euskaraespañol

Joaquín Durán-Cantolla irakaslea, munduko pneumologo garrantzitsuenen artean

Nazioartean oihartzun handiena izan duten loaldiko buxatze apneari (LBA) buruzko argitalpenak aztertu dituen ikerketa baten arabera

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/15

Durán-Cantolla doktorea ehun artikulu garrantzitsu horietako bosten egilea da, eta, mundu mailan, 1.422 aldiz aipatu dute
Durán-Cantolla doktorea ehun artikulu garrantzitsu horietako bosten egilea da, eta, mundu mailan, 1.422 aldiz aipatu dute

Joaquin Durán-Cantolla UPV/EHUko irakaslea munduko ikertzaile garrantzitsuenetako bat da loaldiko buxatze apnearen (LBA) arloan. Horixe dio “Top 100 influential manuscripts in obstructive sleep apnea: a bibliometric analysis” azterlanak. Dokumentuak azaltzen duenez, azterlanak helburu du munduan LBAri buruz egin diren “100 eskuizkribu (argitalpen zientifiko) garrantzitsuenen ezaugarriak aztertzea”.

Apnea arnas nahasmendu bat da; eztarria behin eta berriz buxatzen da (asfixia) eta, ondorioz, pertsonak, lo dagoenean, aldizka, ez ditu oxigeno maila egokiak jasotzen (hipoxia). Nahasmenduaren beste ezaugarri bat loaldi zatikatua da. LBAk, halaber, hilkortasun arrisku handia eragin dezake, bai eta beste gaixotasun batzuk izateko arriskua areagotu ere, hala nola minbizia, nahasmendu kognitiboak eta nahasmendu kardiobaskularrak.

Gehien aipatu diren ehun artikuluak zehazteko, ikertzaileek 2005. eta 2017. urteen artean ingelesez argitaratutako 42.878 testu bildu dituzte Thomson Reuters Web of Science webgunetik; ondoren, ehun testuak hautatu, eta sakon aztertu dituzte.

Ikerketa horren arabera, Durán-Cantolla doktorea ehun artikulu garrantzitsu horietako bosten egilea da, eta, mundu mailan, 1.422 aldiz aipatu dute gaitz horri buruzko artikulu zientifikoetan.

Ibilbide luzea eta erretiroaren atarian

Durán-Cantolla, UPV/EHUko irakasle elkartua ez ezik, Arabako ESIko Bioaraba Ikerketa Institutuko Ikerketa Zerbitzuko burua ere bada. Era berean, loaldiaren apneen eta hipopneen sindromeari (LAHS) buruzko 50 ikerketa proiekturen ikertzaile nagusia eta/edo ikertzaileetako bat da, eta Eduardo Anitua Fundazioko Loaren Nahasmenduaren Diziplinarteko Unitateko zuzendaria. Argitalpenei dagokienez, 190 artikulu original egin ditu; gainera, medikuntzako 37 libururen egilea da, beste batzuekin batera.

Euskal Herrian, 31 urteko ibilbide profesionala egin du, eta aldi horretan, lan garrantzitsuak egin ditu LBAren ikerkuntzaren arloan. Besteak beste, loaren nahasmenduaren lehenetariko diziplinarteko unitatea sortu zuen Txagorritxuko Ospitalean (1990), Espainiako Estatuko garrantzitsuenetako bat. Ospitale horretako zuzendari izan zen 2011. urtera arte, eta bertan egin zituen arlo horretako ikerketa gehienak –ordura arte ez zen ezaguna–.

Ikertzaile ospetsu honek, bere ikertaldearekin batera, bi lan ildo jorratu ditu nagusiki, eta, horiei esker, mundu mailako erreferentzia bihurtu da arnas nahasmendu honen esparruan. Batetik, "Loaren Espainiako Taldea" sortu du, 30 eta 100 urte bitarteko 3.000 subjektu biltzen dituen azterketa taldea; azken hiru hamarkadetan, jarraipen medikoa egin zaie. Durán-Callado doktoreak berak dioenez, “talde honek loaren apnearen maiztasuna, historia, eraldatze prozesua eta bilakaera naturala hobeto ulertzen lagundu digu”, bai eta LBA ezagutzeko funtsezko zantzuak detektatzen ere.

“Horrelako hiru talde daude mundu osoan: Estatu Batuetakoa, Australiakoa eta gurea. Kontuan hartuta Estatu Batuetan biztanleak gehiago mugitzen direla eta Euskal Herrian biztanleria egonkorragoa dela, lortutako datuak oso baliotsuak dira, taldearen tamaina mantendu baita”, azaldu du Durán-Calladok.

“Bigarren lan ildoan, ekipamendu sinplifikatuak sortu ditugu. Horri esker, diagnostikoa eta jarraipena egiteko ekipamenduak eraman ahal izan ditugu loaldiko apnea duten pertsonen etxeetara; hala, pazienteek ez dute ospitalean lo egin behar, eta probak askoz erosoagoak dira beraientzat, eta ez hain inbaditzaileak”.

Hilabete honetan bertan hartuko du erretiroa, baina ez du zientziatik urrun ikusten bere etorkizuna, bere zaletasuna ere baita; besteak beste, erabaki du “ohorezko irakasle aritzea, zenbait doktoregai loaren gaitz honi buruz egiten ari diren doktorego tesiak zuzentzen jarraitzeko”.