euskaraespañol

Gaurko irudia

Iraunkortasunari buruz hitz egiterakoan kontuan hartzen diren kontzeptuak

UPV/EHUren Udako Ikastaroak Fundazioak garapen iraunkorraren arloko kontzeptu garrantzitsuenak deskribatzen dituen ikus-entzunezko hiztegia kaleratu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/24

Irudia

UPV/EHUren Uda Ikastaroek “Iraunkortasunari buruzko ikus-entzuenzko hiztegia” argitaratu dute. Audio eta bideo formatuan egindako hiztegia da, eta herritar guztien eskura jartzen du aditu onenen ezagutza iraunkortasunaren arloko kontzeptu garrantzitsuenak deskribatzen dituzten pilula laburren bidez.

Hiztegia ikasleei ez ezik, publiko orokorrari dago zuzenduta, hau da, iraunkortasunari buruz maiz aipatzen diren kontzeptuak ikasi behar izan eta ulertu nahi dituzten guztiei zuzenduta. Ingurumenaren gaia oraintsukoa ez bada ere, kontzeptu berriak sartu dira eremu horretan, eta horiek definitu beharra dago. Ikus-entzunezko Hiztegiaren bidez, iraunkortasunaren hainbat arlotako adituek ahalbidetu egiten dute beren definizioekin iraunkortasunaren arloko kontzeptu garrantzitsuenak modu zorrotz eta argian uler daitezen.

Baliabide hori Donostia Sustainability Forum (DSF) plataforman dugu jasorik, eta UPV/EHUren Uda Ikastaroak Fundazioak sortutako ekimena da, iraunkortasunaren erronken inguruan ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegia kontuan hartuta herritarrek parte hartu eta zabaltzeko.

Honakoak dira DSF plataformaren helburuak: iraunkortasunari buruzko eztabaida sozialak zabaltzea, zientzialari eta ikertzaile, gizarte eragile publiko eta pribatu eta herritarrek parte har dezaten bilatuz; eta iraunkortasunari buruzko eduki zientifikoak eskaintzea gazteak eta profesionalak prestatzen laguntze aldera.

Edukiak 5 erronkatan egituratzen dira:

  • Ekosistemak eta baliabide naturalak
  • Elikadura, osasuna eta tokiko garapena
  • Energia, mugikortasuna eta hiriak
  • Enpresa iraunkortasuna eta ekonomia zirkularra
  • Ingurumen komunikazioa eta hezkuntza

Plataformaren bidez, DSF delakoak hainbat ekimen jartzen ditu herritarren eskura. Horrela, GazteON ekimenaren bidez, gazteek gazteentzako edukiak sortzen dira. Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren bi bekari esker, bi gazte Gipuzkoako mapa interaktiboa garatzen ari dira, eta ikertzaile gazteekin albisteak eta elkarrizketak biltzen dituen ingurumen egutegi bat ere bai.

Bestalde, urtean zehar egiten diren Iraunkortasunerako Elkarrizketek aukera ematen dute iraunkortasunaren esparruan erreferentziazko pertsonez baliatzeko. Doako hitzaldiak dira, aurrez aurrekoak eta online modalitatekoak, eta gonbidatuek iraunkortasunaren arloko erronken berri ematen dute zuzenean. Horrez gain, hausnarketarako eta parte hartzeko gonbita egiten dute zientzian eta ingurumenean adituak diren kazetariekin hitz eginez. Jarduera horiek DSF plataforman daude eskuragarri.

Gainera, UPV/EHUren Uda Ikastaroak programak gero eta eduki gehiago eskaintzen ditu iraunkortasunari buruz. Azken bi edizioetan 69 ikastaro egin dira arlo horretan. UPV/EHUren Uda Ikastaroen XLI edizio honetan 32 ikastaro programatu dira definitutako 5 erronkei aurre egiteko.

Bi urte hauetan 6.242 pertsona igaro dira DSFren esparruan, 25.000 pertsona urteko iritsi dira plataformaren bidez eta 412.000 pertsona urteko sare sozialetan.

Itziar Alkorta Uda Ikastaroak programako zuzendariak azaldu duenez, “ekimen horiekin, gure planetaren iraunkortasunaren aldeko ahalegin kolektiboa partekatzen dugu, gure jarraitzaileekin elkarrizketa emankorra lortu nahian”.

DSF gauzatu ahal izan da BBVA Fundazioaren eta EAEko hiru lurraldeetako erakundeen parte hartzeari esker: lHOBE-Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasuna eta Ingurumen Sailari atxikitako ingurumen jarduketarako sozietate publikoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentua eta Donostiako Udala.