euskaraespañol

Lapak historiaurreko klimaren eta orduko giza portaeraren adierazle gisa

Itsas moluskuen oskoletatik abiatuta historiaurreko klimaren eta giza portaeraren bilakaera determinatzeko lanetan ari da UPV/EHU

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/23

Irudia
Asier García Escárzaga micromill makina erabiltzen, oskolen hazkundean laginak hartzeko. Argazkia: Asier García Escárzaga.

UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaile batzuek Kantabriako Unibertsitatearekin eta Max Planck Institutuarekin lankidetzan egindako ikerketa batek erakutsi du Patella depressa espezieko lapak bereizmen handiko adierazle klimatikoa direla, eta ondorio garrantzitsuak izango dituela etorkizuneko ikerketa arkeologiko eta paleoklimatikoetan.

Itsas moluskuetako oskoletako oxigeno-isotopo egonkorren (δ18O) erlazioen analisiei esker, iraganean zer kondizio ozeanografiko zeuden ebatz daiteke, bai eta historiaurreko giza populazioek zer-nolako bizimodua zeukaten ere. Hala ere, lagin arkeologikoak aztertu baino lehen, nahitaezkoa da gaur egungo oskolak analizatzea, jakiteko ea hautatutako espeziea adierazle egokia den banakoa hazi bitartean izan diren klima-kondizioak islatzeko. Patella depressa da Europako kostalde atlantiko osoko Holozenoko erregistro arkeologikoan gehien jaso izan den espezieetako bat, eta, hala ere, orain arte ez zen testatu itsasoaren tenperaturaren bilakaera berreraikitzeko adierazle gisa.

UPV/EHUko Asier García Escárzaga ikertzaileak lankidetzan zuzendutako ikerketa batean, lehen aldiz frogatu da Patella depressa espeziea klima-adierazle egokia dela. Max Planck Institutuko eta Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileekin batera egin duten ikerketan, zeina nazioarteko Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology aldizkarian argitaratu baitute, oskolen hazkunde-patroien azterketa eta oxigenoaren isotopo egonkorren analisia  konbinatu dute.

Oskolek hazi bitartean erregistratutako klima-aldaketak

Ikertzaileek adierazi dute lagin modernoen balio isotopikoetatik abiatuta determinatutako itsasoko tenperaturek zuzen islatzen dituztela aztertutako espezimenen bizitzan zehar itsasoko tenperaturan izandako aldaketak. Emaitzek berretsi egiten dute, beraz, Patella depressa espeziearen oskoletako oxigeno-isotopo egonkorren analisiak gaur egungo eta iraganeko klima-kondizioen adierazle bikainak direla.

Ikerketa berritzaile honek, gainera, oso ondorio garrantzitsuak izango ditu etorkizuneko ikerketa paleoklimatiko eta arkeologikoetan. Zehazki, oskol arkeologikoen analisiak aukera emango du historiaurrean giza populazioek itsas ingurunea nola ustiatzen zuten jakiteko eta iraganeko klima-aldaketek giza talde haietan zer eragin izan zuten determinatzeko.

Informazio osagarria

Asier García Escárzaga Eusko Jaurlaritzako doktoretza osteko programari esker da UPV/EHUko ikertzailea. Gaur egun, Giza Historiaren Zientziarako Max Planck Institutuan (Alemania) ari da doktoretza osteko egonaldi bat egiten, zeina sartuta baitago aipatutako programaren laguntzan. Bi urteko nazioarteko egonaldia amaitu ondoren, 2021ean, UPV/EHUko Letren Fakultateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailean hasiko da lanean, Historiaurrea ikerketa-taldean. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren (MINECO) diru-laguntza jasotzen duen Palaeoshells ikerketa-proiektuaren barnean sartzen da ikerlan hau. Palaeoshells proiektuaren helburu nagusietako bat da kantauriar eskualdeko itsasertzeko baliabideen historiaurreko ustiapen-ereduak aztertzea.

Erreferentzia bibliografikoa