euskaraespañol

Gipuzkoa Coopera programaren markoan

Afrikako bi emakume ikertzailek egonaldi bat beteko dute DIPCen eta CFMen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/05

Irudia

Denis Itxaso Kultura eta Kooperazio Gipuzkoako diputatuak ‘Ellas investigan’ eta ‘Baratzetik merkatura’ proiektuak aurkeztu ditu gaur goizean. Proiektuok Gipuzkoa Cooperaren markoan eramango dira aurrera hauekin lankidetzan: Mujeres por África fundazioa; DIPC, Donostia International Physics Center, Centro de Física de Materiales (CFM; CSIC eta EHUren zentro mistoa); eta ASPEGI emakume profesionalen eta enpresarien elkartea. Prentsaurrekoan parte hartu dute María Teresa Fernández de la Vega Mujeres por África fundazioaren lehendakariak, Pedro Miguel Echenique DIPCeko lehendakariak, Javier Aizpurua CFMko lehendakariak, Nerea Ibañez García ASPEGIko presidenteak eta Sophia Mlote Tanzaniatik datorren emakume ekintzaileak.

Gipuzkoa Coopera Aldundiak 2017an abiarazitako proiektu bat da, xede duena Garapenerako Lankidetza sustatzea, lankidetzan ohikoak ez diren baina Gipuzkoan eta kanpoan ongi errotuak dauden erakundeetara zabalduz.

Proiektu hauek bi ardatz nagusi dituzte; batetik, Afrikari buruz dagoen diskurtsoarekin eta ikuspegi bakarrarekin amaitzea (izan ere, kontinente hartan bikaintasunak, zientziak, ikerketak eta ezagutzaren garapenak ere badute presentzia), eta, bestetik, aukera bat ematea afrikar emakumeei, bikaintasun horren iturri eta oinarri diren aldetik.

Mujeres por África fundazioa erakunde pribatu bat da, María Teresa de la Vega Gobernuko lehendakariorde ohiak 2012an abiarazi zuena, xede duena Afrikaren garapenari laguntzea bertako emakumeen bidez. ‘Ellas investigan’ fundazioak abiarazitako ekimen bat da. Helburua da zientzia eta teknologia emakumeen eskura jartzea, haien ikertzaile ibilbidean laguntzea, haien lorpenei ikusgarritasuna ematea eta hain lidergoa sustatzea nazioarteko komunitate zientifikoan. Proiekturako lehentasunezko lan eremuak dira; osasuna; energia, ura eta aldaketa klimatikoa; eta nekazaritza eta elikaduren segurtasuna. Afrikar emakume ikertzaileak Espainiako zentroetara ekartzeaz gain, ‘Ellas investigan’ proiektuak afrikar emakume zientzialarien sareak sustatuko ditu, espainiar eta europar sareen lankidetza bultzatuko du eta baterako proiektuak indartuko ditu, bai boluntarioak, bai mundu akademikoaren, ikerketa zentroen eta industriaren arteko eskualdeko eta nazioarteko lankidetzak.

Marko horretan, bi afrikar emakume ikertzailek ikerketa egonaldi bat egingo dute, sei hilabetekoa, DIPCen eta CFMen, ondoren beren unibertsitate eta ikerketa zentroetara itzultzeko konpromisoarekin, hartara bi noranzkoko sare internazionalen harreman sareak itzultzeko eta sortzeko.

Mujeres por África fundazioaren iritziz, “gaur egun, ezagutza garapenaren eta aurrerapenaren oinarria da. Ikerketa zientifiko eta teknikoak, beraz, gure gizarteen sare sozial, ekonomiko eta ekoizlean oinarrizko rol bat bete behar du. Egun Afrikarentzat erronka bat da, herritarren artean aberastasuna eta etekinak banatzeko, ustiapen justu eta begirunezko bat, eta, horretarako, beharrezkoa da zientzia, ikerketa eta berrikuntza izatea. Eta bide horretan emakumeek izan nahi dute eta izan behar dute”.