Synthomer GmbH (Alemania), Arkema (Frantzia), BASF SE (Alemania) eta
Covestro Resins B.V. (Herbehereak).

Nicholas Ballard proiektuaren koordinatzailearen hitzetan, “Adimen Artifizialaren
esparruan, ikaskuntza automatikoa gure eguneroko bizitzaren osagai bihurtu da
dagoeneko, eta hainbat aplikaziotan erabiltzen da. Esaterako, entretenimenduaren
arloan, nolako programak ikusi nahi ditugun iradokitzen diguten gomendiosistemetan, leku batetik bestera nola joan azaltzen diguten trafikoa iragartzeko sistemetan, edota testuen itzulpenetan. Alabaina, industria kimikoaren kasuan asko ikasi behar dugu oraindik ikaskuntza automatikoaren ahalmen prediktibo neurrigabeei probetxua atera ahal izateko”. Ballard doktoreak gaineratu duenez, “CINEMANn informatikaren eta ingeniaritza kimikoaren arloetako mundu mailako liderren partzuergoa antolatu dugu, kimika arloko ezaguera espezifikoak ikaskuntza automatikoarekin uztartzearen alde lan egiteko asmoz, prozesu eta produktu eraginkorragoak diseinatzen laguntzearren”.

Nicholas Ballard Kimikan doktoratu zen Warwickeko Unibertsitatean (Erresuma
Batua) eta Ikerbasqueko ikertzailea da POLYMATen. José M. Asua Ingeniaritza
Kimikoko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatean, baita
Basque Center for Macromolecular Design and Engineering POLYMAT Fundazioa
bikaintasuneko ikerketa-zentroko zuzendari zientifikoa ere.